INFO

Nerea Loiolak ‘Epizentroa’ argitaratu du, zazpi ipuinez osatutako narrazio bilduma

Nerea Loiola Pikazak ‘Epizentroa’ (Erein, 2021) liburua eman du argitara, zazpi ipuinez osatutako narrazio bilduma. Lurrikarak ditu mintzagai, gorputz orok bizitzan pairatzen dituen horiek, eta hor, dardararen epizentro eta hipozentroaren artean, kokatu ditu pertsonaiak.

Nerea Loiola, ‘Epizentroa’ lana eskutan. (Gorka RUBIO/FOKU)

‘Epizentroa’ zazpi ipuinez osatutako narrazio bilduma aurkeztu du Nerea Loiola Pikazak astelehen honetan Donostiako Udal Liburutegian, Erein argitaletxearekin batera. ‘Harri bat poltsikoan’ (Erein , 2018) eta ‘Azken lanhütarra’ (Erein, 2019) haur literaturazko lanen atzetik, helduentzako lehen ipuin bilduma du ‘Epizentroa’ idazle eta ingeniari debarrak.

Azken lan honetan, bizitzaren ohiko lurrikaretan pausatu ditu Loiolak ipuinetako zazpi protagonistak, emakumeak denak, eta hortik datorkio izena lanari, barruko ipuinetako batekin konpartitzen duena.

Liburuaren aurkezpenean egileak azaldu du epizentroaren definizioa «gorputzetara ekarri» nahi izan duela, hala egunerokotasunean bizitzen diren sismo txikiak, nola gorputzok astintzen dituzten lurrikarak sortzen dituzten aldizkako momentuak, izan «haur bat izaterakoan, harreman bat amaitzerakoan edo lan aldaketak»; finean, esan du, «sistemak ezartzen digun ustezko zoriontasun horren konstrukzioan ematen direnak», onak edo txarrak izan daitezkeenak.

‘Epizentroa’-ren gakoa da, baina, lurrikara horiek nondik datozen ulertzea. Zeren, eta Nerea Loiolak hala azpimarratu du, gauza bat da «non, nola eta noiz» sentitzen duzun lurrikara, eta bestea «non, nola eta noiz» sortu zen, non den hipozentroa». «Zer gertatzen da: lurrikara horiek ikusi, nabaritu, lurrazalean nabaritzen ditugula, azaletan, gorputzetan. Ikusten duguna oso urruti dago mugimendu sismikoaren fokutik. Eta ari naiz, noski, besteek izandako lurrikaretatik ikusten dugunaz; baina ari naiz, baita ere, eta bereziki, geure buruez», esplikatu du Loiolak.

Ataka lohitsu horretan ezarri ditu, beraz, ipuinetako pertsonaiak: iragana eta orainaren arteko dantzan, lurrikaren sorleku eta epizentroetan; egoera konprometitu bitaletan. Hots, amildegietan: «Alde batetik dagoelako erabakiak hartzeko ataka konplikatu hori; eta, ondoren, askotan zailagoa izaten dena, erabakitako hori benetan gauzatzearena».

«Irudikatzen ditut pertsonaiak batzuetan pentsatzen: orain lehertu den hau, noiz hasi zen dardaratzen?; eta beste batzuetan, berriz: Orain sentitzen dudan dardara hau, zein lurrikaretakoa da? Batzuetan pertsonaiak kontziente dira iraganarekiko edo etorkizunarekiko loturaz eta beste batzuetan ez», agertu du debarrak.

Distantziak

Nerea Loiolak ‘Epizentroa’ lanean jaso dituen zazpi ipuinak ez dute haien artean loturarik, badira nobelara gerturatzen diren ipuinak, distopikoak edo kutsu poetikoa dutenak, baina badira gai batzuk errepikatzen direnak; maitasuna, gurasotasuna, desioa edo sexua, kasurako eta, ororen gainetik, «harremanetan ezarritako ardatzak» eta horien inguruko aferak. Harreman horien simetria eta asimetriak xehetasunez kontatu ditu egileak, detaileari beha, keinuei adi.

Dena den, ipuinek badituzte konpartitzen dituzten elementuak. Protagonista denak emakumeak dira eta horietako asko, Loiolak onartu duenez, berarengandik «oso urruti» kokatzen dira. Esan du distantzia eman ziela pertsonaiei, «gai batzuk mahai gainean jarri» eta bere buruarekin «zintzoa izan ahal izateko». Horrela, agertzen da haur bat ‘Itsaso zuria’ ipuinean, protagonista lesbiana da ‘Cusine et Santé’n edota migrantea ’17.03’ ipuinekoa.

Aurkezpenarekin amaitzeko, ‘Epizentroa’ liburuko pasarte bat irakurri du Loiolak: «Ikaratu egin da ulertu duenean bat-batean nabarmena egin zaion errealitatea aspalditik duela bere. Aitortu behar duelako: eroso dago. Erosoa zaio nola sentitu behar duen besteek bideratzea, besteek erabakitzea. Hala, existitzera muga daiteke bera, bere buru kulunkariaren maizter izatera. Besoak zabaldu, eta, datorrenari zainetan txirikordatzen utzi. Eta hondoa jotzen badu, txirikordatutakoa askatu ezingo duen arren, ez du erruaren lasta bere gain hartu beharrik izaten. Lau egunez jarraian aurrez prestaturiko fideo japoniarrak jatearekin, kito».