INFO

18 aste triatloierako zaletasunaren sugarra pizteko

Gazteei eta bereziki emakumeei dago zuzenduta '18 Astetan Triatleta'. Urriaren 9an izango da Sprint distantziako triatloi froga eta bertan parte hartzeko 18 asteko entrenamendua prestatu dute 'Triatloia Maite Dut' egitasmoak.

'18 Astetan Triatleta' erronka.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Erronka berri bat sortu du Triatloia Maite Dut egitasmoak: '18 Astetan Triatleta'. 18 astetan, asteroko entrenamendu taula jarraituz eta , urriaren 9an Sprint distantziako triatloia osatzeko gai izatea; hau da, 750 m igerian, 20 km bizikletan eta 5 km korrika. «Egitasmoaren hamarkada borobiltzeko sortu dugun erronka ero eta berezia da», azaldu digu Amaia Zabalak, Triatloia Maite Dut egitasmoaren komunikazio arduradunak.

Gazteei eta emakumeei dago zuzendua bereziki, «Parte-hartzaileen batezbesteko adina 20 urteren bueltan dago, baina 40 eta 50 urte dituzten partaideak ere baditugu» aitortu digu Amaiak. Dagoeneko 80 parte-hartzaile bildu ditu erronkak. 

Erronka burutzen arituko diren hiru gazte, beraien sareetan asteroko gorabeherak kontatuz joango dira: Izaro Bereziartua (18 urte), instagram sarean 40.000 jarraitzaile dituena, Julen Portillo (26 urte) umorearekin eta lotsarik gabe sareetan aktibo dabilena eta Kai Nakai (25 urte) euskal reggaetoi abeslari gasteiztarra. «Komunitate bat sortuko du erronkak, eta elkarri lagunduko diogu» esan digu Izaro Bereziartuak. 

Ekainaren 7an abiatuko da erronka, eta izena emateko epea oraindik zabalik dago.

2011 urtean, Arazi eta Fitgüne enpresek beraien indarrak batu zituzten helburu bakar batekin: triatloia gazte zein emakumeengana gerturatzea. Futbola, saskibaloia eta eskubaloiak betetzen zuten eskola kiroleko egutegia, eta nerabezaroa gerturatzean, askok kirola egiteari uzten zioten, batez ere neskek. Triatloia helduentzat zuzendutako kirola zen, eta oso muturrekoa gainera. Kontzeptu hauek hankaz gora jartzeko nahiarekin eta gazteen artean triatloia sustatzeko gogoz jaio zen Triatloia Maite Dut. Egitasmoak balioak sustatzeko plataforma bat izan nahi du, berdintasuna, laguntasuna, izaera aktibo eta positiboa bultzatu eta euskaraz kirola egiteko aukera bermatzea.

Dagoeneko ibilbide luze bat egin dute eta ehun ekintza inguru antolatu dira egitasmoaren baitan, kirol udaleku, triatloi proba eta nerabeei zuzenduriko ekintzetan. Urtero 1.300 gaztek baino gehiagok hartzen dute parte Triatloia Maite Dut egitasmoko jardueretan.