INFO

Euskal Selekzioen aldeko aldarrikapen sendoa, kirola eta kultura umorez eta giro onez uztartuz

"Gu ere bai!" dinamikak deituta, Euskal Selekzioen aldarrikapenekin esnatu da Bilbo. Bizikleta eta mendi martxekin abiatu dute eguna, eguerdian bertso-saio umoretsuaz gozatzeko. Euskal Selekzioak nazioartean lehiatzeko eskubidea tinko eta sendo aldarrikatu dute zenbait euskal herritarrek. 


Kirol arlo gehienetan, Euskal Selekzioak ez du ordezkapenik nazioarteko txapelketa ofizialetan –sokatira izan daiteke salbuespen nagusiena–. Urteak joan, urteak etorri, euskaldunen aldarrikapen sendoa izan da. Pasa den abenduan Euskal Futbol Federakundeak esbakidea aurkeztu zuen UEFA eta FIFAn, inoiz eman den urrats erabakigarriena osatuz. 

Urte erdi pasa den honetan, baina, ez da mugimendu ofizialik egon eta ondorioz, "Gu ere bai" plataformak Euskal Selekzioaren aldeko eguna antolatu du larunbat honetan, «Euskal Herritik mundura» zabaltzeko lehio bezala. 

Eguna iragarri zutenean, "Gu ere bai!" plataformako kide Patxi Gaztelumendik adierazten zuen une egokia zela helarazteko Euskal Selekzioak aukera onak dauzkala nazioartean lehiatzeko eta azaldu zuen aldarrikapena ez dela soilik ofizialtasuna, baizik eta «kirola eskubide guztiekin jorratzea» ere euskaldunon xede izan beharko lukeela. 

«Euskal kirola da gure xedea». Mezu horixe bera zabaldu nahi izan dute antolatzaileek arratsaldeko ekitaldi nagusian. Lurraldetasuna, hizkuntza, berdintasuna, aniztasuna, nazioartekotasuna eta, noski, ofizialtasunean oinarritutako aldarrikapenak jasoaz, Euskal Selekzioak txapelketa nagusietan lehiatzeko daukan eskubidea eskatu dute Bilboko erdigunean. Yaser Hamed futbolari palestinarrak ere babesa erakutsi du Euskal Selekzioen aldeko aldarrikapenean. 

«Laster izango dira 85 urte, Eusko Jaurlaritzak nazioartean fondoak biltzeko, Euskal Selekzio bat osatu eta munduan barna joan zirela jokatzera. Europa zeharkatu zuten, Moskun Lokomotiven kontra aritu ziren, orduko gizarte sobietarra txundituta geratu zen euskal jokalarien mailarekin. Handik Ameriketara jo zuten eta gerra lehertu zenean, euskal jokalari haiek guztiak erbestean geratu behar izan zuten, errefuxiatuta. Mexikon, Argentinan... leku askotan jarraitu zuten bere kirol ibilbidearekin. Euzkadi izeneko taldeak ere jokatu zuen han», gogoratu dute. 

Orain, gure ametsa Euskal Herritik mundura eraman nahi dugu», esan dute ozen.  Lasterketetan, Olinpiar Jokoetan, Munduko txapelketetan... Gu geu aitortuak izan, gure herria ordezkatu, gure musika entzun dadila nazioartean», gehitu dute. 

«Nazioarten aritu eta lehiatuko gara gu ere bai. Hori da gure helburua. Euskal kirola, euskal kirolariak, Euskal Herritik mundura!», adierazi dute tinko. 

Egun osoko egitaraua

Azken ekitaldi hau, itsas-martxa eta kalejira baten ostean hasi da; izan ere, kirola, kultura eta euskara sustatuz, egun osoko aldarrikapen giroa osatu da Bilbo inguruan. Goizeko 10.00etan abiatu da bizikleta eta mendi martxa; bata, Enkarterri-Balmaseda ingurura eta bestea, Pagasarrira igota. Euskal selekzioko maillot-a izan da nagusi, hala nola ikurrina eta beste zenbait ikur ere. 

Patxi Gaztelumendi "Gu ere bai!" platafomarkoa kideak NAIZi helarari dionez, giro beroarekin abiatu dira bi martxak San Mames estadiotik, bertako zabalgunean gainera, Eskubaloiko Euskal Federazioak antolatuta, "street" eskubaloia jokatzen baitzeuden zenbait gazte. 

Eguerdian, bertso-saio «umoretsua» egon da Arriaga plazan, kirol gaiak nagusi izanik, Oihana Bartra, Jone Uria, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga bertsolariekin. Kirola eta umorea uztartuz, «gogoeta interesgarriak» eskaini dituztela onartu du Gaztelumendik. 

Ondoren, herri kirolarien txanda izan da. Bost kirolari elkartu dira, disziplina ezberdinetakoak. Nabarmentzekoa, Ruth Linaza lemoarrak lastoak altxatzen zein ingudean eginiko markak. 

Tubi Bustinzak –lastoa jaurtitzen Euskal Herriko txapelduna denak– 6 metro eta 10 zentimetroko marka ezarri du. Bere marka pertsonaletik urrun –gazteago zenean, 6 metro eta 70 zentimotroko jaurtiketa egin zuen–, ikusgarritasuna eskaini du. Bustinzak, Jon Loiolarekin batera, lasto altxaketan ere parte hartu du. 

Harrijasotzaileei dagokionez, 15 urteko Udane Ostolaza eta Jokin Eizmendi nor baino nor aritu dira Arriaga plazan, azkenik txirrindulariak eta mendizaleak bertara iritsi direlarik. 

Arratsaldean, kalejira eta ekitaldi nagusiarekin osatuko da Euskal Selekzioen aldeko egun berezi eta koloretsu hau.