INFO

‘Bertatik bertara’ kanpaina hasi du Uemak, turismoan euskara nabarmentzeko

Dozenaka udal eta garapen agentziarekin batera, udan bisitariei eta zerbitzu sektoreko arduradun zein langileei euskararen garrantzia ikusarazteko kanpaina da ‘Bertatik bertara’. Iazko arrakastaren ondotik, 300.000 mahai-gaineko banatuko dira herrietako taberna eta jatetxeetan.


Gaurtik irailaren erdialdera arte abian izanen du Uemak ‘Bertatik bertara’ kanpaina. Udako bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzea da helburua. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu, eta iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egin dute bat kanpainarekin.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du kanpainak.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Langileak trebatzeko online saioak

Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea giltzarria da, eta horretarako ere online saioak prestatu dituzte udaren atarian.

Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, «askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela».