INFO

Hondarribiak, azken luze indartsu batekin, Zarauzko Ikurrina ziurtatu du

Hondarribia bi segundoko errentarekin hasi da Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldian eta azken luze indartsu baten ondotik, Santurtzi pasatu eta azkenean nagusitasun osoz irabazi du hain bandera esanguratsua bigarren urtez jarraiaz. Hondarribia, laugarren urtez jarraian gailendu da Zarautzen.

Hondarribia, garaipena ospatzen Zarautzen. (@ACTTRAINERAS)

Bi segundoko aldea nahiko izango ote zen edo ez zalantzarekin hasi da gizonezkoen Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldia. Santurtzik soberan erakutsia du talde osatuagoa bat daukala, asteburu batean bigarren edo hirugarren geratuz gero, gaitasuna daukala domekan jarduna garaipen batekin errematatzeko. Eta azken batean, erregulartasun horrek eraman dio sailkapen nagusian buru izatera. 

Zalantza zegoen ea Hondarribiak ondo defendatzen jakingo lukeen larunbatean irabazitako bi segundoko errenta hori eta egiari zor, azken luzera arte, zalantza horrek bizirik jarraitu du. Izan ere, Santurtzi lau segundoko diferentziarekin iritsi da azken ziabogara –eta a ze artea duten ziaboga hartzen– baina olatu txikien aukera ederki probestu du Ioseba Amunarriz patroiak eta hala, azken luzean sekulako esfortzua egin du «Sotera» traineruari hiru segundo ateraz eta hala, XLIV. Zarauzko Ikurrineko sailkapen orokorrean bost segundoko diferentziarekin gailendu izateko. 

Eusko Label ligako sailkapen orokorrean ere, puntutxo bat jan dio «Ama Guadalupekoak» Santurtziko ontziari. Lau jardunaldiren falta aldea handiegia izan daiteke, Santurtzik soberan erakutsi badu erregulartasunari dagokionez onena izaten ari dela. Baina aizue, arraunean, itsasoa nahikoa zakartzen bada, edozer gerta daiteke. 

Lekittarra Ondarroaren aurretik

Bigarren txandan, Zierbena nagusitasun osoz jardun da. Hasiera batean Urdaibairekin lehia estua izan zitekeela zirudien arren, azkenerako 16 segundoko aldea atera dio Bermeoko ontziari eta gainera, ohorezko txandan aritu diren Donostiarra eta Orio baino denbora hobea egin du. Hala, hurrengo asteko Ondarroako estropadan ohorezko txandara itzuliko da. 

Izan ere, ohorezko txandako lasterketa kasik osoan Orio Donostiarraren aurretik joan arren, azkenean donostiarrek aurrea hartu diote eta oriotarrek ezin izan dute beste punturik jan sailkapenean gora egiteko, Zierbenak, bigarren txandatik, denbora hobea egin baitu. 

Bestalde, Lekittarra –igande honetan bigarren txandan, larunbatean estropada interesgarria egin ondotik– Ondarroaren aurretik helmugaratzearekin pozik agertu dira eta Aresi beste puntu bat jateko aukera izan dute. Tiranekiko ere –galiziarrak oso makal aritu dira Zarauzko estropada eremuan, igande honetan ere azkenak izan dira– aldea are gehiago handitu dute, 16 puntuko diferentzia ezarriz. 

Zarautzek estropada txukuna egin du, lehen txandan Cabo eta Tiran ontzi kantabriarra eta galiziarra, hurrenez hurren, mendean hartuta. Nolanahi ere, gainontzeko ontziek eginiko denboratik urrun geratu dira, 20 minutu pasa behar izan baitute estropada burutzeko. Hala ere, asteburu osoan zehar Tiranen aurretik ibili izanak morala igoaraziko zien zarauztarrei, azken sailkatu izaten jarraitzen duten arren. 

Zarauzko XLIV. Ikurrina

1- Hondarribia 39:59.22

2- Santurtzi 40:04.14

3- Donostiarra 40:20.34

4- Orio 40:30.94

5- Zierbena 40:40.92

6- Bermeo Urdaibai 40:59.92

7- Lekittarra 41:08.16

8- Ondarroa 41:15.12

9- Cabo 41:31.82

10- Zarautz 41:35.48

11- Tiran 42:05.80

* Aresek ez du lehiatu covid-19a dela eta

Eusko Label Liga. Sailkapen nagusia

1- Santurtzi 151 puntu

2- Hondarribia 144

3- Donostiarra 125

4- Zierbena 122

5- Orio 120

6- Urdaibai 107

7- Ondarroa 78

8- Cabo 72

9- Ares 65

10- Lekittarra 59

11- Tiran 43

12- Zarautz 36