INFO

Pauline Adok Sally Fitzgibbons australiarra izango du aurkari final-zortzirenetan

Surflari lapurtarra final-zortzirenetara sailkatu da Tokioko Olinpiar Jokoetan, nahiz eta horretarako bi kanporaketa behar izan dituen. Lehen fasean hirugarren izan da Stephanie Gilmore eta Silvana Limaren atzetik, baina bigarren aukeran aurrera egitea lortu du. Final-zortzirenak, bihar bertan.

Pauline Ado, eguneko lehen txandan olatu txikiei zukua atera nahian (Olivier MORIN / AFP)

Pauline Ado surflari lapurtarra final-zortzirenetara sailkatu da Tokioko Olinpiar Jokoetan, nahiz eta horretarako bi kanporaketa behar izan dituen.

Adok lehen faseko hirugarren txandan ekin dio lehiaketari, Stephanie Gilmore australiarra, Silvana Lima brasildarra eta Anat Lelior israeldarrarekin batera, eta ezin izan du aurrera egiteko txartela ematen zuten lehen bi postuetan sailkatu.

Zehazki, Pauline Ado hirugarren izan da 9.17 punturekin. Txandaren irabazlea Gilmore izan da, zazpi aldiz munduko txapeldun izandako surfalri aparta, 14.50 punturekin. Bigarren Lima sailkatu da (12.13) eta txandako azken postua Lelior israeldarrarentzat izan da (7.77).

Surflari lapurtarrak 5.50 puntuko olatu bat hartu du, eta antzeko beste bat behar zuen aurreneko bien artean sartzeko, apur bat hobea seguraski. Baina ez du bigarren olatu hori hartzeko aukera izan eta garesti ordaindu du azken puntuaketan.

Beste aukera bat izan du, ordea, eta ez du alferrik galdu. Bigarren fase deitzen dioten horretan Yolanda Hopkins portugaldarra, Sofia Mulanovich eta Daniella Rosas peruarrak eta berriz ere Anat Lelior israeldarra izan ditu aurkari.

Kasu honetan, Pauline Ado bigarren sailkatu da, 9.66 punturekin, Hopkins portugaldarrak irabazi duen txandan (12.23). Sofia Mulanovichek ere aurrera egin du, hirugarren saikatu ostean (9.36).

Astelehenean hasiko dira kanporaketak

Denborarik galdu gabe, eta Tokiora hurbiltzen ari den tifoiak izan dezakeen eraginaren zain, final-zortzirenetako kanporaketak astelehenean bertan hasiko dira, buruz buruko norgehiagoketan. Pauline Adok Sally Fitzgibbons australiarra izango du aurkari, munduko zirkuitu nagusian txapelketak irabaztea zer den dakien surflaria.

Emakumezkoetan hauexek dira neurketak: Stephanie Gilmore / Bianca Buitendag, Johanne Defay / Yolanda Hopkins, Brisa Hennessy / Ella Williams, Caroline Marks / Mahina Maesa, Carissa Moore / Sofia Mulanovich, Silvana Lima / Teresa Bonvalot, Tatiana Weston-Webb / Amuro Tsuzuki eta Sally Fitzgibbons / Pauline Ado.

Eta gizonezkoetan beste hauek: Kanoa Igarashi / Rio Waida, Kolohe Andino / John John Florence, Michel Bourez / Ramzi Boukhiam, Gabriel Medina / Julian Wilson, Italo Ferreira / Billy Stairmand, Hiroto Ohhara / Miguel Tudela, Lucca Mesinas / Leonardo Fioravanti eta Owen Wright / Jeremy Flores.