INFO

Jokin Altunak 22-20 menderatu du Laso Nafarroako kaiolaren final gogoangarrian

Neurketa bikaina sinatu dute bi finalistek, erritmoa bizian jokatu eta 358 pilotakada jo arren oso huts gutxi izan dituena. Amezketarrak gehiago asmatu du azken txanpan, baina Laso ere irabazletzat jo beharra dago profesionaletara egin duen itzulera ikusgarria kontuan hartuta.

Altuna, txapela jantzita, Lasorekin batera sari banaketa ekitaldian (Idoia ZABALETA / FOKU)

Jokin Altunak 22-20 menderatu du Unai Laso Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren final ikusgarri bezain gogorrean. Amezketarrak bere joko onena atera behar izan du azken hamar egunotan zale guztiak harrituta utzi dituen Laso handi bat mendean hartzeko.

Partida bikaina izan da, erritmo oso bizian jokatutakoa eta 358 pilotakada jo arren oso huts gutxi izan dituena. Pandemia malapartatu honegatik izan ez balitz, a zer giroa sortuko zen Labriteko harmailetan eta a zer gozatua hartuko zuten bertan egoteko aukera izango zuketen ikusleek.

Modu horretan, Altunak bigarren aldiz jantzi du Nafarroako Lau eta Erdiko txapela, 2019ko azken ekitaldian lortutako garaipenari jarraipena emanez, eta banaka jokatzen diren lehiaketetan jada hirugarren garaipena du segidan, azkeneko Lau eta Erdiko Txapelketa nagusia eta Buruz Buruko Txapelketa bereganatu ondoren.

Lasoren une txarra

Igande arratsaldean jokatuta zegoen arren, Unai Laso bizi-bizi jokatzen hasi da lehen unetik eta bereak izan dira lehen abantailak. Nafarra 2-4 aurreratu da tanto ederrak jokatuz, baina Jokin Altuna ere ez zaio atzean gelditu eta jokoa oso parekatua izan da lehen zati horretan.

Berdinketak izan dira 4-4, 5-5 eta 6-6an, eta Laso berriz ere aurretik ipini da 6-8an. Hala ere, bizpahiru tanto oso gogorrak izan dira fase horretan eta, Lasoren alde erori diren arren, paradoxikoki Altuna izan da tanto horietan agindu duena eta aurkaria asko mugiarazi duena.

San Fermin egunez ohikoa izaten den berorik egin ez arren pilotalekuan, Laso nekea nabaritzen hasi da eta Jokin Altuna bere legea ezartzen joan da apurka-apurka. Amezketarrak zazpi tanto egin ditu segidan, 6-8tik 13-8ra igaroz, eta bazirudien neurketa apurtzera ziohala.

Gogoratzeko moduko amaiera

Baina ez da horrela izan. Gipuzkoarrak luzeegi atera duen sake batek sakea eta tantoaren ekimena itzuli dizkio Lasori, eta nafarrak ez du oparia alferrik galdu. Zentzu horretan, aipagarria da Bizkarretakoak itzulera honetan erakutsi duen indar sikologikoa, une zailei aurre egiteko erakutsi duen gaitasuna.

Lasok lau tanto egin ditu jarraian, 13-12 gerturatu da, eta hortik aurrera finala estu-estu joan da amaieraraino. Tanto onak, gogorrak, emozioz betetakoak… bata bestearen atzetik etorri dira eta ez zen batere argi ikusten garaipena zeinentzat izan zitekeen.

Erabateko parekotasun hori apurtzeko moduko tanto bat 17-18koa izan da. Izan ere, beste tanto gogor baten amaieran Lasok traba egin dio Altunari eta amezketarraren pilotakadak nafarraren bizkarrean jo du. Epaileak buelta eman beharrean Lasoren tantoa igoarazi du markagailura eta Jokin Altuna oso haserre agertu da erabakiarekin.

Horrelako jokaldiak arriskutsuak izaten dira askotan, baina Altunak beste behin erakutsi du buruz ere sekulako kirolaria dela, eta ez da partidatik irten. Lanean jarraitu du eta 17-19koari buelta emateko gai izan da azken txanpan, tanto bikainak sinatuz.

Azkenean, Altunak zabalera bikain irekitako pilota batekin lortu du 22-20 erabakigarria eta bera izan da txapela jantzi duena, nahiz eta kasu honetan bi finalistak irabazle izan direla esan daitekeen, pilota bera bezalaxe.

Pilotakadak: 358. Partidaren iraupena: 65 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-8, 13-8, 13-12, 14-12, 14-15, 17-15, 17-19, 21-19, 21-20 eta 22-20. Sakez: 2 Altuna III.ak (eta falta bat) eta 1 Lasok (eta falta bat). Jokoan egindakoak: 15 Altuna III.ak eta 14 Lasok. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak eta 4 Lasok. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua, ateak itxita. Gorka lehengusua izan zen Jokin Altunaren botileroa eta Jon Mariezkurrena Lasorena. Lehen sakea, gorri.