Azken datuak egoera «egonkortzen» ari den seinale izatea espero du Hernaniko alkateak
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak dioenez, covid-19 kasuek behera egin dute asteburuan. Haren ustez, egoera «egonkortzen» ari den seinale izan daiteke azken egunetako bilakaera. Dena den, oraindik «erne» egongo direla dio.
Pasa den astean alarma piztu zen Hernanin. Asteartean Osasun Sailak argitaratutako txostenaren arabera, 52 kasu berri antzeman zituzten herrian. Asteazkenean 44 iragarri zituzten, eta ostegunean 65 ziren. Zorionez, asteburuan egoerak hobera egin du. Larunbatean 26 kasu zenbatu zituzten, eta, igandean 14 kasu berri izan ziren.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak NAIZi adierazi dionez, pixkanaka covid-19 kasuen kopurua behera doa eta, haren ustez, egoera «egonkortzen» ari den froga izan daiteke azken egunotako bilakaera.
Hala ere, kutsatzeek oraindik ere gora egin dezaketela ohartarazi du, covid-19aren proban positibo eman duten pertsonen gertukoek eman dezaketelako positibo datozen egunetan. «Oso posible da harreman zuzena izan dutenak, eta lehenengo proba batean negatibo izan direnak, positibo bihurtzea», adierazi du.
Azaldu duenez, «erne» egongo dira datozen egunetan, «ea zein joera duten datuek». Dena den, gerora espero dute egoera hobetzea, «ikusita jendea etxean gelditu dela eta neurriak hartu dituela». «Beheranzko joera hasi beharko litzateke», dio.
Eta Hernanin kezka giroa dagoela azpimarratu du. «Kontziente gara datuak oso altuak izan direla eta guztiok ukitu gaitu. Denek dugu lagun edo familia-artekoren bat positibo izan dena edo konfinatuta dagoena», esan du, eta horrek duen eragina nabarmendu du.