INFO
Entrevue
Andrea Astudillo
Arraun Lagunak taldeko patroia

«Taldeak benetan sinesten badu bere gaitasunean, Kontxa irabazteko aukera bat izango dugu»

Azkenera arte sufritu arren, 2021eko Euskotren Liga Arraun Lagunak taldeak eraman du eta orain garaile izatearen poza eta Kontxako Banderak sortzen duen ilusioa uztartu behar ditu. «Lugañeneko» patroi bizkaitarrak horixe darabil buruan, inoizko denboraldirik onena biribiltzeko aukera hurbil baitago.

Andrea Astudillo, Arraun Lagunak taldeko patroia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Andrea Astudillok, Arraun Lagunakeko patroiak zorion agurrak jasotzen ditu kalean bi pausu ematen dituenero. «Zorionak, txapeldun!», «Oso ondo egin duzue!», «Bikaina lortu duzuen hori!». Eta Zierbenan duela 22 urte jaiotako patroiak irribarre egiten du, lotsatuta azaleran baina harro bere baitan, eta «eskerrik asko» xume bat erantzuten die. «Astebete daramagu horrela. Kalean gabiltzala jendea hurbiltzen zaigu zorionak ematen. Ikaragarria da!», nabarmendu du. 

Euskotren Ligarik estuena eta politena eraman du «Lugañenek», azken urteetan Oriok ezarritako «tirania» hori apurtuz. Juan Mari Etxaberen aginduetara, talde gaztea baina indartsua osatu dute, eta Oriorekin 39na puntutara berdinduta izan bada ere, Euskotren Liga inork ere ez die kenduko dagoeneko, «mirotzek» baino bandera kopuru handiagoa atera baitute.

«Buruaren indarra», azpimarratzen du zentzu horretan Andrea Astudillok, baita iazko eskarmentua ere covid-19aren aurrean. «Iaz bi konfinamendu izan genituen eta azkenerako gure buruak ezin zuen gehiago». Hargatik, orain kalean bi pausu ematerako jendearen zorionak eta miresmena jasotzen ditu patroiak –edota eskifaiako nornahik–. «Baina hau oraindik ez da amaitu, are eta handiagoa gelditzen baita denboraldia bukatzeko», dio patroi bizkaitarrak, Kontxa aipatu gabe, baina Kontxa azpimarratuz.

Ez dakit Euskotren Liga ezustean edo inork baino gehiago desio izateagatik irabazi duzuen.

Denboraldia hasi zenetik non geunden ikusita, esperotako garaipena izan den ez dakit, baina lortzeko inork baino gehiago borrokatu dugula, hori bai, ziur [Irribarrea].

Esan ohi da abuztuko garaipenak urrian hasten direla. Iaz covid-19arekin arazoak izan eta gero, aurtengo denboraldia bereziki prestatu duzue?

Nolabait bai, esan dezakegu. Beti esan izan dut psikologikoki iaz baino indartsuago gaudela. Joan zen urteko konfinamenduek faktura pasa ziguten, baina aurten, urrian lanean hasita, denboraldi-aurretik ikusi da nolako maila eman genezakeen. Oinarri horrekin, gehiago entrenatu dugu, estropadak gehiago landu ditugu eta, horrela, sari nagusiaren bila lehenagotik joan gara.

Trainerua hain ongi zegoela antzematen al zenuten?

Bai, noski! Gure lanean hasieratik izan dugu konfiantza. Nik uste aurtengo denboraldira arte konfiantza puntu bat falta zitzaigula; ikusten genuen, bagenekien trainerua ongi zihoala, baina beste traineruak ere hala dabiltza eta ikusi da Euskotren Ligan: maila oso ona eman dute eta azken azken paladaraino borrokatu behar izan dugu.

Aurreko urteetan parekotasuna itxaroten zen Euskotren Ligan, baina azkenean Orio guztien gainetik pasa zen. Aurten hori ez gertatzea helburu bat zen?

Tira... Azkenean, esan dudan bezala, lana eta gauzak ongi egin izana dugu helburu. Azken paladaraino borrokatu behar izan dugu eta ez dago beste sekreturik.

«Hasieratik ontzia ongi ibili arren, taldeari konfiantza apur bat falta zitzaion orain artean»

Sufritzen ikasi duzue?

Bai! Azkenean sari nagusia guretzat izan da, baina puntuetara berdinduta amaitu dugu. Bistan da gauzak oso parekatuta izan direla. Ikusleentzat behintzat oso polita izan da, baina barrutik bizitzeko oso gogorra, asko sufritu dugulako!

Zarauzko Ikurrinera iritsi aurretik estropadatik gabeko asteburu bat izan zenuten. Lan berezirik egin zenuten Zarauzko hitzordura begira?

Pixkanaka egin genituen gauzak. Oso estropada garrantzitsua zela bagenekien, baina urduri ez jartzen saiatu ginen; azken baten urduritasunak, bere horretan geratzen den urduritasun horrek, ez du ezertarako balio, larunbateko estropadan ikusi zen bezala. Hemendik aurrera ere, gauzak pixkanaka egingo ditugu. 

Orain Hondarribian estropada bat daukagu [gaur], eta uste dut Urumean ere beste bat egingo dugula. Dena urduritasun hori kentzen joateko, Kontxako estropadarako sailkapenera iritsi arte.

Hala ere, Zarauzko Ikurrina prestatzen, bazenekiten ezin zenutela huts egin. Txarrenera, Orioren atzean behar zenutela, beste inor tartean sartu gabe.

Bai, baina urduritasun horiek gure palada hartzeko ere balio diezagukete ere. Edo bestela esanda, estropadak egin egin behar dira urduritasun hori kentzeko.

Eta zuretzat? Zuk trainerua eta taldea gobernatu behar dituzu. Erraz eraman duzu?

Tira, tarteka gogorra izan da. Azkenean, talde osoa oso urduri geunden, eta ni ere bai. Baina aurpegia eman behar duzu beti; aurpegi ona jartzen ikasi behar duzu eta aurrera beti!

«Larunbatean ez genuen gure maila eman eta, bigarren postua libratuta ere, gertu izan zen hirugarrena»

Patroiak halako asteetan zer egin behar du: eskifaia lasai eraman ala akuilua sartu?

Denetarik egiteko momentuak daude. Lasaitasuna transmititu behar du patroiak, baina arraunlariak xaxatu ere egin behar ditu, une oro eskatu behar die gehiago uretan daukaten onena eman dezaten.

 

Hala ere, Zarauzko larunbateko estropadan ez zineten fin ibili. Aurkarien meritua ala zuen akatsa?

Kontuan izan behar da oso talde gaztea daukagula: urduritasun puntu horrek kalte egin zigun. Igandean gure maila eman genuen. Puntuak salbatzeko kapaz izan ginen larunbatean ere, baina, bigarren postua libratuta ere, gertu izan zen hirugarrena.​

Izan ere, aurten Arraun Lagunakek eta Oriok ez ezik, Donostiarrak ere bandera bat irabazi du. Hondarribia pare bat bider bigarren ere izan da.

Guztiok eman dugu maila oso ona. Hondarribiak ere maila ona eman du. Nire iritzia besterik ez da, baina, oraindik agian estropada bat irabazteko prest ez badago ere, salto oso ona eman du. Donostiarrak badakigu izen oso oneko fitxaketak egin dituela eta, beraz, aurrean egotea normala da; oso ondo jokatu zuten Lekeitioko estropadan eta gehiagotan ere aurrean ibili dira. Orio berriz, betiko legez, bere maila altu horretan ibili da. Hala, puntu guztiak dantzan ibili dira, emozioa mantentzeko.

Euskotren Liga zuekin duzue, eta elkarrizketa mordo bat ere eman dituzue. Irabazi ezean, inor ez al da gogoratzen?

Irabazten duzunean jende gehiago gogoratzen da zutaz, baina, bestelako kasuetan, gogoratu behar den hori bai gogoratzen da: zaleak, familia... Horrekin nahikoa da.

Iaz bakartuta zeundetenean inor gutxi gerturatu zen zuengana...

Hala da, bai, baina izorratuta zaudenean hitz egin behar izatea ere ez da hobea. Aukeran, nahiago dut oraingo egoeran elkarrizketak eman eta jendearen deiei erantzutea. Askoz nahiago!

Espero dut, asko edo gutxi, Euskotren Liga hau ospatu ere egingo zenutela –Donostiako Udaletxeko harreraz gain–.

Pixka bat bai, baina zentratu gara dagoeneko falta denerako. Lasai ospatu dugu, ez dugulako hankarik sartu nahi orain. Egia da azken estropada amaitu zenean «akabo!» sentsazio bat izan genuela, lasaitu handi bat eta motxila hori gainetik kendu ahal izan genuen. Baina dagoeneko beste bat jarri dugu gainean.

Zarauzko estropada itsas zabalean egiten da. Baliagarri izan liteke Kontxara begira?

[Pentsakor] Baliagarri izan liteke, bai, baina estropada bakoitzak bere gakoak ditu. Ikusi egin behar estropada egunetan nolako eremua aurkitzen dugun.

Kontxako sailkapen estropadarainoko bidea nola planifikatu duzue?

Entrenamenduen frekuentzia berbera da. Astean egun bat daukagu libre, denboraldi guztian bezala. Momentuz, igandeko estropada prestatzen dihardugu. Gero, datorren astean ikusiko dugu zein plan dagoen, oraindik ez dakigulako. Besterik gabe, astez aste goaz.

Nolako estropada eremua da Kontxakoa?

Disfrutatzeko modukoa, baina oso aldakorra; 2017an ia haitzen kontra jo genuenean hantxe geunden. Bestalde, eremua ezagutzen baduzu eta bertan jokatzen baldin badakizu, edo asmatzen baduzu, disfrutatuko duzu. Olatuak normalean oso garbi datoz eta erraz hartzen dira.

«Burbuila txikiak sortu ditugu gure artean. Iazkoa eta gero ez dugu inolaz ere nahi beste konfinamendurik!»

Iazko denboralditik zertan hobetu duzue?

Ez dugu konfinatu beharrik izan! Fitxaketa onak egin ditugu, Eli Pescadorrena esaterako, baina oro har talde gaztea gara, beti elkarrekin gaude eta beti elkar laguntzen dugu, eta, batez ere, psikologikoki iaz baino indartsuago gaude. Nik uste salto bat eman dugula, baina psikologikoki batez ere. Iaz ere talde indartsua geneukan, baina, behin bi konfinamendu pasata, buruak ezin zuen gehiago. Kontxan maila ona eman genuen, baina oso gogorra izan zen.

«Kontuz aritzea» al da gakoa?

Beste modu batera antolatu ahal izan dugu. Adibidez, batera eta bestera kotxez joateko, kotxe bakoitzean beti kide berberak joaten gara. Burbuila txikiak sortu ditugu. Hoteletan eta jantokietan, berdin. Antolakuntzak asko lagundu digu. Ez dugu beste konfinamendu bat jasan nahi!

Kontxako Banderan, sailkatu egin behar da lehendabizi. Pentsatzen dut, hala ere, barruan ikusiko duzuela zuen burua...

Bai, baina dena da posible Kontxan. Sailkapen estropadan gure lana egingo dugu eta gure maila Sailkapen estropadan gure maila emanez gero, berez barruan egon beharko genuke. Baina segurutzat ezin da ezer jo.

«Guk irabaztea ez litzateke sorpresa izango, baina, aurten, irabazle bezala, hirugarren ere izan gara»

Izan ere, Donostiako taldea izan arren, parte hartzera derrigortuta zaudete. «Etxean arrotzak» zaretela kexatu zen zuen presidente Itziar Eguren.

Bai, guretzat ere Kontxa etxeko estropada da eta horrela defendatuko dugu. Hemen irabaztea beste amets bat egia bihurtzea izango litzateke. Handik aurrerakoa, taldearen zuzendaritzari dagokio; gure lana entrenatzea eta uretan irabazten saiatzea da.

Ildo horretan, sailkapen estropadan aritzea interesgarria da niretzat, urduritasun hori guztia gainetik kentzeko balio dizulako, estropada eremua ikusteko, aurkariak nola dauden gutxi gorabehera ezagutzeko...

Ametsa betetzeko kapaz ikusten duzue zuen burua?

Bai. Gauzak ongi egiten baditugu, lasai arraunean eginez, badakigu maila ona emango dugula. Aurten dena posible dela ikusi dugu; guk geuk irabaz dezakegu, Oriok, Donostiarra ere sartu liteke Kontxako borrokan... Guk irabaztea ez litzateke sorpresa izango, noski, baina, aurten, irabazle bezala, hirugarren ere izan gara.

Zertan izan zaitezkete aurkariak baino hobeak?

Ibaian eta ura bare izan denean erakutsi dugu gure maila, baita itsaso mugitua egon denean ere. Nire ustez, hala ere, gakoa alde psikologikoan dago. Arraunlariek patroiek esaten duten horretan sinetsi behar dute; talde bezala benetan sinetsi behar dugu Kontxa irabazteko gai garela. Hala bada, Kontxa ere irabazteko aukera izan dezakegu.