INFO

Erresuma Batuak ez du covid-19ak eragindako hildakorik izan 24 ordutan, lehen aldiz

Lehen aldiz, Erresuma Batuak ez du hildakorik izan covid-19aren ondorioz 24 ordutan. Hala ere, Indiako aldaeraren eraginez, kutsadura-kopuruak hazten jarraitzen du, eta mikrobiologoek konfinamenduaren altxatze osoa atzeratzea gomendatu dute.

Emakume bat autobus-geraleku batean, Hounslowen, Londresko mendebaldean. (Justin TALLIS/FOKU)

Erresuma Batuak ez du izan covid-19ak eragindako heriotza bakar bat azken 24 orduetan, eta 2020ko martxoan pandemia hasi zenetik lehen aldiz gertatu da hori.

Hala ere, beste 3.165 kutsatze jakinarazi ditu, Estatuko Osasun Ministeriok asteartean zabaldutako datuen arabera. Positiboen kopuru eguneratua duela astebete baino handiagoa da (2.493), nahiz eta astelehen honetakoa (3.383) baino txikiagoa izan.

Informazio hori oso momentu kezkagarrian jakinarazten da herrialde honetan, Indiako aldaeraren kasuak ugaritu egin baitira, eta, ondorioz, komunitate zientifikotik Gobernuari dei egin diote murrizketa guztiak kentzeko programatutako data, ekainaren 21ekoa, atzeratu dezan.

Zehazki, Londreseko Gobernuaren aholkulari eta mikrobiologo Ravi Guptak astelehenean jakinarazi zuen Erresuma Batua hirugarren kutsadura-bolada baten ertzean dagoela, hain zuzen ere Indiako anduiak bultzatuta.

BBC kateari egindako adierazpenetan, Guptak ohartarazi zuen infekzio berrien kopuru osoa txertaketa-programaren ondorioz txikia den arren, kasu positiboak «esponentzialki» hazten ari direla, eta «horietatik gutxienez hiru laurden Indiako andui berrikoak dira».

Herrialdean, 39 milioi pertsonak baino gehiagok hartu dute txertoaren lehen dosia –populazioaren %74,8a–, eta 25 milioi pertsonak baino gehiagok bi dosia –populazioaren %48,5a hain zuzen ere–.