INFO

Anadolu Efesek 2020an irabazi ez zuen Euroliga nahi du; Bartzelonak, bere hirugarrena

Coloniako Final Fourreko faborito biak ariko dira nor baino nor igandean 20.30etatik aurrera. Faboritoak, bai, baina biek ala biek erakutsi dute ez direla garaiezinak. Besteak beste, Shane Larkin eta Pau Gasolen gorabeherak zeresana izango dute finaleko azken emaitzan.

Anadolu Efes eta Bartzelonaren arteko Fase Erregularreko bi neurketetan turkiarrak nagusitu dira. (EUROLEAGUE.NET)

Finalerdiak asko kostata irabazi arren, Anadolu Efes eta Bartzelona, Euroliga irabazteko faborito biak iritsi dira Coloniako 2021eko Final Fourreko finalera. Ez da giro izango igande gauean, 20.30etatik aurrerako partida nagusian, talde biek ala biek erakutsi baitzuten ostiralean nornahiri irabazteko gai diren bezala, ez direla garaiezinak, ezta gutxiagorik ere.

Esaterako, Anadolu Efesek ia laurden bakarrean 21 puntuko aldea galdu zuen CSKA Moskuren aurka eta errusiarrek partida irabazteko jaurtiketa izan zuten. Bartzelonak ere, aurreneko erdian markagailua menpean izanagatik, Kevin Punter Armani Milanoko hegalekoak ia eman zion disgusto galanta; markagailua 82na zela hirukoa huts egin zuen Punterrek berak eta azken segundoan Cory Higginsek –Michael Jordan berberaren besoetakoak, alajaina!– sarturiko saskiratze batek eman zion garaipena Barçari, luzapenera buruz aurrera zihoazela.

Hargatik, ez dago faboritorik. «Euroligak Final Four bat zor dio Efesi», esan izan du sarritan Ergin Ataman entrenatzaileak, iazko Euroliga bertan behera geratu zelako. Alabaina, nahiz eta Vasilije Micic izan denboraldiko MVPa, Shane Larkin ez da iazkoa, tarteka bikain aritu arren.

Bartzelonak 2010ean irabazi zuen bere azkeneko Euroliga eta harrezkero ez du finalik jokatu. Fase Erregularreko liderra izan da, baina Pau Gasol iritsi izanak erabat aldatu du taldea. Pibot katalanak onerako eta txarrerako Barça erabat aldatu du, eta talentuz adina zalantzaz bete du. Izan ere, 40 urte, 10 hilabete eta 22 egunekin, sekula Euroligako finala jokatu duen jokalaririk zaharrera ere izango da Pau Gasol.

Horren harira, pibot katalanak oinak lurrean ditu. «Bartzelonara itzultzeko motibazio bat Euroligako finala jokatzea zen, eta nire adinean, jokalari bezala ibilbide motza geratzen zaidala, finalaz ahalik eta gehien gozatzen saiatuko naiz».

Jasikevicius: «Nahi genuen lekuan gaude»

Sufrimenduak sufrimendu, faborito nagusiak daude finalean, eta hala adierazi du Saras Jasikeviciusek berak ere finalaren atarian. «Denboraldiaren hasieran nahi genuen lekuan gaude. Finalerdietan defentsan akatsak egin baditugu, kontuan izan behar da finaleko arerioa are eta hobea dela erasoko jokoan. Beraz, gure defentsa moldatu beharko dugu», esan du Bartzelonako entrenatzaileak.

Bartzelonak berak Nick Calathes galdu zuen finalerdian orkatila okertu baitzuen antolatzaileak. «Ez du ezer larririk, baina partida hasi aurretxoan ikusiko dugu jokatzerik izango duen ala ez», esan du horren harira Jasikevicisek.

Anadolu Efeseko Ergin Atamanek, berriz, Shane Larkin izan du ahotan. «Finalerdian ez zuen bere eguna izan, baina ziur nago finala irabazten badugu, bere lanari esker izango dela», bota du.

Denboraldi honetan Efes eta Bartzelonak elkarren aurka jokaturiko bi neurketetan turkiarrak nagusitu dira. Sinan Erden Sports Hallen 86-79 irabazi zuten Ergin Atamanen gizonek Larkin –23 puntu, 7 errebote eta 8 asistentzia–, Micic –17 puntu– eta Simonen –16 tantu– lan apartari esker. Palau Blaugranan berriz, 86-88 nagusitu zen Anadolu Efes orduan ere, Micicen 26 punturekin, gehi Larkin eta Sanliren lan bikaina lagun.

Partida horietan bietan Pau Gasol ez zegoen Bartzelonako jokalarien artean. Neurri baten Bartzelonaren jokoa aldatu egin da Gasol anaietan zaharrena «etxera» itzuliz geroztik. Bada, ikusi egin beharko da bere bertute eta gabezien konbinaketa horretan bi taldeetatik zeinek aterako duen probetxurik handiena.