INFO

Iraila bukatu baino lehen galdu behar ez dituzun hamar erakusketa

Ikasturte berriaren hasierarekin, eskaintza berritu egin ohi dute museoek eta galeriek. Irailaren iritsierarekin azken hilabeteetan ikusgai egon diren erakusketa gomendagarri dezente desagertuko direnez, hona hemen galdu behar ez dituzun hamar proposamen.

Egurra, denboraren lekuko, Remigio Mendibururi buruzko Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketa apartan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Emakumeek sortutako lan berritzaile ugari, arte garaikiderik puntakoena, euskal artearen sustraiak jarri dituzten egileen lanak berrikusteko aukera... Eskaintza oparoa da garai pandemiko hauetan, eta, izaten ari garen eguraldi nahasi eta arraroarekin, ez al dugu tarte bat aterako erakusketaren bat ikusteko? Arte garaikideari gainbegirada bat emateko aukera izango dugu azken txanpan diren zenbait erakusketaren eskutik. Has dezagun ibilbidea.

1.- Ana Laura Alaezen kontzertuak

Belaunaldi baten adierazle –1960ko hamarkadako Euskal Herri nahasi, bortitz eta borrokatzailean jaiotako belaunaldia, hain zuzen ere–, gaur egun euskal arteak duen izenik interesgarrienen artean dago Ana Laura Alaez (Bilbo, 1964). Baita nazioartean oihartzun handiena dutenen artean ere. Alaezek feminismoa eta queer teoriak landu eta txertatu ditu bere lanean, eta, Alondegiak eskaini dion erakusketari esker, emakume apurtzaile honek azken 30 urteotan egindako ibilbidea bildu da “Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik” izenburupean. Irailaren 26ra arte egongo da zabalik erakusketa. Aldi berean, Bilboko Arte Ederren Museoko 32. aretoan, bere bideo sorkuntza bat dago ikusgai irailaren 5era arte: “Queer eramaileak: doblea eta errepikapena”. Eta Alondegira gerturatzen bazarete, ez galdu irailaren 19ra arte zabalik dauden instalazioak, esaterako, terrazan Jose Ramon Aisek  “Baso bidaiariak” izenburupean osatu duen “baso” antzekoa.

Ana Laura Alaezen lana. (Aritz LOIOLA/FOKU)


2.- Remigio Mendiburu eta denbora

Egurraren indarra, denboraren zantzuak, historiaren oihartzuna... Bilboko Arte Ederren Museoan irailaren 5era arte ikus daitekeen “Materia eta memoria” erakusketak merezi du denboraz bisitatzea, ondo barneratu ahal izateko. Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990) eskultorearen gaineko inoizko erakusketa handiena da. Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoko zuzendariordea den eta Mendibururen alaba batekin ezkonduta dagoen Juan Pablo Huercanosek komisariatutako erakusketa honi esker, gure kulturan uste baino eragin handiago izan zuen artistaren unibertsoan murgil gaitezke. Kritika bakarra egingo genioke erakusketari: prestatu duten katalogo zoragarria zergatik kaleratu dute gaztelaniaz soilik? Bestalde, data berdinean, irailaren 5ean hain zuzen ere, itxiko dituzte museoko beste hainbat erakusketa ere, esaterako Luis Paretenen ingurukoa, Jose Ramon Prietoren bildumari eskainitakoa –soilik emakumeen lanak erosten ditu bildumagile horrek– eta Antoni Muntadasek museorako espresuki landu duen Bilbori buruzko  “Hiri hutsa” proiektu zinez berezia.  

3.- Mikel Laboa, abiapuntu

Mikel Laboaren (1934-2008) “Lekeitioak” lana du abiapuntu “Komunikazio-inkomunikazio” erakusketak, Donostiako Tabakalera kultur zentroak moldatutako proposamen bitxia. Folklorearen, herri kulturaren eta arte esperimentalaren arteko loturari buruzko hausnarketa abiapuntu hartuta, Asier Mendizabal, Kimia Kamvari & Nader Koochaki, Amaia Urra, Maria Salgado & Fran MM Cabeza de Vaca eta Zbyněk Baladrán artisten sorkuntza berriak aurkezten ditu, beste artista batzuen lan historikoekin batera: Mendiburu, Vicente Ameztoy, Goya, Jose Luis Zumeta eta Joxean Artze. Abuztuaren 28an musika emanaldi bat ere izango da, Jad Atoui musikagilearekin eta Oreka TX taldearekin. Hurrengo egunean, hilak 29an, itxiko ditu ateak erakusketak.

4.- Amondarainen unibertsoa

Donostiako Kursaaleko Kubo Kutxaren udako erakusketa nagusia donostiar bati eskaini diote aurten. Jose Ramon Amondarainen lehenengo atzera begirakoa da, eta, bertan, bere azken 30 urteetako lana bildu dute 200 bat piezari esker. Irailaren 26ra arte dago zabalik. Margolari kontzeptual bezala egin da ezagun batik bat Amondarain, baina, atzera begirako erakusketa honetarako, bitxia bada ere, eskulturak aukeratu ditu batik bat. Agian, hori bera aldarrikatu nahi izan duelako, bere gainerako lanekin lotzeko. Amondarainek berak, Francisco Javier San Martin komisarioarekin batera, prestatu duen erakusketa honi “Irudiak astintzea” izenburua jarri diote.

5.- Zigor eta mitologia

Abuztuaren 29ra arte, “Egu iturria” izeneko erakusketa du zabalik Biarrizko Bellevue jauregi ederrean Zigor eskultoreak, hau da, Kepa Akixo artistak. Aretxabaletakoa jaiotzez, Biarritzen bizi da aspaldi. Fotokazetari lanetan ari zenean, Remigio Mendibururen estudioan eskulturarekin topo egin zuen eta, harrezkero, artearen munduan ari da nabigatzen. Mitologiari buruzko irakurketa poetiko eta plastiko bezala definitu du Zigorrek berak eskulturekin eta margoekin prestaturiko lagina.

6.- Corto Maltese Baionan dago

Hugo Pratt (1927-1995) egilearen pertsonaiarik ospetsuena Corto Maltese da, Veneziako abenturazale misteriotsua, alegia. Komikiak maite dituztenentzat, klasiko bat. Bada, komikizaleek derrigor joan beharra dute Baionako Didam museora irailaren 19a baino lehen, bertan baitaude ikusgai Hugo Pratten 121 lan original. Horrez gain, hainbat testu eta argazkiz osatu dute egile italiar handiari eskainitako erakusketa. Didam museoa Santizpirita auzoan dago, art-déco estiloko eraikin eder batean, eta hauxe da komikiari eskaini dion lehen erakusketa, gehienetan argazkilaritzako lanak erakusten baititu.

7.- Ines Medina eta psikoanalisia

Metodologia psikoanalitikoa artearekin uztartu du Ines Medina bilbotar margolariak Montehermoson. Gasteizko Alde Zaharreko ur biltegian, irailaren 5era arte, ikusgai dagoen erakusketak izen luzea du oso –“Desberdintasunaren eta genero-indarkeriaren gaineko ikerketa-prozesu psikoanalitiko plastikoa”–, emakume honen ibilbidea bezain luzea: 40 bat urte. Halere, lehen aldiz erakutsi du Medinak bere obra banakako erakusketa batean. Diotenez, metodologia psikoanalitiko plastiko sakon batetik abiatutako sorkuntza lanari esker, arteak ezagutza bide gisa duen balioa ulertzeko aukera dago. Bada, ideia horretatik abiatuta, gai benetan premiazko bat –alegia, gure munduan desoreka sozialari eta genero-indarkeriari eusten laguntzen dieten egiturak– esperimentatu, sentitu eta aztertu ditu.

8.- Katinka Bock, balea artean

Parisen bizi den Katinka Bock artista alemanari Estatuan egiten zaion lehen erakusketa da “Logbook (gonbidapenak eta ibilbideak)”, irailaren 12ra arte Gasteizko Artium museoan ikusgai dagoena. Oso berezia da, gainera, Katinka Bockek Euskal Herrira egindako hiru bidaiatik sortu baita erakusketa. Lehen bidaian, 2020an, itxialdiak bete-betean harrapatu zuen. Bigarrenean, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria ezagutu eta Selma Huxley (1927-2020) historialari ingelesaren lanarekin egin zuen topo. Huxley Ternuara joaten ziren euskal baleontziei buruzko ikerketa garrantzitsuenen egilea da. Hirugarren bidaian, 2021eko urtarrilean, zetazeo baten “bila” abiatu zen museoan. Barne bidaia horren emaitza Artiumen duzu zain.    

9.- Sanferminekin bueltaka

San Fermin jaien beharra hain da handia, Iruñeko Ziudadela sanferminei buruzko erakusketa gune bilakatu dela udan. Lau erakusketa prestatu dituzte, irailaren 2ra arte ikusgai egongo direnak. Mistoen eraikinean, “Imajinatutako sanferminak” proposamenean, 50 artista baino gehiagok festen inguruko hausnarketa egiten dute. Kartelez osatuta dago Bolborategiko erakusketa (“2020-2021. Dantzatu ez genuen urteak. Ospatu ezin izan zen festa baterako kartelak!”), ikus-entzunezko instalazio bat osatu dute Labean (“Begiradak… Irudipenak… Zirrarak…”), eta, azkenik, Arma Aretoko lehen solairuan, “Egurra tristurari. Parerik gabeko festa baten oroigarriak” izenpean, udal ondarearen arte garaikideko bilduman gordetako sanferminei buruzko pieza esanguratsuak bildu dituzte.  

Sanferminei buruzko erakusketa. (Endika PORTILLO/FOKU)

10.- Urte eroak badoaz

Antzerkitik asko du Bilboko Guggenheim museoan irailaren 19ra arte bisita daitekeen “Urte eroak, 1920ko hamarkada” erakusketak, agian Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa, Calixto Bieito, arduratu delako eszenografiaz. Kunsthaus Zürich museoarekin batera antolatutako erakusketak museoaren bigarren solairu osoa hartzen du. Handia da, ikusgarria, dibertigarria, freskoa. Baita jolasari bidea zabaltzen dion horietakoa ere. Ez zarete aspertuko. Berlin, Paris, Viena eta Zurichen barrena egindako ibilbidean, 1920ko hamarkadaren klabeak eskaini nahi izan dituzte 300 bat artelanen bitartez. Bide batez, Guggenheimera gerturatuz gero, ez ezazue galdu “Bilbo eta pintura” erakusketa, abuztuaren 29an ateak itxiko dituena.