INFO

Migranteak hartzeko plana «selektiboa eta bidegabea» dela salatu du Irungo Harrera Sareak

Hala laburbildu du Irungo Harrera Sareak Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak bidaian dauden migratzaileei harrera egiteko aurkeztu duen udako plana: «Bereizkeriazko triajea dakar jazarritako pertsonentzat, beren egoera hobetzen edo bizitza salbatzen saiatzen ari direnentzat».

Migratzaile ugari iristen da Irungo geltokira Europan barna bidaia segitzeko eta IHS sareak laguntza ematen die. Irudia ekain honetakoa da. (Gorka RUBIO/FOKU)

Astelehenean, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bidaian dauden migratzaileei harrera egiteko aurtengo udako plana aurkeztu zuen. Jende gehiago etorriko dela aurreikusten dutenez, plazak gehitu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan eta mugatik gertuen dauden udalerrietan 500 leku eskainiko dituzte.

Irungo Harrera Sareak (IHS) planaren balorazioa egin du eta, ohartarazi duenez, «irizpide diskriminatzaileak aplikatzen jarraitzen du». Ondorioz, eta neurri horiek «praktikan ekartzen duten pertsonen triajea dela-eta (pertsonak hautatu, desberdindu eta sailkatu egingo dituzte)», lagun batzuk aterpetxeetatik kanpo geldituko dira berriz ere, egoera zaurgarriagoan. «Ikusi dugu politika horrek zer ematen duen. Oraingoz, bi pertsona hil dira», salatu du herri sareak.

«Kontingentzia Plan honen arabera, onargarriak diren pertsonentzako» plaza kopurua handitu dute. «Leku horietako asko frontoietan (Hondarribian) eta eskolako gimnasioetan egokitu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak aterpetxe bat du aipatutako udalerrian. Irungo Udalak beste hainbeste. Biak daude Harrerarako Erakunde arteko Mahaian. Baina ez dirudi prest daudenik bertan harrera egiteko», agertu du IHSk.

«Badira harrera duina egiteko baliabideak»

Irungo Harrera Sareak kritikatu duenez, behar dutenei egonaldi duina bermatzen dieten aterpetxe eta baliabideak egon badauden arren, «ez dirudi bidezkoa» horrelako baliabideak martxan ipintzeak. «Ez gaude lurrikara edo hondamendi natural baten aurrean. Migratzaileen etorrera migrazio-zikloen zati bat da, eta neurri handi batean administrazio guztiek beren eskumen esparrutik aplikatzen dituzten Europako lege arrazistek baldintzatzen dute», egin dute gogoeta.

Gutxienez, kudeaketa egoki antolatzeko eskatu diete erakundeei, «ez dezatela beren neurriek sortzen duten zorigaitza areagotu». «Beste era batera antolatzeko astia izan dute eta ez dute egin. Agian, pentsatzen dute pertsona beltzek hamaka bat besterik ez dutela merezi frontoi batean?».

Laburbilduz, «2021eko udarako gauza bera izango dugu kopuru handiagoan: harrera selektiboa eta bidegabea, bereizkeriazko triajea jazarritako pertsonentzat, beren egoera hobetzen edo bizitza salbatzen saiatzen ari direnentzat. Berriro ere, beste modu batera egiteko baliabideak ditugunean. Hau al da nahi dugun harrera gizartea?», galdetu du IHSk.