Tubacexeko zuzendaritzak ez duela inor kaleratzeko arrazoirik adierazi du LABek
Tubacexeko 129 kaleratzeak baliogabetzen dituen epaiaren ondoren, LAB sindikatuak adierazi du enpresak ez duela langile bakar bat kaleratzeko arrazoirik, eta zuzendaritzari eskatu dio kanporatutako pertsona guztiak berriro onartzeko eta errekurtsoa kentzeko.
LAB sindikatuak ostegun honetan baloratu ditu Tubacexeko 129 langileren kaleratzeak baliogabetzat jo dituzten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak eta «garaipen garrantzitsua» gisa kalifikatu ditu. Sindikatuaren arabera, Tubacexeko zuzendaritzak ez du «nolako arrazoirik langile bakar bat ere kaleratzeko», eta bere ustez argi geratu da arrazoi bakarra «zekenkeria eta langileekiko gutxiespena» dela.
«Tubacexeko zuzendaritzak publikoki iragarri du helegitea jarriko duela eta horrek esan nahi du aurrera jarraitzen duela 129 pertsona kaleratzeko asmoarekin. Madrilgo auzitegi batean bilatuko du hemen lortu ez duena. Hori dela eta, LABetik diogu lanpostu guztiak bermatzeko bide bakarra borrokan jarraitzea dela, zuzendaritzak bere asmoak bertan behera utzi arte, kaleratuak berriz onartu arte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei jarritako errekurtsoa bertan behera utzi arte», azaldu du sindikatuak ohar batean.
Zentzu honetan, langileek eginiko 148 greba egunak gogoratu ditzute, 148 egun non «indibidualismoaren gainetik klase kontzientziak irabazi duen». Adierazi duenez, borroka horrek guztiak «0 kaleratze eta 0 murrizketa» helburutik hurbilago egotera daramatza. Hala ere, azken garaipena oraindik ere falta dela uste du: «Tubacexeko langile guztiok elkarrekin sartuko gara gure lanpostuetara, bat eginda eta batuta, orain arte bezala». Hala, Tubacexeko zuzendaritzak kaleratzeko ahaleginean amore emateko, kanporatutako pertsona guztiak berriz onartzeko eta epaiei jarritako helegitea kentzeko eskatu du LABek.
«Eskualde baten etorkizuna»
Era berean, Lakuako Gobernuari eta, zehazki, Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapenerako Sailari eta Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailari eskatu die kaleratutako langile guztiak lanera itzuliko direla bermatzeko. «Euskal gizarteak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argi hitz egin dute, Tubacexen ez dago inor soberan. Onartuko al du, beste alde batera begira, Madrilgo auzitegi batek 129 langileren eta haien familien etorkizuna erabakitzea? Onartuko al du Madrilen auzitegi batek eskualde baten etorkizuna erabakitzea?», galdetu die sindikatuak.