INFO

Realak markagailua irauli du Eibar gainditzeko

Corpasen golak talde armagina aurreratu du aurredenboraldiko azken lagunartekoan baina Isaken eta Januzajen golek garaipena eman diote Realari (3-1). Txuri-urdinek Euskal Herriko Txapela jokatuko dute Osasunarekin gaur iluntzean.

Glauder eta gaur debutatu duen Diego Rico arean baloiaren zain, Zubietan jokatu den lagunartekoaren jokaldi batean. (SD Eibar)

Bigarren partidaz jarraian, Eibarrek galdu egin du markagailuan aurreratu ondoren. Reala izan da oraingo honetan armaginak gainditu dituena, beren denboraldi-aurreko azken lagunartekoan. Azkenaurrekoa txuri-urdinen kasuan, gaur gauean Osasunaren kontra jokatuko baitute Euskal Herriko Txapelaren lehian

Partida hori kontutan hartu behar izan du Imanol Alguacilek eta hamaikakoan lehen taldeko jokalarien gehiengoa nabarmena izan bada ere, bigarren taldetik etorri dira aldaketa guztiak. Ayesa; Zaldua, Pacheco, Sagnan (Karrikaburu, 81’), Diego Rico (Sola, 72’); Silva (Roberto Lopez, 46’), Illarra (Gonzalez de Zarate, 58’), Kevin Rodrigues (Garrido, 72’); Januzaj (Djouahra, 81’), Isak (Lobete, 58’) eta Portu izan da entrenatzaile oriotarrak osatu duen hasierako taldea.

Udako azken probarako, berriz, honako futbolari hauek aukeratu ditu Gaizka Garitanok: Yoel; Tejero, Venancio, Etxeita (Burgos, 85’), Glauder; Sergio (Javi Muñoz, 73’), Exposito; Corpas (Troncho, 78’), Stoichkov (Quique, 65’), Franchu (Aketxe, 65’); eta Fran Sol (Leschuk, 65’).

Etxekoak jokoa hasiera-hasieratik mederatzen saiatu dira eta, baita lortu ere. Kontraerasoa geratu zaio Eibarri baina oso gutxitan atera dio etekina. Nahikoa, edozein kasutan, lehen ordu erdiko aukerarik garbiena gauzatzeko eta markagailuan aurreratzeko. Seigarren minutuan Corpasen pase sakona Stoichkovek aprobetxatu du zentralen erditik areara sartzeko baina Ayesak baloia kornerrera bidali ahal izan du oinekin.

Zalduaren eta Januzajen saiakera motelagoekin erantzun du Realak baina berriro ere Eibar izan da arrisku handiena sortu duena, kasu honetan golaren sariarekin. 31. minutuan, Ayesak areatik kanpo buruz urrundu du Solen bila zihoan pase sakona, Diego Ricok –kamiseta zuri-urdinarekin debutatu du gaur– ezin izan du baloia ez kontrolatu ez urrundu eta Corpasek jaso du urrutitik ate barrura bidaltzeko.

Realak bere planarekin jarraitu du eta sei minutu beranduago markagailua berdindu du oso jokaldi politarekin. Portuk baloia sartu du arean, Silvak Tejero gainditu du ezker oinakin eta baloia Isaken buruan jarri du eskuinarekin, suediarrak 1-1ekoa sartzeko. 

Bigarren zatiarekin aldaketak etorri dira, ugari, eta partidak txarrerako nabaritu du. Jokoak, orokorrean, etxekoen menpe jarraitu du baina jarraitutasun eta kontrol gutxiago egon da, bien aukerak zabalduz. Fran Solek gertu izan du bere taldeko bigarrena, Realeko defentsaren deskuidu batean baina Ayesa adi zegoen. Dezente handiagoa izan da armaginen hutsegite defentsiboa eta Januzajek ez du barkatu. 66. minutuan Portuk baloia pasatu dio ezker hegaletik Januzaj bakarrik zetorrela ikusiz eta aurrelari belgikarrak 2-1ekoa sartu du.

Eibarrek Leschuken erremate batekin erantzun du eta, bi minutu beranduago, epaileak ondo baliogabetu du Etxeitaren gola, jokoz kanpo baitzegoen bizkaitara. Quique ere jaurtiketa gurutzatu on batekin saiatu da. Baina gola kanpokoen atean etorri da berriro ere. Amaitzeko hiru minutu falta zirela, epaileak Garridoren gola baliogabetu du, berriro ere jokoz kanpoagatik, baina minutu erdi beranduago, Zalduak behin betiko 3-1ekoa sartu du arearen marratik indarrez jaurtitutako baloiarekin.