INFO

Olinpiar Jokoetako burbuilan 24 kasu positibo berri antzeman dituzte azken egunean

Olinpiar Jokoekin nolabaiteko zerikusia daukaten pertsonen artean 24 kasu positibo berri antzeman dituzte ostegun honetan eta hala, guztira burbuila olinpikoan antzeman diren kasuak 193ra igo dira –horietatik 20, kirolariak dira–. Antolatzaileek ezarritako neurriak defendatu dituzte. 

Olinpiar Jokoetako langile bat koronabirusaren aurkako neurriak hartzea gogorarazteko afixa batekin, zaleak txirrindularitzako lasterketa ikustera doazen bitartean. (Yuki IWAMURA/AFP)

Koronabirusak ez du etenik, ez eta Olinpiar Jokoetan ere. Zalaparta apur bat baretu den arren, kasuak gora doaz eta ostegun honetan, 24 kasu positibo berri antzeman dituzte Olinpiar Jokoen burbuilan; hitzordu olinpikoarekin zerikusia daukaten pertsonetan, alegia. Kasu berri hauekin, Jokoak hasi direnetik, 193 positibo antzeman dituzte eta horietatik 20 kirolariak dira. 

Azken berrien arabera, Australiako atletismo taldea bakartuta dago badaezpada ere, Sam Kendricks atleta estatubatuarrak azken proban positibo eman ostean. Australiako hedabideek azaldu dutenez, Kurtis Marshall australiarrarekin batera entrenatu zen Kendricks. 

Nolanahi ere, Olinpiar Jokoetako antolatzaileek ziurtatu nahi izan dute koronabirusaren aurka hartutako neurriak «eraginkorrak» ari direla izaten, beraien esanetan, Japonian hazten ari den kutsatuen kopuruak ez baitu zerikusirik hitzordu olinpikoarekin. 

Atletek edo langile olinpikoek Tokioko bizilagunei hedatutako «kasu bakar bat ere ez da antzeman oraingoz, guk dakigunez», adierazi du Nazioarteko Olinpiar Batzordeko bozeramaile Mark Adams. 

Zurrumurru hauek bizia hartu dute Japonian kutsatuen kopuruak maila gorena jo ostean. Asteazkenean, 9.583 kasu positibo antzeman zituzten herrialde osoan, egun bakar batean antzematen diren kutsatuen kopuruaren errekor berri bat ezarriz. Tokion ere errekorra ezarri dute, egun bakar batean 3.865 positibo antzemanda. 

«Proba gehien egiten dituzten komunitate bat da gurea eta gainera neurriak oso zorrotzak dira», defendatu du bozeramaileak. Datuek diotenez, egin diren 300.000 probetatik positibitate-tasa %0,02koa da.

Era berean, azpimarratu dute osasun-sistemaren gaitasuna estutzearekin ere ez daukatela zerikusirik Olinpiar Jokoek, hiribildutik soilik bi pertsona eraman baitituzte ospitaleetara, batzorde bakoitzak normalean beraien zerbitzu medikua izaten baitu. 

Zenbait adituk, hala ere, "Efektu olinpikoaz" hitz egin dute, herritarrak etxetik gehiago ateratzea eta senide eta lagunekin elkartzea eragingo lukeena, Tokioko Jokoek sortzen dituzten ospakizun giroko lehiaketak ikusteko, nahiz eta oraingoz ez den antzeman Japoniara etorritako milaka atleta atzerritarrekin lotutako kutsadurarik.

Beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko deia

Yuriko Koike Tokioko gobernadoreak adierazi duenez, Jokoek «herritarrei etxean geratzen laguntzen diete, telebistaz ikusteko» eta hiriburuko herritarrei behar-beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eskatu die.

Shigeru Omi mediku adituak, pandemiaren aurkako borrokan Gobernuari aholkatzen dion plataformarren buru denak, birusaren gorakadaren faktoreen artean «jendea koronabirusera ohituta» dagoela aipatu zuen, baita eskola-oporrak, familia-ospakizunak eta jokoak elkartzen diren urteko garai hau ere.

«Arazorik handiena da ez dagoela partekatuta arrisku zentzua gizarte osoan. Kontzientziaziorik gabe jarraitzen badu, birusaren hedapena bizkortu egingo da eta laster presio handiagoa eragingo du osasun sisteman», ohartarazi du Omik.

Adituak herritarren arteko harremana murrizteko «neurri gehiago" hartzeko deia egin du, eta Gobernuak eta Jokoak antolatzen dituen batzordeak «osasun sistema kolapsatzea saihesteko ahal duten guztia egiteko ardura» duela gaineratu du.

Japoniaren neurriak

Osasun-larrialdi egoera uztailaren 12an berrezarri zen Tokion, eta abuztuaren 22ra arte iraun behar du. Japoniako gobernuaren dispositiboa tabernak eta jatetxeak irekitzeko ordutegiak murriztean eta, teorian, alkohol-salmenta debekatzean datza.

Inguruko hainbat departamentu laster batu daitezke larrialdi egoerarekin. Baina Japoniako osasun adituen arabera, neurri horiek ez lirateke nahikoa izango.

Orain arte, Japoniak beste herrialde askok baino eragin txikiagoa izan du pandemiaren ondorioz; izan ere, 15.150 pertsona hil dira covid-19a lehen aldiz bertan agertu zenetik.

Baina txertaketa beste herrialde industrializatu batzuetan baino motelago hasi zen bertan: biztanleria osoaren %27k du txertoaren pauta osoa jasota.