Ducournau, Hamaguchi, Baker, Haynes, Ozon, Sciamma eta Verhoeven, Perlak sailean
Sean Baker, Julia Ducournau, Ryusuke Hamaguchi, Todd Haynes, Joachim Lafosse, François Ozon, Céline Sciamma eta Paul Verhoeven zinemagileek, besteak beste, hartuko dute parte Zinemaldiko Perlak sailean.
Irailaren 17tik 25era egingo den Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan, aurretik beste zinema jaialdi batzuetan –hala nola Cannesen, Venezian eta Berlinen– programatutako 15 film hartuko ditu guztira Perlak sailak.
Ryusuke Hamaguchi, Todd Haynes, François Ozon eta Paul Verhoeven zinemagile ospetsuekin batera, zinematografia garaikideko errealizadore garrantzitsuak ere egongo dira aurten gurenean, hala nola Julia Ducournau –Urrezko Palmorria irabazi duen azken zuzendaria–, Céline Sciamma, Sean Baker eta Joachim Lafosse.
Horrez gain, Emmanuel Carrère idazleak fikziozko bere bigarren lana aurkeztuko du, eta debutak ere erakutsiko dira, kasu baterako, Shipei Wen eta Charlotte Gainsbourg zuzendarienak.
Gaston Duprat eta Mariano Cohn zinemagileen Competencia oficial komediak, aurki Veneziako Mostran parte hartzeaz gain, Perlak saila lehiaketan ere zabalduko du. Bi zuzendari argentinarrek, ‘El artista’ (2008), ‘El hombre de al lado’ (2009), ‘El ciudadano ilustre’ (2016) eta ‘Todo sobre el asado’ (Culinary Zinema, 2016) lanen arduradunek, zinemaren munduan girotutako tragikomedia aurkeztuko dute. Penelope Cruzek zinemagile bitxi baten rola du, eta Antonio Banderas eta Oscar Martinezek, berriz, Hollywoodeko aktore batena eta antzerki-antzezle erradikal batena, hurrenez hurren.
Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko lehiatik at, ‘The Velvet Underground’ dokumentalak itxiko du saila, duela gutxi Canneseko jaialdian lehiaz kanpo ere eman zenak; bertan, Lou Reed buru izan zuen rock talde ospetsuaren garrantzia aztertuko du Todd Haynesek. Zuzendari estatubatuarra, Zinemaldiko epaimahai ofizialeko presidentea izan zena 2013an, ‘Far from Heaven’ (2002), ‘I'm Not There’ (2007) –Bob Dylanen bizitza modu askean birsortzen duen filma–, ‘Carol’ (2015) eta ‘Wonderstruck’ (Perlak, 2017) lanen egilea da, besteak beste.
Lehiaketaz kanpoko emanaldi bereziak
Perlak sailak lehiaketatik kanpoko bi emanaldi berezi eskainiko ditu, aurtengo film garrantzitsuenetako biren eta Canneseko azken edizioan gehien laudatutako filmen artean: ‘Titane’, Julia Ducournau zuzendari frantziarrarena, eta ‘Drive My Car’, Ryusuke Hamaguchi japoniarrarena. Ducournauk, Frantziako zinema jaialdiaren historian Urrezko Palmorria irabazi duen bigarren emakumeak, ‘Grave / Raw’ (2016) generozko filmarekin debuta egin zuen, eta orain ‘Titane’rekin itzuli da, Agathe Rouselle eta Vincent Lindon protagonista dituen beste genero nahaspila sailkaezin bat.
‘Drive My Car’ filma Haruki Murakamiren kontakizun labur batean oinarrituta dago, eta Cannesen gidoi onenaren saria eta FIPRESCI saria irabazi zituen; drama pertsonal batetik lehengoratzen saiatzen ari dela Txekhoven ‘Osaba Vania’ antzezlana muntatzea onartzen duen antzerki aktore eta zuzendari baten istorioa kontatzen du filmak. Zinemaldian (New Directors sailean) aurkeztu zuen bere lehen film luzea, ‘Passion’ (2008).
Lehiatuko diren ‘perlak’
Hamaguchik bi lanekin hartuko du parte aurtengo Perlak sailean, ‘Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy’ ere aurkeztuko baitu; film horrekin Zilarrezko Hartz bat eskuratu zuen Berlinale jaialdian (zehazki, Epaimahaiaren Sari Berezia). Filma –saila osatzen duten gainerakoak bezala, Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko hautagai izango dena– oroimenaren, iruzurraren eta patuaren bidez elkarrekin lotutako ipuinen triptiko bat da.
Céline Sciamma, ‘Bande de filles / Girlhood’ (TVE-Beste Begirada Saria, 2014) eta ‘Portrait de la jeune fille en feu / Portrait of a Lady on Fire’ (2019) filmak Perlak sailean erakutsi zituen zuzendari frantziarra, sail berean izango dugu berriro bi neskatoren adiskidetasuna kontatzen duen ‘Petite Maman’ lanarekin (Berlinale jaialdian lehiatu zen).
Perlak sailean, gainera, azken urteotan Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu duten eta euren lan berriak Cannesen erakutsi dituzten hiru zuzendari ere lehiatuko dira: Joachim Lafosse, François Ozon eta Louis Garrel. Alde batetik, gaixotasun mentalek bikote baten harremana nola markatzen duten erakusten du Lafossek ‘Les intranquilles / The Restless’ lanean. Belgikako errealizadoreak zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen ‘Les chevaliers blancs / The White Knights’ (2015) lanarekin, eta ‘L’économie du couple / After Love’ (2016) filmarekin Perlak sailean hartu zuen parte.
‘Dans la maison / In the House’ (2012) filmarekin Donostian Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu ondoren, François Ozonek Cannesen lehiatutako drama bat ekarriko du Zinemaldira: ‘Tout s'est bien passé / Everything Went Fine’, eutanasiari buruzkoa. Errealizadorearen beste film batzuk ere erakutsi dira Donostian, Sail Ofizialean lehiatutakoak: ‘Sous le sable / Under the Sand’ (2000), ‘Le réfuge / The Refuge’ (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) bezalaxe; ‘Jeune et jolie / Young and Promising’ (2013); ‘Une nouvelle amie / The New Girlfriend’ (2014); eta ‘Été 85 / Summer of 85’ (2020).
Louis Garrelek ‘La Croisade / The Crusade’ zuzendu du, proiektu misteriotsu baten istorioa kontatzen duen filma, non mundu osoko haurrek planeta salbatu nahi duten; halaber, filmaren protagonistetako bat ere bada. Aktorea ere baden frantziarrak zuzendutako hirugarren film luzea da; izan ere, ‘Les deux amis / Two Friends’ (2015) eta ‘L'homme fidèle / A Faithful Man’ (2018) zuzendu zituen; Jean-Claude Carrière zenarekin batera idatzi zuen ‘L'homme fidèle’ filmaren gidoia, eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu zuten Donostian gidoi horrengatik.
Cannesko Séances Spéciales atalean ere estreinatu zen Shipei Wen zinegile txinatarraren debuta –‘Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?’–, thriller hipnotiko, ilun eta korapilatsu gisa definitua, eta erruaren, errukiaren, barkamenaren eta erredentzioaren esplorazio erakargarri gisa ere bai.
Cannesko lehiaketatik datorren beste film bat ‘Red Rocket’ da, Sean Bakerren film luzea, helduentzako zinemako aktore bat Texasera –bere jaioterrira– itzultzen deneko istorioa kontatzen duena. Besteak beste, ‘Tangerine’ (2015) eta ‘The Florida Project’ (2017; Perlak sailean emana) film luzeen egilea da zinemagile estatubatuarra.
Paul Verhoevenen ‘Benedetta’ ere Cannesko Sail Ofizialetik dator; mirariak egiteko gai zen moja baten kontakizuna XV. mendean girotu du errealizadoreak bere film berrian. Errealizadore herbeheretarraren ‘Basic Instinct’ (1992) filma American Way Of Death: 1990-2010 bitarteko Amerikako Zinema Beltza atzerabegirakoaren parte izan zen 2011n eta, oraingoan, ‘Elle’ (2015) filmaren ondoren, Perlak sailean izango dugu zuzendaria berriro.
Cannesko zinema-jaialdiko Premières sail berritik datorren ‘Jane par Charlotte / Jane by Charlotte’ filma ere erakutsiko da Perlak sailean; Charlotte Gainsbourg aktoreak idatzi eta zuzendutako dokumental horretan, zuzendariak bere ama Jane Birkinen deskribapen bat egiten digu irudi ezezagun, argazki eta elkarrizketak konbinatuz. Antzezle eta abeslari frantses-ingelesak zuzendutako lehen lana da.
Emmanuel Carrèrek fikziozko bere bigarren filma aurkeztuko du, ‘Ouistreham / Between Two Worlds’, Cannesko azken Quinzaine des Réalisateurs atalean parte hartu zuena. Oraingoan, ez du bere eleberri bat egokitu, lehen filmean egin zuen bezala –‘La moustache’ (2005)–; horren ordez, Florence Aubenasen liburu bat egokitu du; idazlearen film berrian, protagonistak –idazle bat– garbitzaile baten itxurak egingo ditu, laneko segurtasun-faltari buruzko ikerketa bat egiteko.
Xavier Giannolik ‘Les corps impatients / Eager Bodies’ (2003) lanarekin –bere lehen film luzearekin– egon zen New Directors sailean, eta ‘Les illusions perdues / Lost Illusions’ aurkeztuko du Zinemaldian, Veneziako zinema jaialdiaren hurrengo edizioan ere izan ondoren. Zuzendari frantziarrak 2009an Kontrauhina: Frantziako Zinema Berriena atzerabegirakoan parte hartu zuen ‘Les corps impatients’ (2003) eta ‘L'interview’ (1998) lanekin, eta Honoré de Balzac idazleak XIX. mendeko Frantzian bidea ireki nahi duen poeta gazte ezezagun bati buruz idatzitako eleberria –izen berekoa– egokitu du oraingoan. Hauek dira aktoreak: Benjamin Voisin, Xavier Dolan, Vincent Lacoste, Cécile de France, Gérard Depardieu eta Jeanne Balibar.
Espainiar Estatuan erakutsi gabeko urteko film luze nabarmenen aukeraketa da Perlak. Sail honetako filmek kritikaren txaloak eta sariak jaso dituzte nazioarteko beste zinemaldi batzuetan. Film horiek Donostia Hiria Publikoaren Sarietarako hautagai izango dira, film onenarena (50.000 eurokoa) eta Europako film onenarena (20.000 eurokoa), Estatuko banatzaileei emango zaizkiena.