INFO

EH Bilduk Iruñeko Magdalenako odol-noriako lanak «berehala» geldiarazteko eskatu du

EH Bilduk Magdalenako odol-noriako lanak «berehala geldiaraztea» eta «kendutako harrien balizko txikizioa eta helmuga ikertzea» eskatu du. Koalizio subiranistak Maya alkatearen taldeari «hiriko ondare historikoaren aurkako tropelkeria egitea leporatu dio.

Txantreako Josefinen komentuaren ondoan dagoen odol-noriaren artxiboko irudia. (Iruñeko Udala)

EH Bilduren Iruñeko Udal taldeak Magdalenaren Odol Noriako lanak «berehala gelditzeko» eta «kendutako harrien balizko txikizioa eta helmuga ikertzeko» eskatu du ostiral honetan ohar baten bitartez.

Koalizio subiranistak Navarra Sumaren udal gobernuak udalbatzaren gehiengoaren borondatea «berriz ere urratu» egin duela salatu du. Azaldu duenez, 2020ko urriaren 21ean, Hirigintza Batzordean eta EH Bilduk proposatuta, udal-gehiengoak Enrique Mayari eskatu hurrrengoa eskatu zion: «hondakin arkeologiko horien etorkizuna eta parke berrian sartzeko aukera erabaki aurretik Hirigintza Batzorde honetan adostasuna bilatzeko konpromisoa hartzea, bai eta Txantreako eta Magdalenako bizilagunen iritzia kontuan hartzea ere».

Osoko bilkuraren gehiengoak lortutako akordio hori ez errespetatzea leporatu dio EH Bilduk Navarra Sumari: «Udako data aprobetxatu du, gauez eta azpikeriaz, Arga inguruan geratzen den odol-noria bakarraren, ibaia hiriarentzat zutabe ekonomikoa zeneko garaia gogorarazten duen ondarearen, inguruko obrei berriro ekiteko».

«Beste behin ere, Navarra Sumak hiriaren gehiengoarekiko eta ondare historikoarekiko mespretxua erakusten du, eta aztarna arkeologiko eta ondarezkoen aurkako gehiegikeria babesten eta defendatzen du», gaineratu du EH Bilduk.

Gainera, Navarra Sumaren udal gobernuak Vianako Printzea erakundearen nahitaezko txostenari itxaron ez duela eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren «baimenik gabe» ari da lanean adierazi du koalizio subiranistak.

Iruñeko Udalak ostegun honetan kaleratutako ohar batean adierazi zuen Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundearen eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren artean onartzeke dauden elementuetan obrak geldiarazi zituela uztailaren amaieran.

Hala ere, abuztuaren 4an hainbat pertsona lanen lekuko izan ziren, eta hainbat argazki jaso zituzten. Argazki horietan, goiz horretan bertan, noriaren gainean obrak egiten ari zirela eta noriaren ingurutik harriak kentzen eta pilatzen ari zirela ikus daiteke.

Magdalenaren odol-noria Txantrea Hegoaldeko urbanizazio lanetan agertu zen joan den urrian. Hasiera batean putzu bat zela pentsatu zen, baina azkenean odol-noria bat zela baieztatu zuten.