INFO

Clara Azurmendik ezin izan du garaipen batekin hasi bere partaidetza Tokion

Donostiarrak Seyoung An hego-korearra izan du aurkari aurreneko jardunaldian eta asiarra 2-0 nagusitu zaio (21-13 eta 21-8). Hurrengo neurketa astelehenean jokatuko du Dorcas Ajoke Adesokan nigeriarraren kontra Euskal Herrian goizaldeko 05.00ak direnean.

Azurmendi, gaurko partidan jo eta ke (Alexander NEMENOV / AFP)

Clara Azurmendi donostiarrak ezin izan du garaipen batekin hasi bere partaidetza Tokioko Olinpiar Jokoetan. Gipuzkoarrak Seyoung An hego-korearra izan du aurkari aurreneko jardunaldian eta asiarra 2-0 nagusitu zaio euskaldunari.

Lehen jokoa 21-13 irabazi du Seyoung An gazteak (19 urte) 19 minutuan, eta bigarrena are emaitza argiagoarekin bereganatu du hego-korearrak, 21-8, nahiz eta iraupena 22 minutura joan den.

Bazekien Azurmendik oso lan zailak izango zituela Tokion, eta aurreneko partidan halaxe izan da. Estatistikei begira jarrita, adibidez, bere aurkariak 27 tanto egin ditu sakez eta Azurmendik 6 baino ez.

Azurmendi C multzoan dago eta hurrengo neurketa astelehenean jokatuko du Dorcas Ajoke Adesokan nigeriarraren kontra Euskal Herrian goizaldeko 05.00ak direnean.

Hori bai, Azurmendiri ez zaio faltako bere lagun eta senideen babesa Euskal Herritik, sare sozialetan argi utzi duten moduan.