INFO

Basaurin izandako eraso homofoboa salatu dute milaka lagunek

Hainbat eragilek deituta, milaka pertsonek Basaurin larunbatean izandako eraso homofoboa salatu dute eta horrelakoak berriz ez gertatzeko neurriak aldarrikatu dituzte. Erakundeei haien politikak aldatzea eskatu diete.

Basaurik izandako azken eraso homofoboa salatzeko manifestazioa. (Monik DEL VALLE/FOKU)

Milaka pertsonek Basaurin ekainaren 6an izandako eraso homofoboa salatu dute ostegun arratsalde honetan udalerri bizkaitarrean. Horrelakoak berriz ez gertatzeko neurriak aldarrikatu dituzte.

Erasoa igande goizaldean gertatu zen, 13 gazte Ekain Perrinorengana hurbildu zirenean, eta hainbat ukabilkada eta ostikada eman zizkiotenean, irain homofoboak oihukatzen zituzten bitartean.

Ekain, 23 urtekoa, Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten. Poliziak 9 erasotzaile identifikatu ditu.

Basauriko Asanblada Feminista (BAF), Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista, Hego Uribeko neska gazteak, Txarraska Gaztetxea, Koordinadora 28J, Intifada Marika, EHGAM, Sare lesbianista, Ozen! Taldea, Iris Taldea, Ukatu Uribe-Kosta eta Harro! plataformak deitutako gaurko manifestazioak 19.00etan abiatu da Basauriko Udaletxetik eta eraso homofoboa gertatu zen Bizkotxalde  parkean bukatu da.

Manifestazioan bitartean «Erasorik ez, erantzunik gabe» eta «Ekain, Basaurik zurekin dago» bezalako leloak entzun dira.

Ekainen ama, Silvia Gomez, manifestazioan egon da pankarta eramaten, eta argi mintzatu da: «Parke honetara datozen gazteek ezin dute horrelako erasorik jasan. Hil egin zezaketen. Erasotzaileek egindakoagatik ordaindu behar dute, ez dut zigorgabetasunik nahi. Halaber, eskerrak eman dizkie manifestaziora gerturatu den jendeari eta EH Bilduri auzia Gasteizko Legebiltzarrera eramateagatik. «Ez gara geldituko justizia egon arte», bukatu du.

Manifestazioaren amaieran, protesta deitu duten eragileek manifestu bat irakurri dute, gertatutakoa salatuz eta «mota guztietako eraso diskriminatzaileak gaitzeztuz».

«Uste dugu beharrezkoa dela gizarte egitura ereduan sakontzea, hori baita horrelako erasoei bide ematen diena. Gorputzei ezarritako dominazio sexualaren sistema egunero egunero gutako bakoitzari existentzia baztertu eta ukatzera iristen da», adierazi dute.

«Konbentzionalismo sozial horretatik kanpo erdigunean jarri nahi ditugu arau patriarkaletatik kanpo geratzen diren beste guztiak, periferietan eta bazterretan dauden beste horiek, bere identitate sexual ezkutatzera behartuta daudenak. Edozein indarkeria mota jasaten dugunok gizarte erantzuna behar dugu, langileena, emakumeena, genero disidenteena, pertsona arrazializatuena», aldarrikatu dute.

Era berean, erakunde publikoei neurriak hartzea eskatu diete, homofobiarik, transfobiarik, matxismorik, arrazakeriarik, misoginiarik eta senofobiarik gabeko balioetan hezteko eta gizartea osatzeko behar adina baliabideak jartzeko.

Ekain, esker onez eta hunkituta

Gertaeren lekuan egon ziren eta erasoa ikusi ahal izan zuten pertsona guztiei dei egin diete testigantza ematera, «betiere haien nortasunaren konfidentzialtasuna eta pribatutasuna kontuan hartuta».

«Bada garaia biktimek sufritzeari uzteko eta ekintza horien erantzuleak seinalatzeko. Erantzun egin behar dugu. Gure gizartea leku seguru bat bihurtzen lagundu behar dugu, urteko egun guztietan», amaitu du esaten.

Ekain hunkituta agertu da jasotako babes eta maitasun adierazpenengatik. «Eskerrak eman nahi dizkiet babesa ematera etorri diren guztiei, denok batera gaude honetan», adierazi du.