INFO

Markagailua iraulita, Peña II.ak eta Rezustak finalerdietarako txartela ziurtatu dute

Jon Ander Peña eta Rezusta dira Mastersean neurketa guztiak irabazi dituzten bakarrak. Bost jardunalditan bost puntu batu dituzte, azken igande honetan Altuna eta Aranguren mendean hartuta (15-22) eta beraz, ziurtatu dute finalerdietarako txartela. 

Jon Ander Peña, Azkoitiako pilotalekuan. (Jon URBE / FOKU)

Finalerdietara bidean da Jon Ander Peñak eta Rezustak osatutako bikotea. Igande honetan beste garaipen bat erdietsi dute eta hala, bost punturekin, ziurtatuta daukate finalerdietarako txartela. Arerio zuzenenak 3 puntu dauka eta puntu kopuru horiekin dauden hiru bikoteetatik biren aurka garaipena eskuratu dute. 

Hala, ezin esan sendotasunik erakusten ari ez direnik Jon Ander Peña eta Rezusta. Pasa den astelehenean hain eroso aritu gabe ere garaipena eskuratu zuten Elezkano eta Mariezkurrenaren aurka –bideratuta zeukaten garaipena apur bat konplikatu zen azkenerako, baina Zaratamokoaren irregulartasuna probestu zuten puntua batzeko–. 

Igande honetan, Azkoitiako pilotalekuan Altuna III.a eta Aranguren bezalako arerio gogorrak izan dituzte aurrean baina hauek mendean hartzeko gaitasuna ere azaldu dute gipuzkoarrek. Gainera, kontra zeukaten markagailua iraultzeko kapaz ere izan dira eta horrek ere erakusten du, gutxi gorabehera, noraino iritsi daitekeen kirolari bat. 

Hasieran erabat nagusi izan dira Altuna eta Aranguren, sekulako kolpea izan zitekeen 11-2ko markagailua ezarriz. Garaiz esnatu dira gipuzkoarrak eta 4-20ko partzialarekin bereganatu dute norgehiagoka. 

Bigarren porrota jarraian

Egiari zor, gaur elastiko gorriarekin aritu direnak ez dabiltza asmatzen azken bi jardunaldietan –nolanahi ere, orain arte ez dute ihes egiten utzi hainbesteko abantaila eta beraz, zaila da azaltzea zer gertatu zaien. Edonola ere, txapelketan eginiko hasiera ederra apur bat kamusten dabiltza. 

Haserako hiru jardunaldietan hiru puntu eskuratuta, goian kokatu ziren baina azken bi asteburutan porrotak batu eta jada aurkari bat baino gehiago daukate inguruan. Gero eta gehiago baitira bi punturekin dauden aurkariak, orain arte sailkapenaren behean egonda azken bi asteburutan itzartu direnak, alegia. 

Hurrengo asteburuan jokatuko dira azkenaurreko jardunaldiko partidak eta kontu batzuk erabakita geratu daitezke. Jaka-Tolosa eta Elezkano II.a-Mariezkurrena II.ak, esaterako, beraien aukerak azken jardunaldira arte luzatzeko egingo dute borroka.