Bozak egin eta hilabete eta erdira, Castillo Peruko presidente hautatu izendatu dute
Pedro Castillo ezkerreko kandidatua Peruko presidente hautatu izendatu dute. Duela hilabete eta erdi hauteskundeak egin zirenetik, Keiko Fujimori ultraeskuindarra izendapena atzeratzen saiatu da, inolako frogarik aurkeztu gabe iruzurraren mamua haizatuz.
Fujimorik aurkeztutako azken helegiteak –mila baino gehiago izan dira orotara– funtsik gabekotzat jo ondoren, Hauteskundeen Epaimahai Nazionalak (JNE) ekainaren 6ko bozketaren emaitzak berretsi ditu. Hauteskunde horietan garaipen estua lortu zuen Castillok, 44.263 botoko aldearekin gailendu baitzitzaion Fujimoriri, baliozko botoen % 50,12 lortuta.
Presidente aldaketa gertatu baino zortzi egun lehenago izendatu dute, beraz, Castillo. Izan ere, hilaren 28an, Peruk bere independentziaren 200. urtemuga ospatuko dituen egunean, Francisco Sagasti egungo agintariak Andeetako landa eremuko irakaslearen esku utziko baitu Estatuko buruzagitzaren lekukoa.
Era berean, bideokonferentzia bidez eginiko osoko bilkuran, Dina Boluarte presidenteorde izendatu du JNEk. Aurreko presidenteek ez bezala, Castillok lehenakariorde bakarrarekin ekingo dio agintaldiari, Peru Libre alderdiko sortzaile eta buruzagi den Vladimir Cerronen hautagaitza baliogabetu baitute, ustelkeriagatik zigortua izan baita.
Izendapenaren ostean, Twitterren mezua argitaratu du presidente hautatuak, «Peruko herriari garaipen historiko honengatik eskerrak emateko». Era berean, jendarteko sektore guztiei dei egin die «Peru inklusiboa, Peru justua, Peru askea eraikitzeko».
¡Gracias pueblo peruano por este histórico triunfo! Ha llegado el momento de llamar a todos los sectores de la sociedad para construir unidos, en este Bicentenario, un Perú inclusivo, un Perú justo, un Perú Libre. Sin discriminación y por los derechos y todos y todas. (1/2) pic.twitter.com/JmMdT9miaY
— Pedro Castillo Terrones (@PedroCastilloTe) July 20, 2021
Bere alderdiaren egoitzan emandako diskurtso batean, «diskriminaziorik gabeko eta guztion eskubideen aldeko» herrialde bat eratzeko deia egin du eta Fujimoriri ere dei bat egin dio, ez dezan «oztoporik jarri aurrera egiteko».
Iruzurraren diskurtsoari eutsi dio Fujimorik
Izendapena ofizial egin aurretik, Keiko Fujimorik agerraldi publikoa egin zuen eta, kazetarien galderarik onartu gabe, JNEren erabakia errespetatuko zuela agindu zuen. Halere, azken aste hauetako diskurtsoari eutsita, iruzurra egon zela errepikatu zuen eta, hortaz, Castilloren izendapena «legez kanpokoa» dela adierazi zuen.
Hala, Alberto Fujimori presidente ohiaren alabak (1990-2000) ustezko «iruzur sistematikoa» salatzen jarraitu zuen, hauteskundeen biharamunetik egin zuen bezala, hirugarren porrota ziurtzat jo zen momentutik. 2011n Ollanta Humalaren aurka eta 2016an Pedro Pablo Kuczynskiren aurka ere galdu baitzuen.
Orain arte, baina, Fujimorik eta bere aliatuek ez dute salatu dituzten irregulartasunen froga bakar bat ere aurkeztu. Are gehiago, salaketa gehienak ustez faltsututako sinadurekin izenpetutako aktei lotutakoak izan badira ere, kasu askotan ustezko kaltetuak publikoki atera dira akusazio horiek gezurtatzera eta aktetako sinadurak eurenak direla berrestera
Hauteskunde hauetara aurkezteko erabakia hartu zuenean, haren aurkako 30 urte baino gehiagoko espetxe zigorra eskatzen dute, aurreko hauteskunde-kanpainetako finantzaketa irregularrarekin ustez dirua zuritzeagatik.
Castillok 2021-2026 eperako Presidentetza bere gain hartuko du, diskurtso oso erreformista batekin, Konstituzio berri bat barne hartzen duena, indarrean dagoenak, 1992an Fujimoriko «autokolpetik» sortutakoak, ekonomia neoliberal bat bultzatu duela iritzita, zeinaren aurrerapen ekonomikoak ez dituen desberdintasun sakonak konpondu.