INFO

Olarizu eraisten duten bitartean etxeak birgaitzeko dirurik ez dagoela salatu dute

Benetako Green plataformak salatu duenez, Gasteizko Udal Gobernuak milaka euro erabili ditu Olarizuko etxeak eraisteko, baina oraindik ez ditu banatu eraikinen birgaikuntza sustatzeko duela bi urte iragarritako diru-laguntzak.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Benetako Greenek gogor kritikatu du Gasteizko Udal Gobernuaren jarrera, izan ere, plataforma horren esanetan Olarizun eraikinak eraisten dituzten bitartean, milaka euro horretarako erabiliz, EAJ eta PSEko agintariek ez dute aurrera eraman etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzen deialdia.

Ohar batean azaldu duenez, pasa den astean Gasteizko Sindikoak agerian utzi zituen herritarrek etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak, 9.000 mila lagun itxoiten baitaude alokairu soziala eskuratzeko. Eta Udalak erakinak birgaitzeko neurriak hartu behar dituela azpimarratu zuen herritarron defendatzaileak.

Zentzu honetan, Sindikoak azken hiru urteetan banatu ez diren birgaikuntza sustatzeko diru-laguntzen garrantzia nabarmendu zuela adierazi dute Benetako Green plataforma osatzen duten taldeek. Gogoratu dutenez, Ana Oregi zinegotziak esandakoaren arabera, Udalak 2020an 5 milioi euro inbertitu behar zituen birgaikuntza lanak aurrera eramateko. «Baina 2020an ez ziren diru-laguntzak banatu eta aurten ere ez», gaineratu dute.

Eta Oregik «gezurra» esan zuela deitoratu dute. «5 milioi euroko inbertsioa ukatu diete herritarrei, baina 2 milioi erabili dituzte etxeak eraisteko. Hauxe da Udal Gobernuaren balantze penagarria», gaineratu du Benetako Green plataformak.