INFO

Tolosaldea (ETE) eta San Juan (KAE1) garaile atera dira Donibane Lohizuneko estropadetan

Tolosaldea, nahiko erraz, eta San Juan, bigarren ziaboga arte bi ontzirekin lehia estu batean, izan dira azkarrenak Donibane Lohizunen burututako estropadetan. Mutrikuko uretan, Portugaletek irabazi du KAE2 Ligako estropada, lidertza sendotuz.

Tolosaldea –aurreko estropadako irudi batean– izan da, berriro ere, azkarrena Donibane Lohizunen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

ETE eta KAE1 Ligek jardunaldia burutu dute larunbat arratsalde honetan Donibane Lohizuneko uretan. Nesken kategorian irabazle, beste behin, Tolosaldea izan da, eta lautik hiru daramatza dagoeneko. Ohorezko txandatik abiatuta, Hibaikaren aurretik helmugaratu da, eta hirugarren postuan bigarren txandan aritu den Zumaia izan da.

Tolosaldeko II. Ikurrina eta IX. Pasaiako Ikurrina probetan garaipenak erdietsi zituzten tolosarrek. Tartean, Andoni Galarragaren oroimen estropadan bigarren izan ziren, eta gaur hirugarren garaipena lortu dute. Sailkapen nagusian liderragoa da Tolosaldea, 43 puntu metatuta. Bigarren Deustu da, 39rekin, eta hirugarren Hibaika, 36rekin.

Tolosaldeak indartsu dagoela erakutsi du hasiera-hasieratik. Bi ziaboga eta hiru luze zituen proban, denbora onenak markatu ditu eta amaieran 9 segundoko aldea atera dio Hibaikari. Deustuk ezin izan du erritmoa mantendu eta laugarren denborarik onena egin du, tartean Zumaia sartu delarik.

Gipuzkoarrek eman dute ezustekoa, Isuntza, Lutxana eta Ondarroarekin batera bigarren txandan aritu ostean. Zumaiarrek ez dute aurkaririk izan eta hasiera-hasieratik nabarmendu dira. Lehen ziabogan zazpi segundoko aldea ateratzen zioten Isuntzari –gipuzkoarrek Tolosaldea baino hiru segundo gehiago behar izan dute lehen biraketa honetan–. 14 segundoko aldea izan da bigarren ziabogan eta 21ekoa helmugan.

Lehenengo txandan, Lapurdi, Zarautz eta Castro aritu dira. Ipar Euskal Herriko trainerua izan da azkarrena lehen ziabogatik. Sei segundoko aldea atera die gipuzkoarrei eta kantabriarrak oso atzean geratu dira, 29 segundora. Bigarren ziabogan zarauztarrak pixka bat gerturatu dira, hiru segundora, baina Lapurdik txanda nahi zuen eta hiru segundo horiekin sartu da lehena. Castro minutu bat baino gehiagora iritsi da.

ETE Liga - IV. Donibane Lohizune

1. Tolosaldea       10:55.40
2. Hibaika            11:04.21
3. Zumaia            11:08.03
4. Deustu             11:14.86
5. San Juan          11:22.50
6. Ondarroa          11:28.10
7. Isuntza             11:29.25
8. Lutxana            11:33.26
9. Lapurdi            11:52.51
10. Zarautz          11:55.02
11. Castro            12:59.20

ETE Liga - Sailkapen nagusia

1. Tolosaldea        43 puntu
2. Deustu             39 p.
3. Hibaika             36 p.
4. Zumaia             30 p.
5. San Juan           30 p.
6. Ondarroa          25 p.
7. Isuntza             21 p.
8. Lutxana           15 p.
9. Zarautz            12 p.
10. Lapurdi           9 p.
11. Castro             4 p.

KAE1: San Juan, kolpe handia emanez

KAE1 Ligari dagokionez, lau txandatan burutu da hiru ziaboga eta lau luzeko estropada. Bertan, San Juan izan da garaile. Eta nola gainera! Estu-estua izan da ohorezko txandako estropada, gehienbat lehen bi ziabogetan: hiru ontzi –Getaria, San Juan eta San Pedro– hiru segundoko tartean zeuden. Getariarrak izan dira azkarrenak lehen bi biraketa horietan, baina Kaiku atzean geratu da hasieratik.

Hirugarren luzean, aldiz, San Juanek hartu du lidertza, eta ziabogan lau segundo atera dizkio Getariari eta zortzi San Pedrori. Hortik amaiera arte ez dute erritmoa jaitsi eta 10:18.12ko denborarekin irabazi dute sanjuandarrek. Getaria bigarren izan da (20:22.40) eta San Pedro laugarren postura jaitsi da, Pedreñak denbora hobeagoa egin baitu oso gutxigatik (20:27.96).

Izna ere, ordurarteko denborarik onena hirugarren txandan aritu den Pedreñak zuen (20:27.69). Deustu eta Arkote baino azkarragoa izan da ontzi kantabriarra, bere aurkariei zortzi eta 16 segundoko aldea ateraz, hurrenez hurren. Eta ondoren bere saria izan du estropada hirugarren amaituz.

Lehenengo txanda Astillerok eraman du, Castrorekin lehia polita mantendu ostean. Bi segundoko alda egon da bi ontzien artean. Lapurdik pixka bat atzerago amaitu du, 18 segundora. Astilleroren lan bikainak beste sari bat izan du; izan ere, hurrengo txandan aritu den Camargo baino denbora hobeagoa egin baitu, Zumaia eta Orioren atzetik. Zumaiarrek eraman dute bigarren txanda hori, oriotarrei hamar segundo ateraz.

KAE1 Liga - XXIX. Donibane Lohizune

1. San Juan          20:18.12
2. Getaria            20:22.40
3. Pedreña           20:27.69
4. San Pedro       20:27.96
5. Deustu            20:35.81
6. Arkote            20:43.52
7. Kaiku             20:45.71
8. Zumaia           20:47.44
9. Orio               20:57.06
10. Astillero        20:58.95
11. Castro           21:00.64
12. Camargo        21:10.35
13. Lapurdi          21:16.83

KAE1 Liga - Sailkapen nagusia

1. San Pedro       46 puntu
2. Getaria           42 p.
3. San Juan        41 p.
4. Kaiku             41 p.
5. Pedreña          38 p.
6. Deustu           36 p.
7. Arkote           33 p.
8. Zumaia         26 p.
9. Orio              17 p.
10. Camargo      15 p.
11. Astillero       12 p.
12. Castro        12 p.
13. Lapurdi       5 p.

KAE2: Portugalete irabazle eta lider sendo

Mutrikuko uretan, Bandera Yurrita Group V. Ikurrinan, Portugaletek lehen garaipena eraman du, eta hiru estropada burutu diren momentu honetan lidertza sendotuz. “Jarrillerak” erraz irabazi du, 17 segundko aldea atera baitio Busturialdeari eta 18 Deusturi.

Hondarribia B, Mutriku, Donostiarra B, Zarautz B, Hibaika, Santoña eta Illunbe, orden honetan, osatu dute probako sailkapena.