INFO

Milaka emakumek protesta egin dute Turkia Istanbuleko Hitzarmenetik ateratzearen aurka

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko ondutako Istanbulgo Hitzarmenetik kanpo utzi du Turkia Recep Tayyip Erdogan presidenteak eta dozenaka mila pertsonak, gehienak emakumeak, manifestazioa egin dute ostegunean erabakia salatzeko.

Polizia agente bat emakume batzuei kartelak kentzen saiatzen ari da Turkia Istanbulgo Hitzarmenetik ateratzearen kontrako manifestazio batean, ekainaren 19an. (Bulent KILIC/AFP)

Dozenaka mila pertsonak, gehienak emakumeak, manifestazioa egin dute ostegun honetan Turkiako hainbat hiritan, Istanbuleko Hitzarmenetik —indarkeria matxistari aurre egiteko nazioarteko ituna— Turkia erretiratzearen aurka. Recep Tayyip Erdogan presidenteak ostegunean du ofizial duela hiru hilabete iragarritakoa: Istabuleko Hitzarmeneko kide izateari uko egin dio, ustezko «heresia» edo homosexualitatea sustatuko lukeela argudiatuta.

"Hitzarmenak bizitza ematen du", "Ez gara isilduko, ez dugu beldurrik izango, ez dugu kasurik egingo" edo "Ez zara bakarrik ibiliko" bezalakoak oihuka, milaka ekintzaile bildu da Istiklal kaleko mutur batean, Istanbulen, hitzarmenetik ateratzearen aurka protesta egiteko.

«Inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur kalean egotea. Hitzarmenetik irteera iragarri zenetik, ez da ezer hobetu. Aitzitik, gauzak okerrera egin dute. Estatuak emakumeak babestu behar ditu», esan dio Tugçe Sönmez ekintzaileak EFE agentziari.

«Ezin dugu gehiago jasan. Hitzarmena aplikatu behar da, tokiko lege batek ez digu konfiantzarik ematen. Argi dago ez dakitela indarkeriari aurrea hartzen», azpimarratu du beste parte-hartzaile batek.

Istanbulen, azkenik, poliziak manifestazioa baimendu du, baina Esmirnan, Turkiako hirugarren hirian, istiluen aurkako agenteek ehunka emakumeren aurka gas piperbeltzez kargatu dute, ‘Evrensel’ egunkariaren arabera.

Beste hiri batzuetan, emakume-taldeak ordu berean atera dira kale edo plazetara, eta hiriburuan, Ankaran, ibilaldi ugari egin dira hainbat barrutitan, poliziak horietako batzuen kontra egiten saiatu den bitartean.

Erdoganen esanak

Ostegunean atzean utzi du Turkiak Istanbulgo Hitzarmena, aurreko martxoan herrialdeko presidenteak, Recep Tayyip Erdogan kontserbadoreak iragarri bezala, nahiz eta berak 2011n itun hori sinatu zuen, eta 2012an Parlamentuan berretsi.

Erdoganek berak ostegunean agindu du bere gobernuak indarkeria matxistaren aurka jarraituko duela, eta lau urterako pentsatutako plan nazional bat iragarri du, besteak beste, emakumeentzako bederatzi babesleku irekitzea aurreikusten duena.

«Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea da gure lehentasunetako bat. Eman diren urrats guztiak babestu ditut. Pertsonalki aztertu ditut sortu diren arazoak», esan du.

Joan den udan, Erdogan alderdiaren (AKP) inguruko ahots batzuek Turkiak hitzarmenetik baja ematea proposatu zuten. Une hartan, protesta feminista indartsuek asmo hori atzeratzea lortu zuten, ostegun honetara arte.

Amnistia Internazionalak agertu du «lotsagarria» deritzola duela Erdoganen erabakia, milioika emakumerentzat eta neskentzat «arrisku handiagoa» ekarriko duelakoan.