INFO

Hondakinen bereizketa okerragoa da osasun krisia hasi zenez geroztik

Ipar Euskal Herriko kostaldean %30ean baino gehiagotan oker sailkatzen dira hondakinak. Bil ta Garbi egiturak jakinarazi duenez, osasun krisia hasi zenez geroztik, hondakinen produkzioa apaldu bada ere, bereizketaren kalitatea ere jaitsi egin da hainbat arrazoi tarteko.

Hondakinen banaketarako zinta. (GETTY IMAGES)

Bilana ez da ona eta horri aurre egiteko jada lanean hasi da Ipar Euskal Herriko hondakinen kudeaketaz arduratzen den Bil ta Garbi sindikatua. Stephanie Walch eta Nicolas Seguin sindikatuko langileek ohartarazi dutenez, lehen konfinamenduaz geroztik, hondakinen bereizketari dagozkien akatsak emendatu dira. 2019. urtean hondakinen bereizketa %5ean igo bazen, 2020an %3ra jaitsi da.

Etxeko hondakinen zakarrontzietan botatako maskarak edo jantziak, hondakindegietara eramaten ez diren kartoi handiak, zakarrontzi horian botatzen diren berinak… Adibideak trumilka dira, eta zoritxarrez, gero eta gehiago. Ehiza garaian, adibidez, Nicolas Seguinek dio animalia hilak ere atzeman izan dituztela, larru edo hezurrekin batera.

Hain zuzen, Seguinek dioenez, lanpostu batean, hots, zortzi orduko lan txanda batean, langile batek 200 eta 600 maskara inguru atzeman ditzake. Halaber, sailkapen sail batzuetan ordu erdi batean ehun maskara atzeman ditzake langile batek.

Ipar Euskal Herriko kostaldean %30ean baino gehiagotan akatsak egiten dira birziklatu daitezkeen hondakinen sailkapenean. Arrazoia zehazki zein den ez daki Bil ta Garbi sindikatuak, barnealdean ere zifrak ez baitira onak.

Hala ere, iragan urteko otsailean osasun krisia hasi zenez geroztik, herritarrek beren ohiturak aldatu dituztela dio Stephanie Walchek. «Jendeak gehiago erosten du Internetetik eta etxean jasotzen dituzte kartoi handiak. Zuzenean botatzen dituzte, hondakindegietara eraman beharrean. Horrek arazo bat suposatzen digu», deitoratu du.

Jakin behar da Baionan kokatua den Bil ta Garbiren hondakinen zentroan langileek gaizki birziklatuak diren poltsak banan-banan aztertzen dituztela, poltsa egokian ez dagoena baztertzeko eta bereizketa egokia egiteko. «Kartoiak banaka kentzen dituzte. Ohartu behar gara gizakiak daudela gaizki egiten den keinu bakoitzaren gibelean. Gainera, batzuetan makinak ere blokeatu daitezke eta lan istripuak gerta daitezke», dio.

Sentsibilizazioaren beharra

Emendatu diren akatsei aterabideak atzemateko, kanpaina berezia abiatu du Bil ta Garbik uda honetarako. Urtean zehar 17 enbaxadore sentsibilizazio lanetan ibiltzen dira; uda garaian, aldiz, 19 dira. Langileak azaldu duenez, hauek merkatuak, turismo bulegoak, edo Iratiko gunean tokiko herritarrak eta baita turistak ere informatzen dituzte. Nicolas Seguinek azpimarratu duenez, orotara 200 ekintza egiten dira uztail eta abuztuaren artean.

Halaber, urtean zehar ere eskoletara joaten dira ikasleei hainbat gauza azaltzeko: zer den hondakin bat, zertarako balio dezake, nola apaldu daiteke hondakinen kopurua… Iazko ikasturtearen lehen hiruhilekoan 3.800 ikaslerengana jo zuten animazioen bidez, jakinda animazio anitz bertan behera gelditu zirela krisi sanitarioa dela eta.