INFO

Hainbat material lapurtu dizkietela salatu dute Bilboko konpartsek

Bilboko Konpartsek salatu dutenez, Bilboko Irria kultur jardunaldiak egiteko «beharrezko baliabideak» lapurtu dizkiete. Abuztuaren 25etik 29ra daude ekimenak aurreikusita, baina 20an emango dute programazio aldaketaren berri.

Bilboko konpartsen agerraldia.

Bilboko Konpartsek salatu dutenez, abuztuaren 25etik 29ra Bilboko Irria kultur jardunaldiak antolatzeko beharrezkoak diren hainbat bitarteko lapurtu dizkiete. Besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko eragileen azoka martxan ipintzeko beharrezkoak direnak faltan bota dituzte konpartsek.

«Konpartsok inbentarioa egiten gabiltza, lokalean, baina aurretik esan dezakegu balio handiko kontuak ostu dituztela», azaldu du Mari Paati Bilbao konpartsakideak. Besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko eragileen azoka martxan ipintzeko beharrezkoak direnak faltan bota dituzte konpartsek.

«Lapurrek irria zuten helburu, Bilboko Irria ebastea. Baiezta dezakegu, ordea, irri-lapur horiek ez dutela lortu gure irria eramatea, ondo gordeta baitaukagu, bilbotar denei eskaintzeko prest», gaineratu du Bilboko konpartsen kideak. Jakinarazi duenez, kalterik gabe topatu dituzte «Bilboko irribarrerik politena» erakusten duten Bilboko Irriaren panelak eta beste jarduera askoren baliabideak, aparte gordeta baitzeuden.

Konpartsek gertaera horren inguruan lor dezaketen informazio guztia eskainiko dute datorren abuztuaren 20an. Egun horretan agerraldia egingo dute, Bilboko Irriaren programaziotik ezabatua izan ez dena aurkezteko.