INFO

Alavesek bazkide txartel berezia aterako du emakumezkoen taldea ikusteko

Emakumezkoen taldea bultzatzeko emango dituen urratsetako bat da, sare sozialetan kontu propioak martxan ipintzearekin batera. Arabarrak Lehen Mailara igo daitezke igande eguerdian bigarren dagoen Osasunaren emaitza berdindu edo hobetzen badute.

Alaveseko jokalariak, gol bat ospatzen aurtengo denboraldian. (Endika PORTILLO / FOKU)

Alavesek bazkide txartel berezia aterako du datorren denboraldian emakumezkoen lehen taldea jarraitu nahi dutenentzat. Halaxe azaldu du talde gasteiztarrak, emakumezkoen taldea bultzatzeko beste urrats batzuk ere emango dituela gaineratuz.

Esaterako, sare sozialetan –Twitter eta Instagram– kontu berriak ipiniko dituzte martxan emakumezkoen taldearen informazioa jorratzeko, gizonezkoengandik bereizia.

Albiste hauek aste oso berezian eman ditu ezagutzera Alavesek. Izan ere, asteburu honetan Lehen Mailara igo daiteke emakumezkoen taldea. Reto izenarekin ezagutzen den Bigarren Mailako azken jardunaldia jokatuko da igande eguerdian eta gasteiztarrek sekulako lehia izan dute denboraldi osoan Osasunarekin igoera ematen duen lehen postua lortzeko.

Azken jardunaldiaren faltan Alaves dago lehen postuan 52 punturekin, eta Osasunak 51 ditu, bat gutxiago, bigarren postuan. Atletico B taldeari bisita egingo diote arabarrek eta Osasunak Racingen aurka jokatuko du Santanderren. Alavesek nahikoa du gorritxoen emaitza berdintzea igoera eskuratzeko.

Raul Llonaren agurra

Bestalde, Raul Llona gizonezkoen bigarren taldeko entrenatzailea eta kluba akordio batera iritsi dira bi aldeen arteko lotura apurtzeko. Errioxarrak otsailaren 9an hartu zuen taldea eta bi hilabete beranduago bere kargugabetzea iragarri zuen klubak. Nolanahi ere, Alavesek bere «konpromisoa eta inplikazioa» nabarmendu ditu eta «zorterik onena» opa dio bere hurrengo helburuetan.