INFO

Torturaren biktima guztiei dagozkien eskubideak eman behar zaizkiela adierazi du Foro Sozialak

Lakuako Gobernuak Estatuaren indarkeriaren 35 biktimari Bilbon egindako errekonozimendurako ekitaldia positibotzat jo badu ere, torturaren biktima guztiei dagozkien eskubidez hornitzeko lanean jarraitu behar dela nabarmendu du Foro Sozialak.

Lakuako Gobernuak Bilbon egin zuen ekitaldiaren irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lakuako Gobernuak Bilbon Estatuko indarkeria pairatu duten 35 laguni errekonozimendua eskeintzeko egindako ekitaldia positibotzat jo du Foro Sozialak. «Hala ere, hilaren 17ko agerraldian Ertzaintzak eragindako torturaren biktimek egindako eskaera ere kontuan hartzen dugu: ‘torturaren biktima guztiak aitortzeko ekitaldi berezia’ behar da», gaineratu du.

«Torturaren biktimei dagokienez, adostasunak eraikita daude. Guztion lanari esker, hainbat
hamarkadatan Estatuaren biktimen sufrimendua areagotzen eta babesgabetasunean sakontzen zuten susmoekin amaituko da eta hainbeste min eragin diela», gaineratu du Foro Sozialak.

Gauzak horrela, Foro Sozialak bi gomendio jarri ditu mahai gainean. Bata, «torturaz baliatu diren Estatuko Segurtasun Indarren erantzukizunak dituzten gobernuei, jardunbide horretan duten erantzukizuna beren gain hartzea». Bigarrena, «gure herrialdeko eragile instituzional eta politikoei berariazko konpromisoa hartzea torturaren biktimei dagozkien eskubideez hornitzen jarraitzeko».

«Bi alderdi horiek ekarpen garrantzitsua izango lirateke bizikidetza demokratikoa eraikitzeko
prozesuan. Gizarte honek ezin du atzerapausorik onartu gai sentikor honetan», nabarmendu du.

Torturatuen diskriminazioa

Torturaren biktimen jasaten duten diskriminazio egoera mahai gainean jarri du Foro Sozialak. «Gogora dezagun Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC), EAEn izandako tortura kasuei buruz Eusko Jaurlaritzaren agindupean egindako txostenean, sinesgarritasun ‘sendoa’, ‘oso sendoa’ edo ‘bereziki sendoa’ eman ziela Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak 1960 eta 2014 bitartean eragindako 4113 tortura kasuei gutxienez», azaldu du.

«Istanbulgo Protokoloaren aplikazioan oinarritu zen azterlana (ausaz hautatutako 202 kasu). Horietatik, 651 kasu (guztizkoaren %15,8) 581 emakumeri zegozkien. Gainera, txosten horretan bertan onartzen zen zifra horiek kaltetuen benetako dimentsioaren azpitik zeudela. Paco Etxebarriak berak aste honetan bertan jakinarazi du Europako Parlamentuan IVACek 500 kasu gehiago antzeman dituela EAEn, eta Nafarroan beste 1.000 kasu daudela», gogoratu du.

«Nahiz eta ‘noizbehinkako’ praktika baino gehiago izan den errealitate baten argazkia izan, zoritxarrez, ofizialki onartutako tortura-kasuak 103 baino ez dira: gutxi batzuk epai judizialengatik, eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuagatik. Kopuru horri gehitu behar dizkiogu 12/2016 Legearen baitan atzo bertan aitortutako lehen tortura-kasuak, 35 guztira. Hala ere, aitortza duten kasuak gutxi dira oraindik», erantsi du Foro Sozialak.