INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

«Nik ere aitatxo eta amatxoren muxuak nahi ditut»; motxiladun umeak 15 hile besarkadarik gabe

Pandemia hasi zenetik motxiladun haurrek euren aita, ama edo biak besarkatzeko aukerarik gabe daramatzatela salatu du Sarek bideo baten bitartez. Egoera honek kalte nabarmenak sortzen dituela gogoratu du eta presoen Euskal Herriratzera oinarrizko urratsa dela azpimarratu du.


Sare sozialetan argitaratutako bideo baten bitartez, Sarek motxiladun haurrek bizi duten egoera salatu du. Izan ere, Pandemia hasi zenetik, eta bisean biseko familiarrak eten zituztenetik, euren aita, ama edo biak besarkatzeko aukerarik gabe hilabeteak daramatzate.

Sarek azaldu duenez, haur batzuek, 15 hilabete hauetan, aita edo ama hiru-lau aldiz soilik ikusteko aukera izan dute eta Beste batzuek 15 hilabete luze igaro dituzte euren gurasoen muxurik jaso gabe.

«Honek ondorio zuzenak dakartza haur hauen eta bere gurasoen arteko harremanean, umezurtz sentipena sorraraztearekin batera. Haurrentzako oso zaila da egoera hau ulertu eta sortzen dizkien barne-sentipenak kudeatzea», azaldu du.

Egoera honek «kalte nabarmenak» sortu dituela azpimarratu du, eta horregatik bisean bisekoak berreskuratu eta «haur hauen eskubideak lehen lerrora ekarri nahi dituela dio Sarek.

«Beharrezko neurriak hartzeko eskatzen ari gara, familia eskubidea eta espetxealdiak ezin dutelako elkar-talkan egon. Bide honetan, oinarrizko urratsa da guraso diren presoak Euskal Herriratzera, haurrak euren gurasoengandik gertu egon eta halako egoerak errepika ez daitezen», adierazi du Sarek.

«Hemen nire lagunek aitatxo eta amatxo besarkatzen dute eta nik ezin dut. Kristal baten atzean bakarrik ikus dezaket. Nik ere aitatxo eta amatxoren besarkada eta muxuak jaso nahi ditut», dio motxiladun haur batek bideoan.