Ardoaren eta arrainaren ibilbidea Urdaibai eskualdean barna
Arabako Errioxa Bizkaiko kostaldeko portuekin elkartzen zuen ardoaren eta arrainaren ibilbideak Gernika-Lumon du azken-aurreko etaparen amaiera eta azkenaren hasiera. Ibilbide horri esker nabarmendu zen Gernika-Lumo merkataritza gune gisa, eta gaur egun ere mantentzen ditu azoka famatuak.
Bermeo izan zen, XIII. mendera arte, Gaztelako produktuak itsasoratzeko portu nagusia –Burgos-Gasteiz-Otxandio-Urkiola-Gernika-Bermeo ibilbidetik–, baina XIV. mendetik aurrera bigarren mailan geratu zen, ekonomia- eta merkataritza-jardueraren erdigunea Bermeotik Bilbora aldatu zenean hain zuzen.
Hala eta guztiz ere, ardoaren eta arrainaren ibilbidea ez zen desagertu. Mandazainek eta merkatariek Arabako Errioxaren eta Bizkaiko arrantza-portu nagusien arteko ibilbidea egiten jarraitu zuten. Egunero iristen ziren mandazainak Bermeora Errioxako produktuak ekartzeko: garia, gatza edo Arabako Errioxako ardo preziatua. Izan ere, ardo hori txakolina baino kalitate handiagokotzat jotzen zen.
Produktu horiek portuan utzi ondoren, gurdi eta mandoak arrain fresko zein gaziz betetzen zituzten itzulerako bidea egiteko. Sardinak, bisiguak, sardina zaharrak eta bakailaoa ziren barnealdeko merkatuetan saltzen ziren arrainetako batzuk.
Astoagako galtzada
GR 38 ibilbide honek zazpi etapa ditu, eta azken-aurrekoak Durango eta Gernika-Lumo lotzen ditu (29,7 kilometro). Durangotik datorren ibilbidea Muxikako Maume auzoan (Maguna) sartzen da Urdaibai eskualdean, Maumeko portalean hain zuzen. Auzo honetatik igaro ondoren, ordea, bideak ez du Gernika aldera jotzen, Munitibar aldera baizik, Astakurutzera igotzen den bide zaharretik jarraitzeko, Astoaganaren hegalean. Astoagako galtzada izan daiteke, hain zuzen, Bizkaiko Erdi Aroko tokirik zaharrena eta hobekien kontserbatua.
Horrela, galtzada zaharretik Munitibarren sartuko gara, Oiz pistara jaitsi eta Ganbe baserrira iritsiko gara. Handik gertu Ganbeko elur-zuloa dago, produktu freskoen garraioan izotzez hornitzeko erabiltzen zena.
Albiz aldera bidean, ibilbideak Golako ibaiaren arroa zeharkatzen du, Ikadiako errotaren ondotik. Mendatara iritsi baino lehen, haranaren hondoko ikuspegiez gozatzeko aukera izango dugu, non Gernika-Lumo nabarmentzen den.
Hiribildu historikora iristeko, Mendatatik Berrekondo ibaiaren arrora jaitsiko gara, Lamikiz auzotik igarota. Ibaiertzetik doan bidetik joango gara Gernikara hiribilduraino. Ibilbide honi esker nabarmendu zen Gernika-Lumo merkataritza gune gisa, eta gaur egun ere mantentzen ditu bere azoka famatuak.
Azken etapa
Zazpigarren eta azken etapa Gernika-Lumo Bermeorekin lotzen duena da (19,2 kilometro). Ibilbideak Foruko San Kristobal auzorantz doan errege-bide zaharrari jarraitzen dio, non izen bereko baseliza eta Urdaibai dorrea ageri diren.
Harrobiraino jaitsi eta Upeta ibaiaren paraleloan doan bidea hartuko dugu, ezkerretik Axbiribil mendia inguratuz. Bidea Karabizurietako auzo-errepidera iristen da. Auzo hori zeharkatu eta Forua eta Altamira lotzen dituen bide zaharra hartuko dugu. Jaitsieran, Urdaibairen ikuspegi ikusgarriak izango ditugu.
Ibilbidea Altamiraraino jaisten da, eta auzoa zeharkatu ondoren, Mape ibaiaren ertzetik jarraitzen du, Busturiko Goierri aldera igotzeko. Bidean, Sorbituagako menhirra ikusteko aukera izango dugu. Urkiobetik Katillotxu mendira igotzen da ibilbidea eta, bertako trikuharri estazioa zeharkatu ostean, Bermeora jaisten hasiko gara, Demiku landa-auzotik igaroz.