INFO

Konponbidearen ibilbidea jorratu du Urrutikoetxeak epailearen aurrean, Parisen

Joan den urteaz geroztik behin eta berriz atzeratu duten auzia hasi da asteartean Parisen. 2017an frantziar Justiziak ezarri zion kondenari erantzuteko auziak hasiera gorabeheratsua izan du baina azkenean Josu Urrutikoetxeak epaileari bere ibilbidea azaldu ahal izan dio.

Josu Urrutikoetxeak Parisko Zigor Epaitegiaren aitzinean hitzordua du gaur asteartean arratsaldean. (Jagoba MANTEROLA)

Josu Urrutikoetxearen kontra bi prozedura zabalik ditu frantziar Justiziak. 2010an zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten errebeldian eginiko auzian. Iragan urrian behar zen errepikatu auzi hori. Alta, birritan gibelatua izan da prozedura.

Hasiera batean iragan otsailaren 22 eta 23an egiteko zen auziak, finean, bigarren atzerapena ukan zuen. Gauzak horrela frantziar Justiziak heldu den irailaren 13 eta 14rako hitzordua eman dio ETAren amaierako mezua irakurri zuen militanteari.

Bigarren auziaren ibilbidea ere gorabeheratsua izan da. Bi aldiz instrukzio fasera igorri zuten prozedura astearte eta asteazken honetan aztertuko ditu Parisko Zigor Auzitegiak. Urrutikoetxearen defentsak agerian jarri ditu lehenagotik bezala baita gaur arratsaldeko saioaren hasieran ere prozedurak izan dituen gorabeherak.

Urrutikoetxearen aurka baliaturiko akusazio txostenean –zehazki kokapen geografikoari buruz– atzemandako hainbat akats nabarmentzeaz gain agiri batean agertzen den sinadura faltsutua den susmoa mahai gainean jarri du defentsak.

Eztabaida bizia izan da, baina etenaldi baten ostean, arratsalde erdian, auzia abian emateko erabakia jakinarazi du epaimahaiak.

Hasi berri den auzian defentsak hainbat aditu deitu ditu lekuko gisara Josu Urrutikoetxeak gatazkaren konponbideari buruz jokatu zuen papera auziaren erdigunean jarri nahian. Hala nola dagoeneko bertze hainbat euskal presoren gaineko prozeduretan –hala nola 2018an Parisen egin zen Iñaki Reta eta Xabier Goienetxearen aurkako auzian– hitza hartu zuen Philipe Texier epaile ohiaren lekukotasuna baliatuko du defentsak.

Horren ondotik, Josu Urrutikoetxearen deklarazioa hasi da. Epailearen galdera zorrotzei erantzutearekin batera, dosierrean agertzen den denbora tartean soilik ez, oro har, konponbide prozesuaren dinamika ezberdinetan jokatu zuen paperari buruz hainbat azalpen emateko aukera izan du Urrutikoetxeak. Epailearen aitzinean azaldu du 2006az geroztik ez zuela ETAren baitan inolako ardurarik izan eta Ariege departamenduan bizi izan zela urteetan bizitza arrunta eramanez.

Horren ondotik, Oslon egitekoa zen negoziazio prozesuan (2011-2013) Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko ordezkari gisa aritu zela adierazi du. Norvegiatik kanporatua izan zela gezurtatu du Urrutikoetxeak; bai herrialde horretara joan zenean, baita frantziar Estatura bueltan etorri zenean ere, babes diplomatikoa ukan zuela berretsi du.

Epaiketa berandu hasi denez, epaileak lehenengo saioa Urrutikoetxearen itaunketarekin amaitzea erabaki du. Gaur asteazkenean entzunen dira defentsak deituriko hiru adituen lekukotasunak.

Hala, dagoeneko bertze hainbat euskal presoren gaineko prozeduretan –hala nola 2018an Parisen egin zen Iñaki Reta eta Xabier Goienetxearen aurkako auzian– hitza hartu zuen Philipe Texier epaile ohiaren lekukotasuna baliatuko du defentsak.

Iragan maiatzean frantziar Asanblea Nazionalean konponbide prozesuei buruz antolaturiko jardunaldietan hitz egin zuen Veronique Dudouet Berghof Foundation-eko buruak, bestalde, auzian hitza hartzea aurreikusita dago, baita Michel Wievorka soziologoak ere.

Defentsak deituriko hiru lekukoek epaiketaren bezperan bake negoziatzaileak babestearen beharra nabarmenduz zabalduriko manifestua izenpetu zuten.

Sostengu manifestua

Ekainaren 11n mundu osoko 370 pertsona esanguratsuk izenpeturiko adierazpen horretan azaltzen denez, gaur hasi den auzian «helburu terrorista zuen gaizkile elkarteko kide» izatea egotzi diote Ugaoko militanteari. Izan ere, Urrutikoetxeari leporatzen dizkioten akusazioak 2002 eta 2005 urteren artean «bake negoziazioak prestatzeko» buruturiko ekimenekin lotuta daudela nabarmendu dute sinatzaileek.

Era berean, ETA erakundeko militante historikoa 2010. urtetik aurrera gauzatu zen konponbidearen aldeko bide-orriaren «protagonista nagusietarikoa» izan zela oroitarazi dute «bakearen negoziatzaile ororentzat» eta beraz Urrutikoetxearentzat ere babesa eskatu duten sinatzaileek.

Hainbat Nobel saridun, diplomatiko eta estatuburu ohi, 70etik gora parlamentari, eta horien ondoan epaileak, gatazken konponbidean eta nazioarteko zuzenbidearen adituak, pentsalariak zein artistak batu dira Urrutikoetxearentzat babesa eskatzeko orduan.

Beraien esanetan auzi horrek ez dio Urrutikoetxeari soilik eragiten, arriskuan jarri ditzakeelako mundu zabalean pizturik dauden gatazkak negoziaketaren bidez bideratzeko egitasmoak. 

Gerry Adams, Elisabeth Kraakaas Rasmusson, Ken Koach, Monique Chemillier-Gendreau, Harold Good, Pierre Joxe, Victoria Sandino, Noam Chomsky, Eva Joly, Brian Currin, Christiane Taubira, Carles Puigdemont eta Paul Molac, besteak beste, aho beretik mintzatu dira Parisen epaituko duten «bakearen negoziatzailearentzat» babesa eskatuz.