INFO

Manu Garciak Zipreko Aris Limassol taldean jokatuko du datorren denboraldian

Alaveseko kapitain ohia den Manu Garciaren hurrengo geltokia Zipren dago. Bertako Lehen Mailan jokatzen duen Aris Limassol taldearekin sinatu du akordioa, jokalari gasteiztarrak berak sare sozialen bitartez jakinarazi duen legez. 

Manu Garcia, Aris Limassol taldearen elastikoarekin. (@MANUGARCIA19)

Manu Garciak duela ia bi hilabete agurtu zen bere bizitzako taldetik. Alavesen giltzarria izan zen jokalariak ez zuen jarraituko talde babazorroaren elastikoa defendatzen. Bere hurrengo geltokia zein izango zen ez zegoen batere argi baina, hori bai, ez zuen iragarri futbola utziko zuenik. 

Hortaz, espero zen udaran zehar bere fitxaketaren berri ematea. Astelehen honetan iritsi da iragarpena. Futbolari gasteiztarrak berak aurkeztu du sare sozialeb bitartez. Bere hurrengo taldea Zipreko Aris Limassol izango da, bertako Lehen Mailan jokatzen duen taldea, hain zuzen ere. 

«Abentura berria hasteko gogotsu» dagoela azaldu du sare sozialetan. Hala nola, «lehiatzen hasi eta futbolarekin gozatzeko» irrikan dagoela ere adierazi du futbolari gasteiztarrak, zeinak nahi baino minutu gutxiago jokatu zituen azken denboraldian (1.113 minutu 25 partidatan banatuta, soilik hamar partidatan hasieratik). 

Bere lehen esperientzia izango da nazioarteko futbolean, bere futbol ibilbide profesionala Sansen hasi eta gero. Girona, Real Union, Eibar eta UD Logroñes izan ziren hurrengo taldeak Alavesera iritsi aurretik. Bere bizitzako taldearen mugarri bilakatu zen, lehendabizi Bigarren B Mailara jaiste saihestuz eta ondoren, Lehen Mailarako igoera lotuz. Azken bost denboralditan Lehen Mailan mantentzeko ere gogor egin zuen lan.