INFO

Gautxoriak berriro jarriko ditu martxan Dbus konpainiak hilaren 25tik aurrera

Gautxoriak berriro jarriko ditu martxan Dbus-ek ostiral honetatik aurrera, autobus konpainiak jakitera eman duenez. Honekin batera, astezkenetik aurrera udako ordutegia martxan jarriko da Donostiako autobusetan.

Dbus konpainiaren bus bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

San Juan bezperan, ekainaren 23tik aurrera, Dbuseko udako zerbitzuak martxan jarriko dira. Honekin batera, gautxoriak, gaueko ordutegian aritzen diren autobusak, ere martxan jarriko dituzte hilaren 25ean, ostiralean.

Ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan gautxori aurreko ohiko zerbitzuak egongo dira. Gautxori aurreko zerbitzuak dira eguneko lineen azken zerbitzuetatik (gutxi gorabehera 22.00etan) gautxoriak hasten diren arte (gutxi gorabehera 00.15ean) ematen direnak. Hau da, zerbitzu batzuk besteekin lotzen dituztenak. Gautxori aurreko zerbitzuen geltokiak Boulevardean eta Gipuzkoa plazaren inguruan daude.

Gautxoriak, berriz, ostiral honetan abiatuko dira. Ostiral, larunbat eta jai bezperetan egongo gira goizeko 3.00ak arte. Irteerak Boulevardetik egingo dira.

Udako ordutegiari dagokionez, asteazkenean jarriko da martxan. Dbus-ek dioenez, hiriko gune gehienetan aparteko zerbitzuak egongo dira. Izan ere, udan autobusek beranduago egingo dituzte azken irteerak, eta asteko egun guztietan zerbitzuak beranduago bukatuko dira.

Honekin batera, ekainaren 23tik abuztuaren 31a arte 24 (Altza-Gros-Antigua-Intxaurrondo) eta 27 (Altza-Intxaurrondo-Antigua-Gros) lineetan autobusak 30 minutuko maiztasunez ibiliko dira.

Pasa den ekainaren 1etik aurrera, 16 linearen (Igeldo) zerbitzuak maiztasun handiagoz emango dira, ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko. 10:05etik 21:05era bitartean zerbitzu gehiago emango dira, denbora tarte horretan zerbitzuen maiztasuna 20 minutukoa izango baita.

Ekainaren 23tik aurrera, igandea eta abuztuaren 31ra arte, larunbata, 16 lineak zerbitzu gehiago emango ditu Okendo 18-tik, 23:05ean eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin.

Era berean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldo auzoak autobus zerbitzua izango du gauean,  ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7-rekin (Igeldoko gautxoria). Gautxoria 1:00etan eta 2:00etan aterako da Boulevardetik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino.

Urtean zehar egin den bezala, udan ere Kontxako pasealekua jaiegunetan itxiko da. Ondorioz, linea zenbaitetan ohiko aldaketak ezarriko dira.