INFO

Afganiarren exodoa aireportutik haratago: Pakistan helmuga dutenen «aurrekaririk gabeko» oldea

Pakistango iturriek azpimarratu dutenez, «aurrekaririk ez duen» afganiar kopuru bat muga pasabide ofizialetatik zeharkatzen ari da. Kabulgo aireportuko sarraskiak are herritar gehiago bultzatu ditu ihes egitera.

Afganistango herritarrak Chamanen, Pakistango mugan. (AFP)

Errefuxiantuentzako NBEren Agentzia (UNHCR, ingelesez) Afganistanen gerta daitezkeen egoera desberdinak aztertzen ari da, hilaren 31n nazioarteko indarrek herrialdea utzi eta airez egiten ari diren ebakuazioak amaitzen direnean. Afganiarren exodoa areagotu daitekeela uste dute.

Aurreikuspen negatiboenetako baten arabera, milioi erdi afganiarrek ihes egingo lukete, batez ere inguruko herrialdeetara, nahiz eta oraingoz mugetako pasabideen egoera kontrolpean dagoen.

«Egoera aldakorra da. Hainbat aukera aztertzen ari gara eta kontingentzia-plan bat prestatzen ari gara», adierazi du UNHCRko bigarrena den Kelly Clementsek Genevan emandako prentsaurrekoan.

Ofizialki Spin Boldako eta Khyberreko pasabideak merkantzietarako eta paperak behar bezala dituztenentzako bakarrik irekita dauden arren, Pakistango funtzionario baten arabera «azken bi egunetan Afganistango hainbat probintziatatik sartzen ari diren afganiar errefuxiatuen kopuruak inoiz ez bezalako gorakada izan du».

Hori guztia, gainera, Pakistango Gobernuak afganiar gehiago onartuko ez zituela esan zuen arren. 

Ofizialki Spin Boldako eta Khyberreko pasabideak merkantzietarako eta paperak behar bezala dituztenentzako bakarrik irekita dauden arren, Pakistango funtzionario baten arabera «azken bi egunetan Afganistango hainbat probintziatatik sartzen ari diren afganiar errefuxiatuen kopuruak inoiz ez bezalako gorakada izan du».

Hildako bat

Azken orduotan, gainera, gutxienez afganiar bat hil eta beste hiru zauritu dituzte Pakistango segurtasun indarrek Torkhameko muga modu irregularrean zeharkatzen saiatzen ari zirela.

Clementsen arabera, Irango mugan ez da aldaketa handirik egon azken bi asteotan. «Eskualdean ez ezik, mundu osoan ere gobernuek mugak zabalik mantenduko dituzten itxaropena dugu, babesa bilatzen duten pertsonek ere mugak zabalik izan ditzaten», adierazi du UNHCRko arduradunak.

Gaur egun, 2,3 milioi afganiar daude munduan errefuxiatuta, eta horietatik %90 Pakistanen eta Iranen daude.

NBEko agentziak azaldu duenez, Afganistango errefuxiatuak hartzen dituzten inguruko herrialdeei (Tajikistan, Turkmenistan eta Uzbekistan) babesa eman ahal izateko nazioarteko dohaintzak ezinbestekoak dira.