Ilusioa eta lan egiteko gogoak, Amorebieta berriaren oinarria
Iñigo Velez de Mendizabalek urdinen denboraldi-aurreko lehen lan-saioa zuzendu du ostegun honetan Urritxen. 24 jokalarik parte hartu dute. Mikel San Joseren fitxaketa hurrengo orduetan ixtea espero du Asier Goiriak.
Ilusioa –nola ez!– izan da nagusi Amorebietaren denboraldi aurreko lehen-saioan. Eta ilusioa bera, lanarekin batera, izango da ostegun honetan hasi den aro berri eta historikoaren oinarria.
Bere arduradunek kluba Bigarren Mailara ekarri duen blokea mantendu nahi izan dute; izan ere, fitxatzeko orduan erabiltzen ari den irizpide nagusietakoa, Iñigo Velezek zuzendutako taldeak futbola ulertzeko eta jokatzeko duen erara moldatzeko gaitasuna izan da.
Entrenatzaile arabarrak 24 jokalarirekin egin du lan ostegun honetako lehen saioan. Horietako 18 igoera lortu zuen taldekoaren parte izan ziren: Mikel Saizar, Unai Marino, Iker Seguín, Aitor Arregi, Mikel Zarrabeitia, Aitor Aldalur, Aimar Sagastibeltza, Beñat Garro, Jon Irazabal, Beñat Leiza, Unai Uberuaga, Mikel Alvaro, Iker Bilbao, Gorka Larrucea, Asier Etxaburu, Iñigo Orozko, Koldo Obieta eta Iker Unzueta.
Eurekin batera sei etorri berriak ere aritu dira Urritxeko lehen entrenamenduan: Oier Luengo, Markel Lozano, Iker Amorrortu, Oscar Gil, Josu Ozkoidi eta Lander Olaetxea. Azken hauen inguruan, Iñigo Velezek «guk jokatzeko erara moldatu daitezken futbolariak» direla azpimarratu du. «Pixka bat berezia da, sistemari dagokionez, estutzeko orduan… Ekarri nahi genituen jokalariak etorri dira. Amorebietaren profil osoa dute, guk daukagun ideiarentzat aproposak».
Gauza bera adierazi du Asier Goiriak. «Oiarria mantendu dugu, hori argi geneukan. Eta jokalari berriak ekarri ditugu, taldea sendotu behar delako futbol profesinalean aritzeko, baina ondo ezagutzen ditugun eta gure taldera moldatu daitezken jokalariak dira», esan du kirol zuzendariak. «Eta gosea duen jendea da –gaineratu du–. Datorren jendeak agian ez dauka esperientziarik Bigarren Mailan baina gosea dauka eta guk hori behar dugu».
Hurrengo fitxaketak bai eman diezaiokela esperientzia talde bizkaitarrari. Goiriak onartu duenez, Mikel San Joseren etorrera «oso aurreratuta dago. Ia ordu gutxi batzutan poztasun hori hartzen badugu».
Kamiseta urdina jantziko dutenek badakite zein izango den bere erronkaren oinarria. «Ilusioa, lana eta ondo egiteko gogoak. Ez dago bertigorik. Errespetu handia daukagu, Bigarren Mailan oso talde handiak daudelako eta partida guztiak exijentzia handikoak izango direlako. Baina ilusioa eta lan egiteko eta ondo egiteko gogoak bertigoa baino askoz handiagoak dira», azpimarratu du Velezek.
Egunerokoari garrantzia ematea eskatu du entrenatzaile urdinak, epe luzeko helburuak jarri barik. «Nire helburua denboraldi-aurrea ahal den hoberen egitea da. Epe luzeko helburuak ez ditut markatzen. Garrantzitsuena une honetan prestakuntza on bat egitea da, kontzeptuak barneratu eta partida garrantzitsua Gironaren aurkakoa da. Hortik aurrera ez dut gehiago pentsatzen».
Pertsonalki oso ilusionatuta dagoela onartu du: «Ilusio handiarekin ekingo diot erronka honi. Hiru urte daramatzat Amorebietan, eurekin igo naiz eta zer hobe maila honetan eurekin debutatzea baino. Eskerrak ematen dizkiot konfiantzagatik eta ondo egiteko gogoekin nago».
Lehen lagunartekoak, datorren astean
Astebete barru jokatuko du Amorebietak aurredenboraldiko lehen lagunartekoa. Burgos hartuko du Urritxen uztailaren 14an (18.00). Etxean jokatuko du baita ere UD Logroñes (uztailak 24) eta Eibarren (abuztuak 4) aurka. Uztailaren 17an, berriz, Alaves bisitatuko du Ibaian eta uztailaren 31an La Planillan jokatuko du Calahorraren aurka.