INFO
Entrevue
Jon Larrea
Amorebieta taldeko presidentea

«Orain arteko lanak ez du zerikusirik egungoarekin, beste galaxia bat da hau»

Abuztuaren 14an, Amorebietak Bigarren A Mailako partida bat jokatuko du, taldearen historian lehen aldiz. Baina bulegoetan lanean ari direnek ez dute orain artean gozatzeko denbora handirik izan. «Oraindik ere xanpaina zabaltzeko daukat», onartu du klubeko presidenteak.

Jon Larrea, Urritxen ateratako argazkian (Monika DEL VALLE / FOKU)

Abokatua, irakaslea eta Amorebietako presidentea izanik, azkenengo hiru hilabeteetan familiarekin egoteko libre izan dituen arratsaldeak hatzekin konta ditzake Jon Larreak. «Zorionez, futboleroak dira beraiek ere eta, klubean bada ere, elkarrekin egoteko aukera badugu», onartu du, irribarrez.

Aurreko hiru denboraldietan bizitakoak ez dauka zerikusirik orain bizitzen ari zaren zoramenarekin.

Orduan ere batzuek zoratuta nengoela esaten zidaten! Aurrera egin genuen eta nola imajinatu hiru urte geroago Bigarren Mailan egongo ginenik. Lanpetuta gaude, baita arduratuta ere, erantzukizun handia delako, baina, batez ere, pozik eta ilusio handiarekin gaude. Eta lortutakoa ospatzeko gogoz ere.

Oraindik lortutako balentria ospatu gabe, ala?

Maiatzaren 22an, Badajozeko partida amaitu eta berehala, gainera zetorkiguna pentsatzen jarri ginen ezinbestean: aldaketak, burokrazia, zelaia... Oraindik ez dut ospakizunik egin, ezta negarrik ere. Beti esaten dut egunen batean lehertuko naizela, xanpain botila bat zabalduko dudala... baina beti dago premiazko zer edo zer egiteko!

Behintzat orain klubeko zuzendari orokorraren laguntza duzu...

Ez bakarrik zuzendariarena: kluba profesionalizatu egin behar izan dugu. Bulego batzuk alokatu ditugu, komunikazio departamendua, finantzarioa, administratiboa sortu... Lau langile izatetik hogei bat izatera pasatu gara. Orain arteko lanak ez dauka zerikusirik egungoarekin, beste galaxia bat da hau. Lehen ostegun arratsalde batean geratzen ginen, edo larunbatean partida aurretik; bafleak ipini, sarreren kontua antolatu eta bitartean klubeko gauzez hitz egiteko baliatzen genuen. Orain 24 orduko exijentzia da, beste abiadura batean mugitzen da kluba uneotan.

Aurreko egunerokotasuna faltan botatzen duzue? Seme-alabak handitzen direnean bezala?

Neurri batean baliteke. Baina Amorebieta ez da bakarrik lehen taldea. Hor, Txolonen, hogei bat talde dauzkagu eta horretaz ere arduratu behar dugu. Lana ez dugu faltan.

Zuzendari orokorra izatea Futbol Liga Profesionalaren exijentzia da. Eta ez da izan duzuen bakarra.

Oso exijentea da guztia. Diru bat jasotzen duzu, baina horren zati batekin eurek esaten dizute zer egin behar duzun: departamendu jakin batzuk sortu, gutxieneko langile kopuru bat izan, hitzartutako protokoloak bete... Prozesu horretan, lagundu ere, laguntzen dute. Bestetik, oso gogorrak dira izena emateko baldintzak ere; adibidez, 500.000 euro jarri behar dira, bermeak aurkeztu, azpiegiturek baldintza batzuk bete behar dituzte, auditoria bat aurkeztu behar da... Asko eta gogorrak dira baldintzak.

Erronka handia duzue aurrez aurre: kirol sozietate anonimo bilakatu hurrengo denboralditik aurrera maila profesionalean lehiatzen jarraitu ahal izateko.

Horrela da. Eta pausoak ematen hasi behar dugu ja, urtebeteko epea izan arren Ligak urtean zehar aztertzen duelako prozesua nola doan. Urratsez urrats egingo ditugu gauzak eta hori guztia gure bazkideek erabaki eta bozkatu beharko duten zerbait da.

Berehala hartu beharreko erabaki zail bat ere baduzue: etorkizunera begira dirua gorde jaisteko hautagai nagusiak igo berriak direla jakinda edo taldea indartu ametsa luzatzen saiatzeko.

Gakoa oreka da. Orain arte egindakoarekin bat, pausoz pauso egingo ditugu gauzak. Eta zentimo bakoitza zenbatuz. Askok uste dute orain aberatsak garela, inoiz baino diru gehiago jasoko dugulako, baina sartzen den bezala irten ere egiten da, gastuak ere inoiz baino altuagoak direlako. Argi daukagu Amorebieta ez dela 2021-21 denboraldiko taldea; klubak ehun urte ditu eta beste ehun betetzea nahi dugu. Ez gara aberatsak, ezin gara zoratu eta, taldea deskuidatu barik, apurka-apurka kutxan dirua sartzen saiatuko gara.

Zenbait fitxaketa egin dituzue, baina jarraitutasunaren aldeko apustua argia da.

Aldaketak egotea normala da, edozein mailako edozein taldetan izaten dira urtero-urtero. Hala ere, entrenatzaileak eta hamabost jokalarik jarraituko dute. Taldearen indarra, nire ustez, giroa da. Askok esaten dute giro ona dutela aldagelan; nik ez dakit beste taldetan nolakoa den, baina hemengoa oso ona da. Horrek eta gertutasunak indar handia ematen digute.

Apaltasuna funtsezkoa izan daiteke oreka mantentzeko, ezta?

Baliteke. Ondo gogoratzen dut taldea nola joan zen Badajozera. Euren zelaia, euren zaletuak harmailetan, berdinketa eurentzat... baina gure jokalariak konfiantzaz beteta joan ziren, agian dena kontra ikusten zutelako. Agian antzeko zerbait gerta daiteke orain: gu geurera, lan eginez gauzak lor daitezkeela frogatu eta garaitu nahi gaituen taldeak zelaian egin dezala.