INFO

Denboraldiak agur esango die Unbe, Lezama eta Zubietari azken aurreko jardunaldian

Eibarrek Huelvako Sporting-en bisita hartuko du larunbat honetan (11.30). Igandean, Sevillak Athletic bisitatuko du (11.00) eta Bartzelonak Reala (17.00). Bihar erabaki daiteke azken jaitsiera.

Aurreko jardunaldian mailan jarraituko duela segurtatu zuen Eibarrek Logroñon. (LaLiga)

Nazioarteko etenaldiaren ondoren, denboraldiko azken txanpari ekingo dio Lehen Mailak. Eta azken aurreko jardunaldiak euskal taldeen zelaiei esango die agurra.

Aurrekoan maila segurtatu ondoren, Eibarrek Huelvako Sporting taldearen bisita hartuko du larunbat honetan Unben (11.30). Astebeteko oporrak izan dituzte armaginek, eta eskertu ere bai, lanari berriro eutsi ondoren azken esfortzuak egiteko. Iker Dorronsorok zaila dela onartu du, «denboraldia oso luzea izan delako» eta helburua lortu dutelako dagoeneko baina taldeari «esan diogu dena eman behar dugula zelaian»

Bere borroka berean murgilduta egon den Huelvako Sporgingen aurka arituko dira gipuzkoarrak. Eta hori ez da antzekotasun bakarra Dorronsororen esanetan. «Guk egiten dugun bezala, talde moduan jokatzen duen taldea dela iruditzen zait eta partida polita izango da», esan du. Baita zaila ere, talde andaluziarra «fisikoki indartsua» baita «eta bigarren itzuli oso ona egin du. Talde gogor bat izango dugu aurrean».

Igandean, Athleticen eta Realaren txanda izango da. Zuri-gorriek Sevillaren aurka jokatuko dute Lezaman (11.00, Teledeporte) aste gogor baten hasieran, asteartean Bartzelonaren bisita hartuko baitute, atzeratu zen 17. jardunaldiko partida jokatzeko. Hitzordu bikoitza dauka txapeldunak Euskal Herrian, igandean Reala bisitatuko baitu (17.00, LaLigaSports TV).

Betis edo Deportivo, jaitsiera saihesteko lehia zuzena

Jaitsierako azken postua, bestetik, erabaki daiteke larunbat honetan. Une honetan 15. postuan dagoen Deportivok bost puntu gehiago dituen Betis bisitatuko du. Berdinketa batek Bigarren mailara bidaliko ditu galiziarrak baina garaipena lortuz gero, bizirik helduko dira denboraldiko azken jardunaldira.

Erabakitzear dago ere zein postutan joango diren Europara Real Madril eta Levante. Puntu bateko aldea dute madrildarrek –eta aurreko kanporaketa bakarra jokatu beharko lukete, beraz– baina sei lehiatu behar dira oraindik. Real Madrilek aurreko jardunaldian matematikoki jeitsi zen Santa Teresa bisitatuko du bihar eta Levantek Valentziaren kontrako derbia jokatuko du Buñolen.