INFO

Hego Euskal Herrian aurreko ikasturteko covidaren kontrako neurri nagusiak mantenduko dira

Lakuako Hezkuntza Sailak ez du oraindik covid-19aren kontrako proposamen definitiboa landu: «Pandemiaren bilakaerak lagunduko digu protokolo bat edo bestea definitzen». Iazko ikasturte amaierako neurriei eutsiko diete: maskara, distantzia, aireztapena eta talde egonkorrak.

Maskara, distantziak eta talde egonkorrak izango dira, aurten ere, covid-19aren aurka ikasgeletan erabiliko diren neurriak. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntzako sailburuak adierazi du EAEn irailean ikasgeletara itzultzeko aurreikusten den covid-19aren aurkako protokoloa «aurreko ikasturtean indarrean egon zenaren oso antzekoa» izango dela, maskarekin, burbuila-taldeekin, aireztapenarekin pertsonen arteko distantziako talde egonkorrekin.

Asteazken honetan Madrilgo Gobernuak, Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa buru, Estatuko erkidego guztietako hezkuntza sailburuekin egindako bileran parte hartu du Bildarratzek. Bilera horretan, erkidegoek adostu dute maskara derrigorrezkoa izango dela ikastetxe guztietan 6 urtetik gorako ikasleentzako eta pertsonen arteko distantzia 1,2 metrora murrizteko aukera aztertu dute.

Bestalde, Pilar Alegriak nabarmendu du datorren ikasturtean «ahalik eta presentzialtasun handiena» bilatuko dutela «maila guztietan».

Horretarako, ministroak adierazi duenez, txertaketa-estrategia izango da giltzarria. Alde horretatik, Alegriak gogorarazi du autonomia-erkidego guztiak 12 urtetik gorakoei txertoa jartzen ari direla, eta irakasleen %100ek pauta osoa hartu dutela. Asteazken honetan bertan, Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 12 eta 17 urte bitarteko gazteen %61,7k du txertoaren lehen dosia, eta %16k baino gehiagok pauta osoa hartu du.

Proposamenak «gehixeago» doitzeko

Bileraren ostean komunikabideei egindako adierazpenetan, Bildarratz sailburuak azaldu du joan den ekainean bere sailak protokolo orokorraren proposamena egin zuela 2021/2022 ikasturterako. Proposamen horretan zehaztu zen zein neurri hartu behar ziren covid-19aren aurrean, aurrez aurreko hezkuntza-jardueraren garapena bermatzeko.

Bildarratzek gaineratu du dokumentu hori egiterakoan «zuhurtzia» lehenetsi zuela, eta irizpide hori bera mantendu behar dela orain, birusak oraindik aktibo jarraitzen duelako.

Protokolo horretan, aurreko ikasturtean izan ziren kontrol-neurri nagusiak jaso dira, hala nola maskararen nahitaezkotasuna Haur Hezkuntzan izan ezik; Lehen eta Bigarren Hezkuntzan elkarbizitza-talde egonkorrak, pertsonen arteko distantziak eta aireztapena.

Dena den, kurtso hasierarako bi aste eskas falta direnean, Bildarratzek onartu du Osasun Sailarekin lanean ari direla neurri horiek ikastetxeetara bidali aurretik «gehixeago» doitzeko. «Pandemiaren bilakaerak lagunduko digu protokolo bat edo bestea definitzen», esan du sailburuak.

Nafarroan: iazko protokoloa berrikuntza batzuekin

Carlos Gimeno sailburu nafarrak gogorarazi du, bere aldetik, maiatzetik Nafarroako hezkuntza komunitateak Hezkuntza Jarduera Presentziala Garatzeko Prebentzio eta Antolaketa Protokoloa prest duela datorren ikasturterako. EAEk egin gisara, nabarmendu du protokolo horrek 2020-2021 ikasturtean jada aplikatu ziren prebentzio-, garbiketa- eta higiene-neurri guztiak biltzen dituela.Nafarroaren kasuan, baina, pandemiaren bilakaerak ez du protokoloaren nolakotasuna aldatuko.

Hala ere, sailburuak aurreko protokoloan egindako aldaketa batzuen berri eman du. Aldaketa horiek hezkuntza-komunitateko eragileek eskatuta sartu dira, hala nola, patioan objektuak partekatzeko aukera edo Haur Hezkuntzako ikasleei patioan maskararik ez eramateko aukera ematea.

Gogoratu du, bestalde, 12 eta 19 urte bitarteko gazte nafarren %17,9 inguruk duela txertoaren pauta osoa, eta horietatik %65,5ek gutxienez dosi bat jaso duela.