INFO

Sareren bizikleta itzuliak Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa zeharkatuko ditu aurten

Aurten ere, Sarek bizikleta itzulia antolatu du euskal presoak etxerako buelta eskatzeko. Osasun neurriak bermatuz, hiru etapa izango du 2021eko itzuliak eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu ditu uztailaren 22, 23 eta 24ean.

Sareren prentsaurrekoa bizikleta itzulia aurkezteko. (Endika PORTILLA/FOKU)

Azken urteotan ohikoa den bezala, Sarek Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatuko dituen bizikleta itzulia aurkeztu du astearte honetan, euskal presoen etxeratzea eskatzeko. Uztailaren 22, 23 eta 24an izango da aurtengo edizioa eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu. Iaz egin zuten moduan, segurtasun eta osasun neurriak bermatu ahal izateko, goizetik eguerdira bitarte izango diren hiru etapa independente proposatu dituzte.

Lehenengo etapa, uztailaren 22an, Garesen hasiko da, Nafarroan, Oionen, Araban, amaituko delarik. Bigarrena, uztailaren 23an, Bizkaian hasiko da eta Sopelatik Mundakarako ibilbidea egingo du. Hirugarrena, eta azkena, uztailaren 24an Zumaian hasi, Gipuzkoan, eta Donostian amaituko da, hiria goitik behera zeharkatuz.

Aurtengo bizikleta itzulia, ‘Ibilian-Ibilian, Etxerako bidean’ udako kanpainaren baitan kokatu dute. Duela gutxi aurkeztutako kanpaina honekin, Sarek, aurtengo urtean eman diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia etxerako bidea gauzatzean kokatuko duela azaldu zuten.

Aipatutako hiru etapa hauetan izena emateko aukera astearte honetatik zabalik izango da, uztailaren 16a bitarte, Sareren web orrialdean. Bertan etapa bat, bi edo hiruretarako izena emateko aukera dago, etapa hasiera eta amaierarako autobusa ere jarriko dutelarik.

«Etxerako bidea hartu»

«Positiboki baloratzen ditugu emandako urratsak, baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko da, bi arrazoi nagusigatik: Espetxe legediak hala adierazten duelako; eta Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria euskal preso guztiei ezarri behar zaielako, inolako salbuespenik egin gabe», adierazi dute Inaxio Oiarzabal eta Joseba Azkarraga Sareren eledunek.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, «estrategia honen helburua, urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak ematean, hain zuzen ere».