INFO

Espetxea eta gaixotasunaren inguruko film baterako crowdfunding kanpaina hasi du Sarek

Sare Herritarrak, Gastibeltza ekoiztetxearekin batera, Lander Garrok zuzendutako ‘Tipularen sehaska kanta’ film-dokumentala ekoitzi du, espetxea eta eritasunaren gordina nola bizitzen den azaldu asmo duena. Lana kaleratu ahal izateko crowdfunding kanpaina abiatu dute.


Miguel Hernandez idazle eta poetak bere semeari eskainitako poema batetik hartu du izena Garrok zuzentzen duen dokumentalak. 1936ko gerran preso hartua, 1942an zen du zen Hernandez espetxean, tuberkulosiak jota. Bertatik poema bat idatzi zion semeari, emazteak jatekorik apenas tipula baino ez zutela adierazten zion gutunei erantzunez.

Gertakari hori oinarri hartuta, honako galderari erantzuten saiatu da Garro, alde «politikotik baino, emozionaletik»: «1942an espetxeak hiltzea zentzurik ez bazuen jada, ba ote du zentzurik gaur?».

Sarek ohar batean gogorarazi duenez, egun 18 dira Euskal Herriko eta Estatu frantseseko zein espainiarreko espetxeetan larriki gaixo dauden euskal presoak. 36 dira, aldiz, gaitzak jota (fisikoa edo psikikoa) bizia galdu dutenak. «Ahaztu gabe –gaineratu du Sarek– espetxetik heriotza ate joka eta gaitzak atzera-bueltarik ez duenean kaleratu dituzten guzti horiek. 1942an bezalaxe, gaitza eta espetxearen arteko talkak heriotza zigorra izaten jarraitzen du oraindik ere».

Crowdfunding kanpaina martxan

‘Tipularen sehaska kanta’ film-dokumentalaren bitartez aipatu errealitate horrek sortzen duena erakutsi nahi dute. Horretarako, espetxea eta gaitza ezagutu dituzten pertsonekin, beren senideekin eta adituekin elkartu da Garro, besteak beste, haien bizipenak batu eta kontakizuna eraikitzeko.

Lana iraila eta azaroa bitartean estreinatza da asmoa, baina filma kaleratu ahal izateko crowdfunding kanpaina bat jarri dute abian, honako helbidean: https://vkm.is/tipularensehaska.

Hauxe da filmaren kartela: