INFO

Brebeta euskaraz aldarrikatzeko Donapaleuko kolegioaren aitzinaldea okupatu dute

Seaskako kideek brebeta azterketak zuzentzeko banatzen diren Donapaleuko zentroa okupatu dute eta bertan egoteko asmoa dute, ostegunean herrian eginen den manifestaziora arte. Azterketak osotasunean euskaraz egin ahal izatea aldarrikatu nahi dute ekintza honen bitartez.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Brebeta azterketak zuzenduak izan aitzin biltzen diren Donapaleuko kolegioaren aitzinaldea okupatu dute Seaskako Azterketak euskaraz kolektiboak deituta, barruan dauden euskaraz idatzitako frogak handik atera ez ditzaten. Gauez eta egunez bertan egoteko asmoa agertu dute, herrian ostegunean 18:00etan eginen den manifestaziora arte. Azkerketak Euskaraz kolektiboak gizarte guztia deitu du bertan parte hartzera.

Gaur amaitu dute brebeta kolegioetako ikasleek, eta aurreko urteetan bezala, Zientzietako azterketa frantsesez soilik zuzendua izanen bada ere, Seaskako lau kolegioetako ikasleek euskaraz egitea deliberatu dute. Okupatua izan den Donapaleuko zentroan Seaskak Larzabalen daukan kolegioan egindako azterketak biltzen dira zuzentzaileei banatzeko. Okupazioaren bitartez azterketak handik ateratzea sahiestu nahi dute, frantsesez soilik dakiten irakasleek zuzenduko dituzten Paue edo Bordelera eraman ez ditzaten.

Okupazioa gau eta egunez eginen da, eta horretarako prest hurbildu dira ikasle, irakasle, familia eta euskaltzaleak. Anitz prest joan dira bertan lo egiteko beharrezko gauzekin. Amikuzeko ikastolako kideek xapitoa ezarri dute, eta okupatzaileei janaria eramateaz arduratuko dira.

Azterketak euskaraz kolektiboak programazio osoa prestatu du hiru egun hauetarako, kontzertuak, bertsoak, dantzaldiak eta dantza ikuskizunak, antzerkia, jokoak... baita zunba ikastaroa ere. 

Jendea elkartasuna erakustera hurbil dadin deitu dute. Okupazioaren momentuan adin eta inguru ezberdinetako jendea bildu da. Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko ikasle, irakasle eta familiekin batera, Seaskako beste hezkuntza zentroetako ikasle eta irakasleak ere baziren. Baionako Bernart Etxepare lizeoko ikasleen ordezkaritza ederra bazen, baita haien sostengua ematera hurbildu diren hautetsi eta euskaltzaleak.

Okupazioa ostegunean amaituko da 18:00etan, orduan hasiko baita Alaiki gelatik herrian zehar itzulia eman eta gero, merkatu estalian bukatuko den manifestazioa.

Mobilizazioen lorpenak

Euskaltzaleen mobilizazioei esker 1990. hamarkadan brebeta euskaraz egin ahal izatea lortu zen. Arazoa 2016. urtean etorri zen. Orduan, kolegioen erreformarekin Zientzia ikasgaia gehitu zitzaion frogari, baina ez zuten ikasgai berri hori euskaraz egiteko aukerarik eman. Mobilizazio hauen bitartez, 90eko hamarkadan lortutakoa berriz egin ahal izatea da xedea.

Orain brebetak dauzkan lau ikasgaien artean, frantsesaz aparte, Matematika eta Historia-geografia dira euskaraz egin daitezkeenak. Kontraesan horren aitzinean, Zientzia ere gure hizkuntzan egin ahal izateko mobilizatzen ari dira Seaskako ikasle, irakasle eta hezkuntza lengileak, euskaltzaleen sostenguarekin.

Ekintzak eta desobedientzia zibila

Euskarazko hezkuntzaren aldeko mobilizazio anitz izan dira aurten. Alde batetik Kontseilu Konstituzionaletik eta Hezkuntza Ministeriotik murgiltze ereduak pairatu dituen erasoei erantzuteko protestak izan dira. Jendetsuena maiatzaren 29an, Baionan, 10.000 pertsona bildu zituena da.

Horretaz gain, azterketa ofizialak diren baxoa eta brebeta osorik euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko desmartxa anitz izan dira, eta Azterketak Euskaraz kolektiboa sortu da.

Brebeta egin duten Ikastolen Federazioko ikasleen desobedientzia ekimenarekin bat eginez, Seaskako zeinbait irakasle ere mobilizatu dira, eta azterketak euskaraz egin ezin izatearen «injustizia» konpondu arte ez dituzte dagozkien azterketak zuzenduko, nahiz eta horregatik zigor administratiboak jasotzeko aukera duten.

Baxoa azterketa pasatu duten Seaskako Bernat Etxepareko 40 ikaslek ere Filosofia azterketa euskaraz egin zuten, ofizialki horretarako baimen administratiborik ez izanik ere.

Okupazioak eskola publiko eta pribatuetan

Bestalde, euskarazko hezkuntzaren kontra Kontseilu Konstituzionalak egindako erasoa salatzeko Oztibarre-Arrosa, Larraine eta Idauze-Mendiko eskola publikoak eta Aiherrako eskola pribatua okupatzen ari dira ekainaren 17tik.

Eskola horietan murgiltze eredua ezarri nahi zuten heldu den ikasturtean, baina Molac Legearen kontra Konstituzionalak emandako erabakiaren ondorioz, ezin izanen da hori egin.

Okupazioak antolatzen ari diren Biga Bai, Ikas Bi, Euskal Haziak, Erakasleak eta Euskal Konfederazioak elkarte eta kolektiboek elkartaratze bat deitu dute uztailaren 6an, 10.00etan Ortzaizeko eskolan.