INFO
Entrevue
Ion Izagirre
Astana taldeko txirrindularia

«Etapen bila arituko naiz, ez dut sailkapena lehiatzeko asmorik»

Aurten parte hartu duen World Tourreko itzuli guztietan lehen hamarretan sailkatu da ormaiztegiarra –Paris-Niza (3.), Itzulia (10.), Romandia (7.) eta Dauphine (7.)–. Alpeetan ere onenekin lehian aritu berri da eta Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazi berri du. 

Ion Izagirre, Euskal Herriko Itzuliko etapa bat irabazita. (Jon URBE / FOKU)

Dauphinen eta Espainiako Txapelketan Tourrera ondo iristen zarela erakutsi berri duzu.

Dauphinen oso gustura aurkitu nintzen, podiumaren lehian; erlojupekoan ere oso ondo, garaipenaren lehian. Egia esan, ondo aurkitu nintzen lasterketa guztian. Espainiako Txapelketan sasoi onean nagoela berretsi nuen erlojupekoan garaipena lortuz. Talde guztiak egin zuen lan ona eta Omarren [Fraile] garaipenarekin dena borobildu genuen.

Itzulian erlojupekoan garaipena errepikatzeko aukerak galdu zenituen. Aldiz, azken biak oso ondo egin dituzu; urrezko dominaz Espainiako Txapelketan eta bigarren Dauphinen Lutsenkoren atzetik.

Erlojupekoa oso diziplina berezia da; oso esplosiboa eta agresiboa, agonikoa. Nik erlojupeko guztiak oso antzera prestatzen ditut, beroketak eta dena, baina bata ikaragarri ondo ateratzen zaizu eta igual hurrengoa desastre hutsa. Oso ondo etorri zait azken bi erlojupekoak ondo egitea, azken urteotan dinamika onean nenbilelako baina ez garaipenaren lehian. Pixka bat galduta neukan konfiantza hori azken bi erlojupekoetan berreskuratu dut.

Dauphinen onenekin aritu ondoren, Tourrean sailkapen nagusia lehiatzeko asmoa ba al duzu?

Nire helburua Tourrean etapa bat irabaztea da, ez dut zalantzarik. Ihesaldietan sartzearen ondorioz lehen hamarretan sartzea lortzen badut, ongi etorria izango da, baina etapen bila arituko naiz. Sailkapen nagusia lehiatzeko jende asko dago eta beste gauza batzuk behar dira. Nik pertsonalki eta taldearekin hitz eginda, nahiago dut lasaiago hartzea lehenengo astea eta gero, aukera izanez gero, ihesaldietan sartu eta etapa garaipenaren bila ibiltzea. Hasiera batean taldearen helburua garaipen indibidualak lortzea zen, baina Fuglsang Suitzan sailkapen nagusikoekin lehian ibili da eta podiumean sartu da, beraz, ez dakit mentalitatea aldatu ote zaion. Dauphine bezalako lasterketa handi batean Tourraren lehian egongo direnen ondoan egotea mendateetan oso inportantea izan da niretzako, nahiz eta sailkapen nagusia lehiatzeko asmorik ez izan.

Nola ikusten duzu aurtengo Tourreko ibilbidea?

Lehenengo astea beti da urduria; etapa lauak dira, jendeak denbora galerak eta erorketak saihestu nahi ditu eta ondo kokatuta egon nahi du. Nahiago dut lehen astea lasaiago hartzea liderrik aurrean kokatu behar gabe; denbora galtzen badugu erorketak daudelako [atzo erori eta 11 minutu galdu zituen], ez da ezer gertatzen.

Pirinioak gogorragoak dira. Hori etapak lehiatzeko abantaila izan daiteke zuretzat?

Ondo egonez gero, Pirinioak edo Alpeak antzekoak dira, desberdintasuna zaleak dira. Covidaren kontuarekin ez dakit mendateetara hurbiltzea mugatuta egongo den edo ez, baina, egia esan, Pirinioak beti dira bereziak guretzako, euskaldunontzako, badakigulako jendez gainezka egongo direla; ezagunak, lagunak eta familia hor egongo dira eta moralez gainezka egongo gara. Col de Portet eta Luz Ardiden helmuga politak dira guretzat.

Faboritoen arteko lehia nola ikusten duzu?

Nire ustez orain arteko talderik sendoena Ineos izan da. Iaz Jumbok eman zituen erakustaldiak aurten Ineosek eman ditu eta erakutsi dute bloke indartsuena dutela. Gero agian Tourrean desberdina izango da, baina orain arte hori erakutsi dute. Liderrak ere badituzte. Baina hiru aste dira eta denetarik gerta daiteke, ez da erraza izango dena ondo kudeatzea. Thomasek erlojupeko oso onak egiten ditu, baita Carapazek ere, baina agian ez daude Roglic eta Pogacarren pare. Baina Ineosekoak toki guztietan ari dira irabazten eta horregatik uste dut bloke indartsuena dutela eta lasterketa aurrera eramateko indarra dutela.

Kirol mailan, nola ikusten duzu Astana taldea lehia horretan?

Denboraldi polita ari gara egiten. Agian orain arte garaipen gutxirekin, baina orain txapelketa batzuk irabazi ditugu, Dauphinen eta Suitzan ondo ibili gara... Uste dut talde inportantea dugula Tourrera begira.

Badirudi arazoak daudela taldean Vinoukourov kaleratu ondoren eta euskaldun gehienok Astana utziko duzuela denboraldi bukaeran. Eskaintzarik jaso al duzue?

Astanakoek esan zidaten nirekin kontatu nahi zutela hurrengo urterako eta jarraitzea nahi dutela. Aurreko urtean denoi urtebeteko kontratua bakarrik eskaini ziguten, ez zekitelako Kazakhstaneko Gobernuak taldea babesten jarraituko zuen. Horregatik, denok urtebeterako soilik sinatu genuen. Ez dakit zein eskaintza izango dituzten besteek.

Izagirre bi anaiak eta Alex Aranburu hurrengo urtean Movistarren izango zaretela argitaratu da...

Nire partetik ondo atera nintzen Movistarretik, inpresio hori daukat behintzat. Goierritarrak izanda harreman ona dugu Alexek, Gorkak eta nik, gaztetatik ezagutzen gara, Luis Leonekin ere harreman ona dugu... Talde polita daukagu. Nik ez dakit zer egingo dudan, kirol honetan urte batean hemen zaude eta hurrengoan han, eskaintzak azaltzen dira...