INFO

Erlojupeko batek emango die hasiera Pasaiako uretan ETE eta KAE Ligei

Traineruen «bigarren maila» lehiari ekiteko prest da. Guztira 33 ontzi –ETE Ligako 11, KAE1 Ligako 12 eta KAE2 Ligako 10– bilduko dira larunbat honetan Pasaian jokoan ipiniko diren hiru banderetako bat bereganatu nahian.

Tolosaldea izango da aurten ere ETE Liga irabazteko faborito nagusia (Gorka RUBIO / FOKU)

Gizonezkoen KAE1 eta KAE2 Ligak, eta emakumezkoen ETE Liga, traineruen "bigarren mailak" nolabait esatearren, larunbat honetan hasiko dira Pasaiako uretan jokatuko diren erlojupekoekin.

Arraun jardunaldia 17.00etan hasiko da ETE Ligako Tolosaldeko II. Ikurrinarekin. Ondoren KAE2 Ligako traineruen txanda izango da, 17.30ean hasiko den Pasaiako XXXVI. Ikurrinarekin. Eta azkenik KAE1 Ligako ontziek egingo dute arraun, 18.15etatik aurrera, izen bereko trapuaren bila.

ETE Liga: Laugarren edizioa ikusgarri dator

Sortu zenetik laugarren denboraldia beteko duen ETE Ligari dagokionez, aurten 11 arraun elkartek eman dute izena. Iazko bederatziei –Tolosaldea, Hibaika, Zumaia, Ondarroa, Deustu, San Juan, Isuntza, Lutxana eta Lapurdi– beste bi gehitu zaizkie aurten: Zarautz eta Castro.

Emakumezkoen arraunak gora egin duela argi dago, eta hori batez ere maila honetan nabaritzen da, gero eta ontzi gehiago uretaratzen direlako eta lehia gero eta parekatuagoa izaten ari delako. Egutegia ere aitzakiarik gabea da, 15 estropada puntuagarrirekin.

Iaz, esaterako, Tolosaldeak nagusitasun nabarmena erakutsi zuen sailkapeneko lehen postua eskuratzeko, baina bigarren postua lortzeko borroka oso estua izan zen Hibaika, Zumaia eta Ondarroaren artean. Deustu eta San Juan ere ez ziren oso urrun ibili.

Aurtengorako pronostikoak egiten hasita, badirudi izen beretsuak ibiliko direla goian. Tolosaldeak, adibidez, oso maila ona eman du azken estropadetan, Gipuzkoako Txapelketan Euskotren Ligako Hondarribiari aurrea hartuz eta Lekeitioko testean ere haiengandik oso gertu geratuz.

Ezusterik ezean, Patxi Francesek entrenatutako neskek play-offa jokatuko dute irailean, eta helburua hor goikoen parera iristea izango da. Izan ere, kontuan izan behar da azken bi urteetan ETE Ligako ontziek ez dutela lortu Euskotren Ligara igotzea.

Tolosarrekin batera, Zumaia, Hibaika, Ondarroa, San Juan, Deustu… horiek izango dira gertutik jarraitu beharreko ontziak, eta ez litzateke harritzekoa izango aurten ere lehia estua izatea play-offean sartzeko.

KAE1 Liga: Iazko proiektuei segida

Gizonezkoen KAE1 Ligari dagokionez, aurten hiru berrikuntza ditu lehiaketak: iaz Eusko Label Ligatik jaitsi zen Kaiku eta KAE2 Ligan igoera lortu zuten Castro eta Lapurdi. Aldiz, bertan jarraitzen dute play-offean igoerarik gabe geratu ziren Pedreña eta San Pedro. Liga osatzen dutenak Getaria, Deustu, Arkote, San Juan, Camargo, Zumaia, Orio B eta Astillero dira.

Maila honetan, Pedreña eta San Pedro izango dira berriz ere goian ibiltzeko faborito nagusiak. Bi taldeek iazko proiektuei jarraipena eman diote, kantabriarrek Joseba Fernandez entrenatzaile dutela eta sanpedrotarrak Mikel Arostegiren esanetara aurten ere. Eta Pedreñak gainera izen ezagunak gehitu ditu aurten taldea indartzeko, Juan Mari Lujanbio patroi beteranoa edota Bermeon dena irabazitako Eneko Van Horenbeke, adibidez.

Bi horiez gain, badira aurre denboraldiko azken estropadetan oso maila ona eman duten bi ontzi ere. Horietako bat Getaria da: Lekeition seigarren izan ziren, KAE Ligako ordezkari onena Ondarroari aurre hartuz, eta Gipuzkoako Txapelketan bosgarren, Zarautzen aurretik baina kasu honetan San Pedroren atzetik.

Bestea Arkote dugu. Gorka Etxeberriak bigarren urtea beteko du Plentziako kuadrillarekin eta iaz bosgarren izan ostean aurten beste koxka bat gora egiten saiatuko dira, arraunlari beterano batzuk ere itzuli direlako ontzira, Beñat Astelarra edo Borja Viadero, kasu.

Egutegian 15 estropada ageri dira aurten, eta urtero legez, lehen postuetan amaitzen duten ontzientzat txarrena ligako azken estropadaren (abuztuaren 22an Bilbon) eta play-offaren artean (irailak 18-19) dagoen denbora tarte luzea izango da.

KAE2 Liga: Lehiatuz ikasteko plaza

KAE2 Ligan, azkenik, 10 traineruk hartuko dute parte azken orduko bajarik ez badago: Busturialdea, Deustu B, Donostiarra B, Hibaika, Hondarribia B, Mutriku, Portugalete, Santoña, Trintxerpe eta Zarautz B.

Ikus daitekeen moduan, talde gehienak elkarte indartsuen bigarren ontziak dira, eta horien helburua gazteak zailtzea izaten da emaitzen gainetik. Hala ere, Hondarribiako bigarren ontzia izan daiteke Busturialdea eta Portugaleterekin batera goian ibiltzeko faboritoetako bat.

Kasu honetan egutegiak 12 jardunaldi ditu eta KAE1 Ligara igotzeko play-offa abuztuko azken asteburuan jokatuko da.