INFO

Formatu handiko kontzertuak Bizkaia Arenara itzuliko dira El Drogasekin

Pandemiak behartutako geldialdiaren ostean, formatu handiko kontzertuak pixkanaka itzultzen hasi dira eta horren adierazle, asteburuan egin den EH Zuzenean. BEC-eko Bizkaia Arena aretoak urriaren bukaerako finkatu du hasiera data, Hiriko Soinuaren jaialdiarekin. Kartel buru: El Drogas.

El Drogas, iaz estreinatu zuen dokumentalerako egindako argazkian. (Idoia ZABALETA/ FOKU)

Barakaldoko Udalak, Hiriko Soinuak izeneko jaialdiaren antolatzaileak, BEC-eko Bizkaia Arena aretoko kontzertuen itzulera iragarri du, urte eta erdiko geldiunearen ostean. Hitzordua urriaren 30ean izango da, larunbatean, eta El Drogas izango da jaialdiaren kartel burua.

Ekitaldiak 4.000 lagun baino gehiagorentzako edukiera izango du eta sarrerak salgai jarriko dira bizkaiaarena.com webgunean. Salneurria 3 euro eta banaketa gastuak izango da eta biltzen den dirua Barakaldon aritzen diren Elikagaien Bankuko elkarteei eta Beraka elkarteari bideratuko zaie. Pandemian zehar Barakaldoko familia zaurgarrienei lagundu diete elikagaiak banatuta eta maskarak eginda.

El Drogas, BEC-en

Enrique Villarreal ‘El Drogas’ek Hiriko Soinuakekin zeukan konpromisoa berrartu du, 2020an eman behar zuen kontzertua taldekide baten osasun arazoak zirela-eta bertan behera utzi behar izan eta gero.

Barrikadaren sortzailea, El Drogasek bakarkako ibilbide oparoa eraiki du azken hamarkadan. Bere azken diskoa ‘Solo quiero brujas en esta noche sin compañía’ izeneko album boskoitza da. Urriaren 30eko (larunbata da) emanaldiak artista nafarra Bizkaia Arenara itzultzea suposatuko du, 2019an bertan kontzertu gogoangarriak eman eta gero La Polla Recordsen gonbidatu bezala.

Hiriko Soinuaken lehiaketaren hirugarren edizioaren sari nagusiaren eta Barakaldoko artistarik onenari sariaren irabazleak ere bertan joko dute, El Drogasen aurretik. «Hiriko Soinuaken festibala Bizkaia Arenan egingo da Koronabirusaren aurkako segurtasun neurriak bermatzeko, baina gure helburua hurrengo urtean herriaren erdigunera bueltatzea da, tokiko ostalaritza eta dendak laguntzeko», adierazi du Amaia Del Campo Barakaldoko alkateak.

EH Zuzenean eta jazza

Zuzenekoen ‘gosea’ dago eta horren adierazle, Irisarrin egin den EH Zuzenean jaialdia. Pandemia osteko lehen kontzertua zela nabarmendu dute egun hauetan askok, 25. edizioa lehena gazte askorentzat. Eta «haize freskoa» izan da, zalantzarik gabe.

BBK Live eta antzeko jaialdiak bertan behera gelditu ostean, zaletuen hurrengo esperantzak jazz denboraldian daude ezarrita. Dagoeneko hasi da denboraldia eta, nahi eta ohikoa ez den arren, normaltasunaren bidean gaudela ematen du.

Asteburuan ospatu den Getxoko Jazz Jaialdiak hitzordu handien zirkuitua zabaldu zuen. Orain, Gasteizkoak hartuko dio erreleboa eta, iazko geldiunearen ostean, uztailaren 14tik 18ra ospatuko da 44 edizioa.

Bi egoitzatan egingo da: Iradier Arena eraikinean –hau berria da– eta Principal Antzokian. Lehiaketa Iradier Arenan egingo da goizez eta arratsaldez,  arratsaldeko ohiko kontzertuak izango dira Principalean.

Pandemiaren bilakaera pixkanaka izaten ari den hobekuntzari esker, Gasteizko jazzaldian parte hartu ahal izango dute nazioarteko hainbat musikarik, hala nola Antonio Sánchez mexikarrak edo Thumbscrew talde iparramerikarrak. Ondo aukeratutako jazz musikari nazionalen sorta batekin batera, programa polita osatu da, talentu berriak zabaltzea eta musika estilo horrekiko leialtasuna lehenesten dituena.

Sarrera solteak salgai daude beraien webgunean.

Bestalde, Donostiako Jazzaldia uztailaren 21 al 25era ospatuko da. 60 kontzertu eskainiko dira guztira atondutako zortzi agertokietan.

Azken ukituak ematen ari zaio egitarauari, baina dagoeneko iragarri dituzte zeintzuk izango diren aurtengo sarituak: Donostiako Jazzaldia sariak jazzari eskainitako bi ibilbide luzeri esker ona adierazteko emango dira, bata bakarkakoa, Chucho Váldés musikariari emango zaio; eta bestea taldekoa, La Locomotora Negra taldeari.