INFO

Rezusta eta Zabaleta bat datoz finala jokatzeko merituak Artolak egin dituela esaterakoan

Igandeko partidaren zailtasunaren jabe diren arren, biak gustura agertu dira aspaldiko partez atzelari baten aurka Buruz Buru jokatzeko aukera izateaz.

Rezustak eta Zabaletak ez dute finalean egoteko aukeran pentsatu nahi. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ukaezina da Iñaki Artolaren lesioak eta alegiarra finala jokatzeko moduan egongo den inguruan sortu den ziurgabetasunak garrantzi berezi bat eman diola igandean Irunen Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak jokatu beharreko partidari; gatzik gabeko hirugarren posturako lehia bat izatetik, finalerako atea zabal diezaioke Urantzun 22ra heltzen denari. Hala ere, partida hau jokatu behar duten bi atzelariak bat etorri dira Jokin Altunaren aurka jokatzeko merituak Baikoko aurrelariak egin dituela nabarmendu eta ekainaren 20rako prest egon dadila opatzerakoan.

Gaur egin dute Aspeko bi pilotariek partida horretarako material aukeraketa eta finalean sartzeko aukeraz galdetuta, Bergarakoa oso argia izan da. «Espero ezetz, garbi esanda. Finalean egoteko merituak berak egin ditu, Iñakik egin ditu eta, egia esan, ez dakit zenbaterainoko lesioa duen, astebete atzeratzea eskatu badu  izango da  esperantza duelako errekuperatuko dela. Gustura jokatuko nuke finala, baina neu heldu izan banintz, orain Iñakik berak egin ditu merituak eta ea ondo jartzen den», azaldu du finalerdietan alegiarrak kanporatutako pilotariak.

Antzera mintzatu da Jose Javier Zabaleta ere. «Kristoren pena izan da, nik uste berak merezi duela finala jokatzea, sekulako txapelketa egin du eta hemendik animoak bidaltzen dizkiot. Espero dugu hiru astetan ongi osatzea eta berak izan dezala finala jokatzeko aukera», azaldu du etxarrendarrak.

Momentuz, eta Artolarekin gertatzen denaren zain, bietako inork ez du igandeko partidaz harago begiratu nahi eta berez, hirugarren postuak ere ba omen du bere garrantzia. Gainera, azken urteetan zeresan gutxi izan ostean, atzelariek euren protagonismoa aldarrikatu dute aurtengo Buruz Burukoan eta txapelketako atzelaririk onena izateak ere motibatzen ditu. Hori bai, orain arte aurrelarien aurka jokatu ostean, igandekoa beste era batetako partida bat izango dela argi dute.

Atzelari dema

Gipuzkoarra urteren batean Albisuren aurka jokatuta dago, baina aurten Oinatz Bengoetxea eta Danel Elezkano kanporatuta heldu zen finalerdietara. «Jokatzeko era airera eta gutxiago izango da baino airera ere joan beharko dut ze Jose jotzen ari den bezala, derrigortuta zaude. Sakeak erantzuten eta gutxiago joango gara airera, pixka bat aldatzen da aurrelarien aurka aritzetik baina ni saiatuko naiz pixka bat aurrekoetan bezala aurrean bukatzen. Ea saketik asmatzen dudan, eta baita ea bera pixka bat mugitzen dudan ze zuzen jokatzen duenean ikaragarri jotzen dio eta ea mugitzen dudan.

Zabaletak ere izan du atzelariren baten aurkako partidarik, Untoria eta Albisuren aurka esaterako eta jokatzeko era aldatzen dela onartu arren, beretzat partidako giltza, gehienetan bezala sakean eta errestoan egongo da. «Sakeak erantzuten Altunaren aurka baino hobeto moldatu beharko dut».

Altunak igandean binaka jokatuko du

Aurkaria nor izango duen ez dakien arren, Jokin Altunak argi duena da finala astebete atzeratuko zaiola eta hiru astez partidarik jokatu gabe egotea luzeegi izan daitekeela iritzita, enpresari igande honetan partida bat jokatzeko eskatu dio. Hala, binaka ariko dira, Irunen bertan, Ladis Galarza lagun, Urrutikoetxea-Imazen aurka.