INFO

Johnny Depp aktoreak Donostia sari bat jasoko du aurtengo Zinemaldian

Johny Deppek irailaren 22an jasoko du Zinemaldiko ohorezko golardo garrantzitsuena eta pantaila handian egindako ibilbidea aitortuko zaio, azken urteotan bere bizitza pertsonaleko gertakariengatik –sexu eraso salaketak tarteko– albiste izan den aktoreari.

Johny Deep aktorea, iaz, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Johny Depp aktore estatubatuarrak jasoko du aurtengo Donostia sarietako bat. Hala iragarri dute antolatzaileek astelehen honetan.

Urte luzez zineman egindako lanagatik ezagun egin da Depp. Ibilbide oparoa du. Hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako; Golden Globe bat lortu du eta hamar aldiz izan da hautagai; Screen Actors Guild Award sari bat jaso du (gizonezko aktore onenarena), eta sari horietarako sei izendapen ere izan ditu; eta, azkenik, People's Choice Award sarien 14. edizioa irabazi zuen.

Ikus-entzunezko 90 ekoizpenetan baino gehiagotan hartu du parte antzezle gisa, eta hamar filmen ekoizlea ere izan da, besteak beste.

Baina pantailatik kanpo, bere bizitza pertsonalari lotutako albisteengatik nabarmendu da azken urteotan. Izan ere, Amber Heard bikote ohiak salaketa jarri zuen bere aurka sexu erasoengatik. Hainbat bideo zabaldu ziren. Amber aurpegia ubelduta eta biak elkarri irainka ikus zitezkeen irudietan.

‘The Sun’ egunkari britainiarrak ‘emazteen erasotzaile’ bezala deskribatu zuen aktorea 2018ko apirilean eta hark difamazio salaketa jarri arren epaileak arrazoia eman zion egunkariari.

Azken lana ‘Minamata’ (2020) da, Andrew Levitasek zuzendua; ‘Hugo’ (2011), Martin Scorsesek zuzendua; eta ‘Crock of ‘Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan’, Julien Templeren esanetara egina, Donostia Zinemaldiaren azken edizioan Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. Halaber, film laburrak zuzendu ditu, baita ‘The Brave’ (1997) film luzea ere. Bertan Marlon Brandok ere parte hartu zuen.

21 urterekin egin zuen debuta zineman, Freddy Kruegerren biktima gisa ‘A Nightmare on Elm Street’ (1984) filman eta, urteak igaro ahala, batipat 90eko hamarkadaren hasieran, hainbat rol protagonista jokatu zituen, hala nola John Watersek idatzi eta zuzendutako ‘Cry-Baby’ kultuzko filmean (Zabaltegi, 1990) eta Tim Burtonekin lehen aldiz lan egin zueneko filmean: ‘Edward Scissorhands’ (1990).

Hurrengo urteetan, protagonista izan zen garrantzi handiko zinemagileekin lan egin zuenean: Emir Kusturica (‘Arizona Dream’, 1992), Lasse Hallström (‘What 's Eating Gilbert Grape?’, 1993; eta ‘Chocolat’, 2000), Tim Burton (‘Ed Wood’, 1994; eta Sleepy Hollow, 1999), Jim Jarmusch (‘Dead Man’, 1995), Mike Newell (‘Donnie Brasco’, 1997) eta Terry Gilliam (‘Fear and Loathing in Las Vegas’, 1998, Zinemaldian emandako filma, zehazki, Terry Gilliam atzerabegirakoan).

XXI. mendean, ‘Pirates of the Caribbean’ sagako Jack Sparrow kapitainaren larruan sartu zen (2003, 2006, 2007, 2011 eta 2017), belaunaldi berrietara iritsiz. Garai hartan, Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen ‘Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl’ (2003), ‘Finding Neverland’ (2004) eta ‘Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street’ (2007) filmetan egindako lanagatik.

Azken horrengatik Urrezko Globoa sari bat jaso zuen; izan ere, golardo horretarako beste bederatzi izendapen izan ditu antzezleak. Deppek jaso dituen sari guztien artean, nabarmentzekoak dira, halaber, ohorezko Cesar bat 1999an, eta sari bilduma horri Donostia Saria gehituko zaio orain.

Azken urteotan ere zinemagile ugarirekin egin du lan, hala nola hauekin: Gore Verbinski (‘The Lone Ranger’, 2013), Rob Marshall (‘Into The Woods’, 2014), Scott Cooper (‘Black Mass’, 2015; Perlak), Kenneth Branagh (‘Murder on the Orient Express’, 2017) eta Andrew Levitas (‘Minamata’, 2020).

Deppek askotariko rolak egin izan ditu, hala nola idazlea, polizia infiltratua eta bidelapurra izan da (ia beti pertsonaia moldakaitzak antzeztu ditu, nolanahi ere), eta aktore  ospetsuekin egin izan du lan, hala nola hauekin: Marlon Brando, Faye Dunaway, Jerry Lewis, Penélope Cruz, Helena Bonham Carter, Javier Bardem, Kate Winslet, Mark Rylance, Dustin Hoffman, Judi Dench, Antonio Banderas, John Malkovich, Marion Cotillard, Forrest Whitaker, Al Pacino, Benedict Cumberbatch, Morgan Freeman, Benicio del Toro, Michelle Pfeiffer, Leonardo Di Caprio eta Christopher Plummer.

Johnny Depp hirugarrenez izango da Zinemaldian aurten; izan ere, 1998an Terry Gilliamekin etorri zen, eta 2020an ere izan zen Donostian, ‘Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan’ ekoizpenean parte hartu zuelako.

Saria banatzeko ekitaldira joateko sarrerak irailaren 13an jarriko dira salgai; bestalde, Manuel Martin Cuencak zuzendutako La hija filma −JPatricia Lopez Arnaiz gasteiztarra eta Javier Gutierrez eta protagonista dituena− Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo eman aurretik banatuko da saria.