INFO

Bizikidetza «bazterketarik gabe» eraiki behar dela gogoratu die Memoria Osoak erakundeei

Gasteizen astearte honetan irekiko den zentroaren «planteamendu diskriminatzailea» salatu du Memoria Osoa sareak. Elkarretaratze bat deitu du biharko, 12.00etan Foru Plazan. Bertan bizikidetza «inolako bazterketarik gabe eraiki behar dela» gogoratuko die erakundeei. 

Gasteizen Memoria Osoa sareak egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Memoria Osoa sarea osatzen duten elkarte memorialistek dei egin diete herritarrei astearte honetan, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren inaugurazio egunean, izango den mobilizazioan parte hartzera, «zentro horren planteamendu diskriminatzailea» salatzeko. Elkarretaratzea deitu dute 12.00etan, Gasteizko Foru Plazan, espainiar Gobernuak aurrera eraman duen zentrotik gertu.

Nerea Martinezek eta Josu Ibargutxik agerraldi batean azaldu dutenez, Memoria Osoa sarea abenduan aurkeztu zen, «memoria eta gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketak ikuspegi integral eta ez diskriminatzaile batetik lantzeko beharra aldarrikatzeko». «Ordutik salatu izan dugu Gasteizen eraikitako zentroa bizikidetzaren aurkako erasoa dela, planteamendu baztertzaile batean oinarritzen delako: Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima kanpoan uzten ditu», adierazi dute.

Eta zentro horrek bere edukiak antolatzeko erreferentziatzat hartzen duen data 1960a dela salatu dute. Haien esanetan, «data hori guztiz ausazkoa da diktadura frankistaren erdian, eta ez dator bat Estatu terrorismoak bere forma ugarietan lehenago eta geroago eragindako sufrimenduaren mapan jaso behar den errealitatearekin: fusilamenduak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, tortura...».

«Asko dira gurean indarkeria adierazpen anitzek eragin dituzten zauriak, gatazka-hamarkada luzeetan. Ez ditugu ahaztu nahi eta ezin ditugu ahaztu pairatu ditugun giza eskubideen urraketa horiek guztiak», nabarmendu dute, baina deitoratu duten bezala, «tamalez, gaurkoan, gure memoria kolektiboa modu zatikatuan jorratzen duen eta errealitatearen zati handi bat baztertzen duen zentro bat nola zabalduko duten ikusi beharrean gaude».

«Hori arazo bat da bizikidetzarako. Une historiko honetan, giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eta dinamika eraikitzaileak, integralak, behar ditugu. Memoria Osoa sareak uste du bakea eta bizikidetza eraikitzeko abiapuntua beti izan behar dela pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea», gaineratu dute.

Gertuko erakundei zuzendutako mezua

Hala, «bizikidetza adiskidetsu eta demokratikoa» sustatzea gizarte osoaren erantzukizuna dela azpimarratu dute, «eta botere publikoen betebeharra». Zentzu honetan Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren kudeaketa aurrera eramaten duen taldean Lakua, Arabako foru Aldundia eta Gasteizko Udala daudela gogoratu dute. «Mintzen gaitu horrelako planteamendu diskriminatzailea duen eraikina irekitzea gertuko erakundeen babesarekin», esan du Martinezek, eta patronatua utzi beharko luketela adierazi du. «Gizarte osoa ordezkatzen duen erakunde batek ezin du bultzatu ikuspegi diskriminatzailea duen zentroa».

Mezu hori errepikatuko dute bihar Foru Plazan, eta «giza eskubideen urraketa guztiak barne hartuko dituen memoria integral batean oinarritutako dinamikak martxan jartzeko beharra» aldarrikatuko dute. Izan ere, «bizikidetza inolako bazterketarik gabe eraiki behar da». «Bizikidetzak ezinbestean exijitzen du gizarte osoak bere burua ordezkatuta sentituko duen ekimenak abian jartzea. Inola ere ezin da isilarazi alde batek bizi duen errealitatea».