INFO
Entrevue
Joxe Mari Barrenetxea
Oriamendi enpresako arduraduna

«Musika jarri behar bada, musika jarriko dugu, baina jende gaztea erakarri behar dugu»

Abuztua izaten da, azken urteetan iraileko lehen bi asteekin batera, erremonteko Buruz Burukoarekin, modalitate honen sasoirik garrantzitsu eta emankorrena. Pandemiak are zailagoak jarri dizkio gauzak kirol honi eta egoeraren berri jakin izan nahi dugu Oriamendiko arduradunarekin.

Joxe Mari Barrenetxea Galarretan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Garai zail batzuen ostean, urteko sasoirik garrantzitsuenaren aurrean nola dago Oriamendiren animoa?

Garai zailak izan ditugu eta oraindik ere hala dira, ez dira pasa. Baina udararako ilusio handiarekin gaude, bederatzi hilabete itxita egon ondoren irekitzeko aukera izan dugu, txapelketa bat egin berri dugu, Sanferminetakoa, ona izan da eta orain  banakakoa dator, pilotariak ilusio handiarekin daude eta hauek ala badaude, gu, zalantzarik gabe, lanerako prest.

Eta aurrera begira, lehendabizi uda pasako dugu, ikusiko dugu nola dauden gauzak eta urte bukaerarako Binakakoa antolatzeko asmoa daukagu. Gero hurrengo bi urteak, 2022 eta 2023, aurrera egiteko asmotan gaude eta gainera  Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin laguntza adostuta daukagu aurrera egiteko asmoarekin.

Pandemia gogorra izan da, ziur, baina zuei ate berriak ere ireki zaizkizue, esaterako sarri eskatu izan  duzuen ETBren atea zabaldu zaizu

Pandemia txarra izan da denontzat, baina bere txar horretan, aukera bat topatu dugu ETBrekin akordioetara heltzeko. Iaz, aurreneko konfinamendua amaitutakoan hizketan hasi eta Galarretako 50.urteurreneko txapelketa egin genuen, nahiko txukun atera zen eta aurten Binakakoa amaitu eta gero, Joseba Urkiola EITBko kirol zuzendariak planteatu zigun ea zerbait berezia egingo ote genuen, ateak itxita izan arren. ETBk baldintza batzuk jarri zituen, guk ahal genuen neurrian bete genituen, eurek ere baliabide gehiago jarri zituzten saioak egiteko eta pentsatzen dugu Erremontari programa hori, 9 emanaldikoa, oso txukuna irten zela. Gu oso gustura gaude eta  audientzi aldetik goraka joan zen, finalerdi eta finalean datu oso onak eman zituen eta horrekin oso gustura.

Sanferminetan hiru emanaldi egin ditugu, orain, Buruz Burukoarekin, beste hainbeste izango dira eta telebista behar beharrezkoa dugu orain. Jendea beldurtu ere egin da, ateak irekitzerakoan  jendeak nola erantzungo ote zuen; apustua lehen eskasa  bazen, orain ia desagertu egin da baina  telebista bitartez ikusle askoz gehiago nola egon den, guk babesleak aurkitzeko aukera gehiago ere izan ditugu eta horrekin ari gara lanean.

Jende gaztea erakartzeko balio izan du?

Bai. Bi pilotari berri atera ditugu, Murgiondo eta Loitegi, hauek jende gaztea erakarri dute, beste pare bat badira ateratzeko, Susperregi eta Arregi, eta horiekin ere zerbait izango da, baina telebistan azalduta, zer giro sortzen zen ikusita, aurretik frontoia ezagutzen ez zutenek  zerbait berezia ikusi dute eta Sanfermin  eguneko finalean oso giro ona egon zen frontoian, jende gazte asko eta jende gaztea behar dugu nola edo hala.

Frontoi askotako publikoa da zaharra bada, Galarretakoa bereziki da zaharra...

Hala da, hemen ostegun arratsalde edo larunbat batean jendearekin topo egiten duzu eta 50 urte daramatza frontoi honetara etortzen, pentsa zenbait dituzten eurak. Niri esan izan didate, “hik debutatu huenean gu hemen ginan”. Nik 80an debutatu nuen, 41 urte badira eta eurak oraindik lehenagotik daude hemen. Eta hor eten handi xamar bat izan da, jendea ez da bildu eta ea gazte horiengana heltzen garen eta beste gauzen batzuekin osatuz, giroa sortzen  dugun. Lehen urtean 110 jaialdi ematen genituen, ostegun eta larunbatetan,  gehi  abuztuko astearteak eta beste egun bereziren bat. Orain asmoa da  lau-bost txapelketa egitea urtean zehar,  Sagardoarena, Sanferminetakoa Banakoa, urte bukaeran Binakakoa eta Mastersa, baino azken hau motza izango da. Urtean 35 edo 40 emanaldi ematen baditugu, horiek berotu behar ditugu, horiek girotu egin behar ditugu. Jende gaztea ekarri behar dugu, musika jarri behar dugula, ba jarri egingo dugu, baina  jende gaztea erakarri behar dugu.

Horretan, gauza berriak probatzen, nahiko ausartak izan zarete beti, kamarak kaskoeta, puntuazio sistemak…

Ez gara sekula ezertara itxi ez. Bulegoan Xabi Gonzalezez gain, beste bi pertsona gazte daude, tartean semea eta  Endikak horiek danak  oso gustukoak ditu, kamarak kaskoan jartzearen gai horretan bera ibili da eta orain mikroak jarri dizkiegu aurrelariei… ETBk eskatu digunean hemen eta han beste bi leku jarri behar ditugula kamarentzat, hala egin dugu eta handik eta hemendik, horretan saiatu gara, ez gara itxi. Pilotan orokorrean, eta erremonta bereziki, ateak ireki eta apustuetatik bizitzeko garai haiek joan dira. Orain bilatu nahiko genuke bide txukun bat eta horretan lanean jarri. Partidak motzagoak, 40ra izan beharrean 25 jarri behar badira, setetara jokatu, tarteetan musika jarri… ez dakit, ba horretara moldatu beharko dugu. Nondik nora ikusi beharko dugu, baina horiek denak  kontuan hartuz. Ni egun hauetan batarekin eta bestearekin hizketan ibili naiz eta beti esan izan didate pandemiatik irteten garenean ikusiko dugula nola irteten garen. Ateak ireki dira eta ikusi da zer dagoen, ezer ez. Ez eskuz  ez erremontez,  ez puntaz… Puntaz aurrekoan 800 lagun bai, baina egun batean, urte guztian bizi egin behar da.

Erremonetan Sanfermin finalaren egunean 340 lagun izan ziren finalean, baina aurreko larunbatean 140. Hori ez da bidea. Nik pentsatzen dut, Eusko Jaurlaritzak eskua sartu behar duela serio gai honetan. Beti esaten  dute 50 kirol ditugula eta horietatik  3 estrategikoak direla; herri kirolak, arrauna eta pilota, bere modalitate guztietan. Hala bada, begiratu dezagun eta zaindu dezagun bakoitza.  Euren aurrekontuetan diru kopuru bat jarri horretarako, baina, era berean, horren kontrola ere jarri. Gu Gasteizen izan ginen eta diru laguntza eskatu genuen, baina baita eurek norbait jartzeko barruan, diru kontuak kontrolatzeko. Zeren gure helburua erremontea bizirik mantentzea da, Oriamanedi  SL bat da baina helburua ez da hemendik dirua ateratzea, baizik erremonteari eustea eta  momentu honetan zestagile bat, pilotagile bat, monitore bat, 20 pilotariko koadroa eta horixe gara. Hori bukatzen bada, itxitakoan berriz martxan jartzea oso zaila da, horri arnas pixka bat eman eta lagundi behar zaio. Telebista behar-beharrezkoa den bezala, gu oso  eskertuta gaude EITB-rekin, batez ere Joseba Urkiola etorri zenean gauzak nola planteatu zizkigun, eta esan genuen guk horrela urrera egingo genuela erabat. Hor ez badira ahaleginak egiten honek itura txarra dauka, oso txarra.

Eta giro nahasi honetan aurreko urtean beste enpresa bat ere sortu zen, nola zaudete haiekin? Badago bidea biek batera egiteko modurik?

Bueno, beste enpresa pandemiaren egoera zail hau iritsi aurretik sortu zen. Gurekin aurreko urteko urtarrila eta otsailean hitz egin zuten, martxoan  etorri zen pandemiaren historia hau. Aurten urte hasieran harremanetan jarri ziren gurekin, e-mail bat bidali ziguten eta guk erantzun genien zer nahi zuten idatziz bidaltzeko, hitzez esaten zutena ez zutelako betetzen. Ez dugu beste berririk izan. Baina beti esan duguna, guk nahiko genukeena da, berdin da Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Baionan… beste enpresa bat sortuko balitz eta beste hamabost pilotari egotea. Eta orain 30-35 pilotari gauden bezala bi enpresen artean, hobe 60 bagina, maila hobetu eta beste  txapelketa modu batzuk egiteko  aukera izango genukeelako. Oraingoz haiekin ez daukagu harremanik eta izateko asmorik ere ez, ze nahikoa lan badaukagu hemengoa aurrea ateratzen. Egin dezatela euren bidea eta arrerago topo egiten badugu, oso ondo.

Zuen gazteek, aukera eman zaienean, erantzun dute?

Nik uste dut hor salto bat eman dela. Galarreta itxi zenean, kontatu berrietan sinatu genituen urtean  30 partida pilotari bakoitzarentzat,  baina era berean, astean bitan entrenatzera etortzea monitorearekin, bakarrik  entrenatzen utzita gauza eza da eta serioa. Kike Elizalde, intendente aritzen dena  profesionalei zer edo nola egin erakutsiz aritzen da, eta konturatu gara batzuk ez zutela behar handirik, ze lehengo maila mantentzen dute edo hobetu dute, baina beste batzuk, hor erdi traban zirenak, asko hobetu dutela eta ezagun dute. Eta berri hauek 8 bat hilabete egin dituzte astean bitan Kikerekin eta nik uste dut lehen ia bi urtetan hobetuko zutena  sei hilabetetan egin dutela.

Nik uste  bidea hori dela, eskolak ireki, monitoreak jarri, oinarri sendo samar bat izan eta irtengo dira.

Eskoletan nabaritu al da telebistaren eragina?

Bai, asko, harritzeko moduan zenbait jendek deitu digun ea noiz etortzea daukan probatzera. Igual  32-35 urteko jendea, paletaz eta eskuz aritzen zena, probatuko genukeela esaten. Konturatu dira ze zailtasun duen erremonteak eta  batzuk segituan uzten dute, baina probatzeko gogoa sortu du eta jendea mugitu da.

Eta amaitzeko, aurtengo buruz burkoa nola ikusten duzu? Bada Urrizari aurre egiteko inor?

Urrizak azkenaldian irabazi ez dituen bi txapelketak biak banaka dira. Nik uste dut Barrenetxeak erakutsi zuela jokoa baduela, semea izan arren hala esango dut, izan ditu osasun arazoak, Crohn gaitz horren gora-beherak, baina orain badaramatza sei bat hilabete nahiko ondo eta aurre egiteko moduko pilotaria dela uste dut. Juaneneak iaz erakutsi zuen edozeini aurre egiteko moduko pilotaria dela eta gero atzetik  Ansa, Zubiri eta Aizpuru daude eta nik hor Ansa eta Aizpuru ikusten ditut Zubiri baino goraxeago, beste pauso bat aurrera eman eta jokoan estutzeko.

Urrizak daukana da beste pilotari horiek denek baino defentsa sendoagoa eta gero, nik ez dakit nola moldatzen den, baino eutsi eta eutsi egiten dio partidari eta badu gaitasuna besteek behera egiten dutela sumatzen duenean berak gora egiteko.

Pentsatzen dut fisikoki ere oraindik ondo dagoela, zaindu egiten da asko, eta gosearekin dago. Eta hortaz aparte, ez dakit zein adinetan izaten da 38, 39, 40… gorputzak  halako beherakada txiki bat egiten duela eta honi ez dio egin. Beste pilotari guztiak jokatzen ikusi eta adinarekin nabaritzen zaie edo hankak moteldu zaizkiola, edo abiadura galdu duela…baina honi ez zaio gertatu. Nahiago genuke beste urte batzuetan horrela eutsiko balio eta urtetan Urriza handi bat ikusiko bagenu.