INFO

Desobedientziaz, euskaraz erantzun dute Baxoaren filosofia azterketa 40 bat ikaslek

Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 bat ikaslek euskaraz erantzun dute Baxoaren filosofia azterketa. Onartu egiten dute haien azterketak ez dituztela zuzenduko, baina ekintza honekin «etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko bidea irekitzen» lagundu nahi dute.

Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 bat ikaslek euskaraz erantzun dute Baxoaren filosofia azterketa. (Bob EDME)

Gaur Baxoaren azterketa hasi dute Ipar Euskal Herriko ikasleek, filosofia ikasgaiaren probarekin. Eta atzo iragarri moduan, Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 bat lagunek euskaraz erantzun dute. «Desobedientziara jauzi egitea erabaki dugu gaur, kopiaren hastapenean euskaraz ikasteko dugun nahiaren berri eman dugu frantsesez eta gainerateko zatia euskaraz erantzun dugu», azaldu dute eguerdian egindako agerraldian.

«Batzuek halakorik uste ez duten arren, filosofia euskaraz ere egin daiteke». Azaldu dutenez, onartu egiten dute haien azterketak ez dituztela zuzenduko, baina ekintza honekin «etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko bidea irekitzen» lagundu nahi dute.

Frantziar Estatuak euskara eta gainontzeko hizkuntza gutxituen aurrean duen jarrera salatu dute. «Berak heriotzera kondenatu zituen hizkuntza gutxituen irakaskuntza oztopatu nahi du. Molac legea zentsuratu zuten gobernuaren ekimenez, euskarazko irakaskuntza antikonstituzionaltzat joz. Baxoa euskaraz pasatzeko debekua, bide beretik doa gure iritziz». Horren aurrean, gogora ekarri dute «ikastolak zuen baimenik gabe, ehundaka euskaltzaleren lan eta borrokari esker» eraiki zirela eta, adibideari jarraiki «eskubide berriak lortzeko» ez dutela baimenik eskatuko azpimarratu dute.

«Arazoa ez da frantsesez dugun gaitasuna, azterketako notek argiki frogatzen baitute gainerateko lizeoetako ikasleen pare ibiltzen garela. Euskaraz ikasketa eskubidean datza utzia. Azterketa honetan frantsesez erantzun behar izateak sinbolikoki ere euskarari garrantzia kentzen dio, euskarazko irakaskuntza bigarren mailan utziz», gaineratu dute ikasleek.

Bestetik, baxoko azterketa presentzialki egin behar izatea ere gaitzetsi dute. «Orain arte kontrol jarraiki bidez egin dugu baxoa, urte bukaeran aldiz, Fisosofiako azterketa eta ahozko handia frantsesez pasatzera behartzen gaituzte. Baxoko azterketa presentzialki egitea pedagogikoki desegokia dela salatzen dugu. Izan ere, iaz ikusi zen, pandemia garai hauetan dena kontrol jarraikiaren bidez egitea posible dela. Azterketekin aldiz, ikasleok egun batean jokatzen dugu gure nota, presioa eta estresa eragiten dute azterketa hauek».

Bestetik, «elkartasuna» igorri nahi izan diete Brebeta Euskaraz lortzearen alde borrokan ari diren ikasle, irakasle eta gurasoei. «Uztailaren 1ean, Donapaleun azterketak euskaraz pasatzeko aldarria entzunaraziko dugu. Gu ere bertan izanen gara eta hemendik mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu».

Egoera hauek aldatzeko «hezkuntzaren inguruko erabakiak Parisen, Bordelen edo Pauen hartu ordez hemen hartu ahal izatea» defendatu dute.

EH Bilduren babesa

EH Bilduk elkartasuna eta babesa agertu nahi izan die ikasleei. Era berean, iraskuntza prozesu osoa, baxoa azterketa ere bai, euskaraz egiteko duten eskubidea azpimarratu du Ikoitz Arrese legebiltzarkideak. «Desobedientzia keinu bat baino gehiago da gaurkoa. Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldarria, euskaraz ikasteko eta bizitzeko oinarrizko eskubidearen aldarria da gaur ikasleek egindakoa», adierazi du.

Gaurko ikasleen desobedientzia keinua «euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko uholdearen hastapena» izango denaren itxaropena agertu du EH Bilduko legebiltzarkideak.